Drone batek modu autonomoan eraso egin die gizakiei lehen aldiz

  • 2020an gertatu zen Libian, baina Nazio Batuen Erakundeak martxoaren 8ko txosten batean zabaldu du gertaeraren gaineko informazioa.

     


2021eko ekainaren 02an - 13:04
Drone bat hegan (Argazkia: Shutterstock)

Drone batek Libiako talde armatu bati tiro egin dio, gizakiaren agindurik jaso gabe, modu autonomoan, historian lehen aldiz. Jazoera 2020an gertatu bazen ere, Libiako gerra ikertzeko aditu talde batek Segurtasun Kontseiluari martxoaren 8an igorri dio informazioa. Txostenean aipatzen den bezala, Turkiako Armadak antolatutako erasoaldi batean erabili zen teknologia hori, Khalifa Haftar Libia ekialdeko buruzgi militarraren tropen aurka. Haftarreko indarrak atzera egiten zebiltzala, STM Kargu-2 modeloko droneek “logistika konboiak ehizatu eta tirokatu egin zituzten”.

Lehen aldia da drone batek agindurik gabe gizakiei eraso egiten diela, nahiz eta nazioarteko erakundeek ez duten argitu hildakorik edo zauriturik egon ote den. Nazio Batuen Erakundearen txostenean, STM enpresa turkiarraren Kargu-2 modeloko droneak aipatzen dira erasoaren erantzuletzat. Fabrikatzailearen arabera, teknologia hori Turkiako Armadaren inbentarioan bilduta dago, eta “guneko mehatxuak antzeman eta deuseztatzeko” erabiltzen da, terroristen aurkako operazioetan.  

Kargu-2 modelokoak zazpi kilogramoko aparatuak dira, ordu erdiz 145km/h-ko abiduran egin dezaketenak hegan. Mota horretako beste droneek bezala, adimen artifiziala (AI) erabiltzen dute jarduteko: irudiak aztertuz, erasotu behar dituzten jomugak aukeratzen dituzte, eta haien aurka jaurtigailuak bota. 

Debeku ezak

Nazio Batuen Erakundea 2013tik ari da teknologia hori erabiltzen duten armen erabilera debekatzeko ahaleginetan. Bestalde, 2015ean, AIn adituak diren mila adituk ere -Elon Musk eta Stephen Hawkin kasu- robot mota horiek debekatzea eskatzeko gutuna sinatu zuten. Oraindik, ez da ezer lortu.

 


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude