1936ko udazkenean frankistek egindako krimen haiek gogoratzeko eta "ahaztutako pertsona haien guztien oroitzapena eta duintasuna berreskuratzeko" ekitaldi berezia antolatu du Hernaniko Udalak igande honetan. Hilerrian hildako beste hamahiru pertsona identifikatu dituzte azken urteetan.
Hernaniko hilerriko hormaren kontra 200 lagun inguru fusilatu zituzten frankistek 1936ko udazkenean, inolako epaiketarik egin gabe, eta hobi komun batean lurperatu eta desagerrarazi zituzten. 90 urte geroago, hildako horiek guztiak oroituko dituzte berriz ere, igande honetan eguerdiko 12:00etan Hernaniko Udalak antolatutako ekitaldian.
"Pertsona horien guztien memoria bizirik mantentzea dagokigu", adierazi du Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak ekitaldiaren aurkezpenean. Azaldu dutenez, ohi bezala, une hunkigarria izatea espero dute, ordezkari politikoez gain, fusilatuen senideak ere bertan izango baitira. Musikaz gain, gertatu zenaren inguruko azalpenak eta lore-eskaintza ere egingo dituzte, Carlos Lopez de Ceballos artistaren Argi-horma eskultura ondoan.
Hernaniko hilerriko kasua berezia da, Gipuzkoan frankistek egindako sarraski handienetako bat baita. 1936ko iraila eta azaroa artean, lurralde osoko pertsonak eraman zituzten hara Ondarretako kartzelatik, "aske" zeudela esanez, gauez fusilatuak izateko
"Frankismoaren errepresioa sufritu zuten ahaztutako pertsona haien guztien oroitzapena eta duintasuna berreskuratzeko, egia osoa ezagutzen ez dugulako, justizia eta erreparazioa egin ez zaielako, azken batean, zor hori kitatu beharra dagoelako, antolatzen du Hernaniko Udalak ekitaldi hau", esan du Lertxundik.
Hamahiru pertsona gehiago identifikatuta
Udalak jakinarazi du hilerrian hildako beste hamahiru pertsona identifikatzea lortu dutela azken urteetan, eta eskulturan dagoen plaka berritu dutela horiek gehitzeko. Gaur egun 151 lagunen izenak daude idatzita; hilerrian hildakoez gain, 1936ko Gerran frankistek hildako hernaniarrenak ere daude plakan.
Hernaniko hilerriko kasua berezia da, Gipuzkoan frankistek egindako sarraski handienetako bat baita. 1936ko iraila eta azaroa artean, lurralde osoko pertsonak eraman zituzten hara Ondarretako kartzelatik, "aske" zeudela esanda, gauez fusilatuak izateko. Ideia politiko askotako jendea hil zuten, besteak beste Jose Ariztimuño Aitzol apaiz euskaltzalea, Galerna ontzian errepublikarren aldera Bilbora itzultzen ari zela harrapatu zutenean.