Hogei urte baino gehiago daramatza M. L. U. M.-k, Marilu izenez ezagunak, Nafarroa eguneko zentrora joaten. Harekin lan egiten duten profesionalek ohartarazi dute aldaketak ondorio emozional eta kognitibo larriak eragin diezazkiokeela.
Zornotzan (Bizkaia) dagoen Nafarroa eguneko zentroa Mariluren “bigarren etxea” da. Bertan dauka bere harreman sarearen zati handiena. Hirurogeita sei urte ditu, Down sindromea eta hirugarren graduko dependentzia. Horregatik, hogei urte baino gehiago daramatza zentro horretara joaten. Familiaren abokatuak, Elena Hernandez Perezek, eta bozeramaile eta lagunak, Borja Arrizabalaga Barrenak, salatu dute Bizkaiko Diputazioak eguneko zentroz aldatzera behartu duela. Desgaitasuna duten pertsonentzako zentro espezializatu horretatik adinekoentzako eguneko zentro batera joatera bultzatu dute.
Urtarrilaren 21ean jaso zuen familiak zentro aldaketaren lehen abisua. Bertan jakinarazi zieten adinagatik zentrotik irten behar zuela. Ordutik, bai familia bai profesionalak neurriaren aurka agertu dira. Hala ere, Bizkaiko Diputazioak ez du atzera egin. Dependentziari lotutako araudiak ez du adina baliabideak esleitzeko irizpidetzat hartzen; aitzitik, pertsona bakoitzaren beharretara hobekien egokitzen den zerbitzua lehenesten da. Hernandezen arabera, administrazioak adina baino ez du hartu kontuan, eta albo batera utzi ditu profesionalen oharrak eta Mariluren beharrak: “Adinarena ahoz soilik adierazi digute, inoiz ez idatziz. Gainera, ez dituzte kontuan hartu aldaketaren aurka dauden profesionalen txostenak”.
Familiaren arabera, egokiena orain arteko zentroan jarraitzea da, eta ez dute zentzuzkotzat jotzen aldaketa. Mariluren beharrak adinari baino gehiago desgaitasun intelektualari lotuta daudela azpimarratu dute. Orain arte egon den zentroan hainbat espezialitatetako profesionalak daude, hala nola psikologoak, pedagogoak eta gizarte integratzaileak. Horrez gain, erabiltzaileen autonomia lantzen dute. Gainera, Mariluk lagun ugari ditu bertan. Arrizabalagak nabarmendu du errutina aldaketak ondorio emozional eta psikologiko “larriak” izan ditzakeela. Zentroko profesionalek ere iritzi bera dute. “Ezagutzen duenak badaki ez dagoela ondo. Apalago dago, estereotipia gehiago egiten ditu eta ez du ulertzen zer gertatzen ari den. Bere bigarren etxetik eta familiatik botatzea da. Horrelako hausturek antsietatea eta depresioa eragiten dituzte”, adierazi du bozeramaileak. Behin eta berriz galdetzen du noiz ikusiko duen bere erreferentziazko edo gustukoen duen langilea.
Gainera, familiak uste du adinekoentzako zentrora joanez gero orain arte garatutako gaitasunak galdu ditzakeela. “Zenbat eta denbora gehiago igaro, orduan eta handiagoak izango dira arriskuak. Ez badago egunero zentroko pertsonekin, lagun eta harreman horiek ahazten joango da. Nahiz eta berriz sartzea lortu, atzera bueltarik ez duten kalteak egongo dira”, nabarmendu du Hernandezek. Zentro batetik bestera aldatzeko prozesuak ere “asko desorekatu” dezake Marilu. Gainera, adinekoentzako zentrora joanez gero, familiak uste du zailagoa izango dela lehen zegoen lekura itzultzea.
“Zenbaki hutsak balira bezala tratatzen dituzte”
Indarkeria instituzionala
Otsailaren 19an Diputazioak ofizialki amaitutzat eman zuen Mariluk zentroan zuen plaza. Lau egun geroago, otsailaren 23an, familiak aurrez aurreko bilera izan zuen administrazioko arduradunekin. Bertan azaldu zuten zentroko profesionalek ez zutela gomendatzen lekualdatzea, Mariluren egonkortasuna “arrisku larrian” zegoelako. Hala ere, egun berean entregatu zieten Foru Agindua. Egoeraren aurrean, otsailaren 24an familiak kautelazko etete-neurria eskatu zuen. Eskaera martxoaren 2an ukatu zuten, eta horren ondorioz Mariluk zentroa utzi behar izan zuen. Martxoaren 23an, familiak berraztertze-errekurtsoa aurkeztu zuen. Legeak hilabeteko epea ezartzen duen arren mota horretako errekurtsoak ebazteko, familiak salatu du Diputazioak oraindik ez duela inolako erantzunik eman, eta gainera, jakinarazi dietela “lan-karga” dela-eta ebazpena urtebetera arte atzeratu daitekeela.
Nahiz eta Diputazioak lanez gainezka daudela argudiatzen duen, Aldundiak desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza-zentro eta eguneko zentroetarako sarbidea arautzen duen 2026ko apirilaren 1eko 29/2026 Foru Dekretua onartu du. Bertan zehazten da adina irizpidetzat hartuko dela. Familiaren bozeramailea kritiko agertu da neurri horrekin: “Esaten dute lan-karga handia dutela, baina gero denbora dute dekretu berri bat egiteko”.
Lehengo eguneko zentroa eta zentro berria eraikin berean daude. Hala ere, Hernandezek argi utzi du ez dutela elkarren arteko loturarik: “Solairu desberdinetan daude, eta zentro bakoitza autonomoa da. Profesional eta jarduera desberdinak dituzte. Gainera, desgaitasuna duten pertsonentzako zentroan gutxi gorabehera autonomoak diren taldeetan funtzionatzen dute, eta Mariluk hainbat taldetan ditu lagunak. Horregatik, batean zein bestean aritzen da. Eraikin berean egon arren, ezin dute euren artean harremanik izan”.
Mariluren kasua adibide bat baino ez dela diote senideek, baina familiaren ustez auzia “egiturazkoa” eta “zentzugabea” da, eta “indarkeria instituzionalaren” adibidea: “Zenbaki hutsak balira bezala tratatzen dituzte”.