Dozenaka mila lagunek aldarrikatu dute Bilbon preso, iheslari eta deportatuen egoera behin betiko konpontzea

  • Ezin da gehiago luzatu lelopean eta Sare Herritarrak deituta, aurten ere Bilboko kaleak bete dituzte herritarrek. Konponbidearen aldeko borroka “azken txanpan” dagoela adierazi du Sarek amaierako ekitaldian, baina ez dela amaitu gogorarazi, eta ez etsitzera deitu dute. “Iraganeko belaunaldiei zor diegu, baina, batez ere, etorkizuneko belaunaldiei”.

Sare Herritarra

2026ko urtarrilaren 10ean - 22:15
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Arratsaldeko 17:00ak pasatxo irten da manifestazioaren burua Casillatik. Joaldunek eta buruhandiek ireki dute martxa, ikur handia zabaldu dute haien atzetik, eta pankarta nagusia ondoren. Pankarta nagusia eraman dute Amaiur Iragi senideak, Rosa Rodero ETAren biktimak, Ixone Fernandez Espainiako Estatuaren biktimak, Eva Ferreira Harrera elkarteko presidenteak, Arantxi Padilla kazetariak, Olatz Iglesias psikologoa, Fuad Baker legelari palestinarrak, Garazi Hach Embarek ekintzaile sahararrak, Francis Diez Doctor Deseo taldeko abeslariak, Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak eta Xabier Amuriza, Xabat Illarregi eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolariek.

Pankarta nagusiaren atzean egin dute ibilbidea manifestazioari atxikimendua eman dioten eragileetako ordezkariek eta zenbait pertsona ezagunek, eta jarraian kokatuta zeuden preso, iheslari eta deportatuen senideak. Atzetik, jende uholdea. Naiz hedabideak herritar kopuruaren neurketa egiten du urtez urte, eta aurten 65.000ko zifra eman du, azken hiru urteren antzera. Gaurko egunean, 123 euskal preso politiko daude Euskal Herrian, eta hiru Frantzian; hamalau iheslari eta hiru deportatu ere badaude munduan zehar.

Eguraldia lagun izan gabe, milaka pertsonaren manifestazioa udaletxearen aurrean amaitu da. Lehenik bertsotan aritu dira Xabat Illarregi, Nafarroako bertsolari txapelduna, eta Aitor Etxebarriazarraga, Bizkaikoa. Pantxoa Karrerek eta Olaia Inziartek "Azken dantza" kantua abestu dute, eta amaitzeko, Joseba Azkarraga eta Bego Atxa Sareko bozeramaileek Ezin da gehiago luzatu adierazpena irakurri dute.

“Ezin da egoera hau luzatu, konponbidea behar du, orain. Giza eskubideen urraketaz ari gara; bidegabekeriei eta salbuespen legeei bukaera emateaz; eta elkarbizitza josteaz, gure pluraltasuna onartuta”, izan dira Azkarraga eta Atxaren lehen hitzak. Urtez urte, lortutako eskubideen zerrenda luzeagoa dela ziurtatu dute, 2014an sortu zenean Sarek bere buruari jarritako helburuak lortzeko “azken txanpan” dagoela euskal jendartea, baina prozesua ez dagoela burutua.

Baikor azaldu dira, edonola ere: “Giza eskubideak denon artean aldarrikatzea da hamarkadetan izan ditugun konfrontazioa eta sufrimendua bukatzeko bide bakarra. Euskal gizartearen konpromisoak posible egingo ditu konponbidea, bakea eta elkarbizitza”.

"Denon beharra, batzuk soberan"

Gizarte justuago bat eraikitzera deitu du Sarek, eskubideen errespetuan oinarritutakoa. “Helburu horretan ez dago inor soberan”, adierazi dute. “Edo beharbada bai”, egin dute ñabardura, soberan dauden horiek zerrendatzeko jarraian: “Soberan daude tematzen direnak biktimen mina eta sufrimendua interes alderdikoien alde erabiltzen (...) espetxeko eskubideen urraketa mantentzen tematzen direnak (...) besteei autokritika eskatu bai, baina beren buruaren autokritika egiteari uko egiten diotenak (...) beren estrategia mendekuan eta gorrotoan oinarritzen dutenak”.

Salbuespen politika amaitzea exijitu dute, azpimarratu dute 2011tik euskal presoek “bakearen eta elkarbizitzaren alde” konpromiso gehiago hartu dituztela “Espainiako eskuin politikoak eta judizialak biek batera baino”, eta “azken presoa etxera itzuli arte” haien eskubideak aldarrikatzen jarraituko dutela ziurtatu. “Bai, presoak etxera”, errepikatu dute hainbat aldiz. Gogoan izan dituzte errepidean hildako hamasei senideak eta espetxean hildako 35 presoak.

"Ez etsi"

Eskubide urraketa, biktima eta sufrimendu guztien aitortza exijitu dute Sareko bozeramaileek. “Hori dela eta, aitortza bera exijitzen dugu torturatuentzat, milaka baitira; segurtasun indarrek eraildakoentzat; indarkeria guztien biktimentzat; eta bai, halaber, euskal presoen eta haien senideen gorputzak eta arimak puskatzeko diseinatu zen espetxe politikaren biktimentzat”.

Adierazpenaren amaieran errepikatu egin dute bidearen “azken txanpan” dagoela Euskal Herria, baina “prozesu luze eta neketsua” izaten ari dela. Horren aurrean, lanean jarraitzeko beharrean berretsi dira: “Uneren batean sentitzen badugu nekatzen garela, ikas dezagun atseden hartzen, baina sekula ez etsitzen. Iraganeko belaunaldiei zor diegu, baina, batez ere, etorkizuneko belaunaldiei, guk jaso genuena baino gizarte hobea izan dezaten”.


Euskal preso politikoak kanalean gehiago
2025eko abenduaren 10
‘Ekaitz in da house’-etik ‘All in da house’-era
10 urte murruen aurka eta euskaratik estilo librean errimatzen

Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin