Bilbon eta Iruñean egindako agerraldietan, Euskal Herriko dozenaka eragilek 1.500 euroko gutxieneko soldataren aldeko greba orokorrarekin bat egiteko manifestua irakurri dute. "Herri eta auzoetako greba batzordeetan" parte hartzera deitu dituzte langile eta herritar guztiak: "Borroka hau irabaztera goaz. Martxoaren 17an dena gelditzeko deialdia egiten dugu. Lan guztiak desnormalizatzera deitzen dugu".
Dozenaka eragilek sinatu dute jadanik martxoaren 17ko greba orokorrarekin bat egiteko manifestua. Asteazkenean Bilboko La Bolsan eta Iruñeko Kondestable aretoan agerraldia egin dute manifestua plazaratzeko, hala nola langile zein herritar oro grebara deitzeko.
Sinadura eman duten eragile sozialen artean dira Euskal Herriko Emakume Pentsiodunen Plataforma, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea, Euskal Herrian Euskaraz, Ikama ikasle antolakundea, Bilgune Feminista, Jauzi Ekosoziala, Irungo Harrera Sarea, Malen Etxea, baita etxeko langileen hainbat elkarte ere, beste askoren artean.
"Patronala eta agintari politikoak eskutik helduta doaz, aberastasuna modu justuan banatzeko edozein neurri blokeatzeko asmoz", diote publiko egindako testuan. Nabarmendu dute ez direla "garai errazak" sektore prekarizatuentzako, mundu mailako krisi multi-sistemikoak eraginda arrakala sozialak handitzen eta joera "autoritario eta faxistak" hedatzen ari direla ohartarazi dute.
Greba orokorra eta 1.500 euroko gutxieneko soldataren aldarrikapena egoera horri erantzuteko bide bat da, euren ustez: "Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa izatea bertan lan egiten dugun eta bizi garen pertsona guztientzako onura dakarren aldarrikapena da", azaldu dute agerraldian.
Pedagogia eta politizazio lana
Datozen egun eta asteetan "auzo eta herrietako greba batzordeetan" parte hartzeko konpromisoa hartu dute sinatzaileek: "Greba honen aldeko pedagogia eta politizazio lana egingo dugu, langileei, eta oro har herritarrei, deialdiaren arrazoiak azalduz eta deialdiarekin bat egin dezaten", adierazi dute: "Hobetu ditzagun soldatak aberastasuna banatzeko!", dio testuak amaieran.
ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek deituriko greba orokorra babestu eta eragileen manifestuari atxikimendua emateko webgunea prestatu dute.