Donostian turismoa ez da jaitsi, egonkortu eta elitizatu baizik

  • EUSTATek urtarrilean argitaratutako turismoaren inguruko 2025eko datuak oinarri hartuta, hedabide gehienek egin dutenaren bestelako interpretazioa bat du desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataformak. Denbora tarte eta ikuspegi zabalago batetik abiatuta, adierazi dute gainturismoa egonkortu eta normalizatu egin dela eta prozesu elitista bilakatu dela Donostia. Nabarmendu dute garrantzitsua dela kontuan izatea hiria nola antolatzen den eta norentzat egiten den.


2026ko urtarrilaren 29an - 15:13
Azken eguneraketa: 2026-01-30 09:16
Igoera nabarmena egin dute azken urteetan hiru izarretik gorako hotelek. Argazkian, kaian dagoen Lasala plaza hotela.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

EUSTATek urtarrilean argitaratutako turismoaren inguruko 2025eko datuak oinarri izanda, BiziLagunEkin desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataformak salatu du Donostiako turismoak elitizazio prozesua bizi duela, zenbait hedabidek turismoak “beherantz joerara” nabarmendu duten bitartean.

Lehenik eta behin, adierazi dute gainturismoa ez dela desagertu, baizik eta egonkortu eta normalizatu egin dela. Nahiz eta azken urteetako datuek erakutsi duten Donostiako hoteletako sarrerek %1 inguru egin dutela behera, denboraren ikuspegi zabalago batetik begiratuta, hamarkada batean %76 baino gehiago hazi dira. Hiru izar eta gehiagoko hoteletan hazkundea %90koa izan da.

Bigarrenik, berretsi dute elitizazio prozesuan dagoela murgilduta Gipuzkoako hiriburua. Azken hamarkadan Espainiako Estatutik kanpoko atzerritarren sarrerak %120tik gora hazi dira. “Balio erantsi handiagoko eskaintza, prezio altuagoak eta kontsumo-ahalmen handiagoko bisitariak lehenetsi dira, hiria gero eta gehiago merkatu-logiken menpeko aktibo bihurtuta”, adierazi dute.

Hirugarrenik, azaldu dute, elitizazio horren ondorioz kontsumo prezioen igoera gertatu dela, baita merkataritza eskaintzaren homogeneizazioa, azoken eraldaketa eta bizilagunen desplazamendu sinboliko eta materiala ere. Salatu dute hori dena “kalitatezko turismoaren” diskurtsoaren bidez elikatzen dela.

Azken batean, herri plataformak nabarmendu nahi izan du, azken urteetako bilakaera oinarri edukita, turismoaren arazoa ez dela mugatzen bisitarien kopurura. Aitzitik, gakoa dela hiria nola antolatzen den eta norentzat eta zein interesen arabera egiten den.

Adierazi dute 2015ean bisitarien beheranzko joera nabarmentzeak bi estrategia elikatzen dituela: iradoki nahi dute turistifikazioaren arazoa konpontzekotan dagoela eta behar dela industria turistikoa sustatu. Datu horien beste zenbait adierazletan jarri nahi izan du arreta plataformak.

Iturria: EUSTAT. Establezimendu Turistiko Hartzaileen Inkesta (ETHI) BiziLagunEkin

Turistifikazioa kanalean gehiago
2026ko irailaren 28
Gasteizko Alde Zaharrerako udalaren plan estrategiko berria
“42 hotel auzoan? Neurrigabea da, astakeria”

2026ko ekainaren 17
Usoa otso

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.