Greba egun arrakastatsua izan da Gipuzkoako hiriburuan. Piketeak goizean goiz mugitu dira bateko eta besteko sarbideak blokeatzera, greba orokor eguna zela argi uztera; goizak aurrera egin ahala jendea biltzen joan da auzoetako pikete informatiboetan, eta eguerdian milaka pertsonak Boulevarda bete dute alderik alde. "Borroka hau irabaz dezakegu", adierazi dute amaieran hitzartzean. Egun beroa izan da, eguraldia lagun.
"Zorionak guztioi, lortu dugu! , milaka pertsona atera gara kalera Hego Euskal Herri osoan 1.500 euroko Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren (LGS) eta gure lan baldintzak hemen erabakitzearen alde. Denoi eragiten digun aldarrikapena da, baina ez digu denoi berdin eragiten", hartu du hitza mukuru bete den Boulevardean Malen Etxeko ordezkari Rosi Castillok. Ehunka lantoki itxi izana balioan jarri du, eta gogoratu badaudela geratu ezin diren lanak, bizitza sostengatzen dutenak, historikoki emakumeen bizkar erortzen direnak, eta egun, batez ere, emakume migratu eta arrazializatuak ari direla horietan.
"Etxeko eta zaintzako langile eta langile klasearen parte gisa, gogoratu nahi dugu ez garela ikusezinak, hemen gaudela eta nahikoa dela lan esplotazioarekin, eskubideak ditugun langileak gara gu ere bai". Adierazi du kontuan hartu behar direla langile klasearen barruan dauden desoreka, arrakala eta egoera ezberdinak, eta martxoaren 17an langile guztiek ez dituztela grebarekin bat egiteko baldintza berak izan. Beraiek ere greba eskubidea dutela azpimarratu du txalo artean. "Etxeko langileen bi herenek 1.500 euro azpiko soldatak dituzte eta askok astean 60 ordutik gorako lanaldiak egiten ditugu". Egoera irregularrean dauden langileen egoeraren larritasuna eta %75ak LGS azpitik kobratzen dutela gogoratu du. "Hori onartezina da eta horregatik gaude hemen. Soldata minimo propioa nahi dugulako, gora borroka feminista eta gora langileon borroka".
Garberako aparkalekuan egin dute hitzordua 6:30ean blokeoak egitera egitera etorri diren langileek. Bertan daude sindikatuetako kideak. Tenperatura hotza da, ez du egunak argitu oraindik. Autoekin Donostiako sarreretako bat den Martuteneko biribilgunea blokeatzera joango dira, baita lortu ere, goizeko 7:00etan, grebarekin bat egin ez duten langile ugari bertatik pasatzen den tenorean. Hasieran mantso-mantso sartu dira, eta une batean, hainbeste ziren biribilgunean zeuden autoak, denak kieto geratu direla ordu erdiz, alde guztietara auto-ilara luzeak eraginez. Ertzaintzako hiru furgoneta iritsi dira ziztuan handik 15 minutura, autoen artetik bidea eginda, baina biribilguneko ataskoa albo batera utzita –pasatzen uzten ez zien autoetako bateko gidariari oldarkor hortik kentzeko agindu ostean–, Andoain aldera joan dira. Han grebalariek N-1 errepidea moztu dute bi norabideetan, Euskal Herrian trafiko handiena jasotzen duen errepideetako bat. Azkenean, Ertzaintzaren beste auto bat etorri behar izan da, eta ordu erdiko blokeoa amaitu da, identifikatu batekin. Batzuk Miramon aldera joan dira, beste batzuk Donostiako beste auzo batzuetara. 07:30 dira eta egun osoa dute aurretik.
Ez da Martutenekoa blokeo bakarra izan. Irutxuloko Hitzan jaso dutenez, Gros auzoko gutxienez hiru puntu kateekin moztu dituzte –Kursaaleko zubian, Jai Alai eta Mirakruz– eta grebalariek pankarta, kate eta bengalak atera dituzte 7:15 inguruan. Trafikoa moztu dute minutu batzuez. Horrez gain, Carlos I hiribideko errepidea ere itxi dute hainbat grebalarik, eta Ertzaintzak bost pertsona identifikatu ditu. Beste grebalari batzuek Trintxerpe eta Bidebieta arteko biribilgunea zarratu dute, baita ere, goizean goiz. Ibaetako campusean, mugimendu oso gutxi egon da lehenengo orduan eta hainbat ikasle grebalari ateak ixten eta zarata egiten aritu dira. Añorgan ere N-1 errepidea moztu dute, edukiontzi eta guzti, eta EHKS-k Pasaiako portuko sarrera itxi du goizean goiz

Karlos I hiribidea mozten aritu den taldea Amara Zaharrera itzuli da, elkarrekin gosaltzera eta indarrak hartzera. "Joder, errepidean jarri eta berehala iritsi da Ertzaintza gu botatzera, agian radarren batean gure mugikorren puntutxoak dituzte, bestela ze arraio?!", dio txantxetan auzoko aspaldiko borrokalari batek auzoan pikete informatiboa abiatzear direla.
Amara Zaharra Donostiako erdialdeari itsatsita dagoen auzoa da, eta komertzio txikia da nagusi, nahiz eta Eroski eta Carrefour bana ere badiren. Lehen geltokia Eroski izan da. Irekita dago. Barruan erosle bakartiren bat eta lotsatuta dauden langileak daude. Esku-orriak bota, pegatinak jarri eta zarata pixka bat atera ostean, auzoari buelta ematera joan dira. Palestinarekin elkartasunez egin zen azken greba edo paro orokorrarekin konparatuta, askoz ere gehiago dira astearte honetan itxi duten komertzioak. Piketea hasieran dozena bat lagunek osatzen dute eta ia lau orduz batera eta bestera ibili ostean, azkenerako 30 bat dira. Komertzioekin ez da tentsio une berezirik izan. Komertzio askok piketea badatorrela sumatzean itxi dute –Carrefourrek adibidez–, eta beste ugarik berriz, irekita eutsi diote. "Ez dugu tentsio-unerik sortzen, informatzen goaz, auzoko gehienak komertzio txikiak dira eta badakigu zer dagoen. Aurreko astean banaka-banaka lanketa egin genuen guztiekin, greba zetorrela eta zergatik zen azaldu, eta askok adierazi ziguten ados zeudela eskaerarekin, baina beren esplotazio egoera hain zela muturrekoa, ezin zutela bat egin", adierazi digu piketeko kide batek. "Pertsona horiei zer esan behar diezu?".
Goiza lasai joan da tentsio une nabarmen bat kenduta. Piketea bere lana amaitzen ari dela, ia trafikorik ibiltzen ez den Amara kalean behera zetorren auto bat oso azkar hasi da pasatzen saiatzen jendearen artetik. Grebalariek autoa geldiarazi eta kargua hartu diote, baina gidariak, are eta okerrago erantzun du eta azeleratzen hasi da autoari begira aurrean jendea zuen arren. Bat-batean jendea oihuka, kristalari joka hasi da, eta gidariak guztiz azeleratu du. Mirariz ez du norbait harrapatu aurreko hamar metroetan. Jendea harrituta geratu da. Autoa albo bateko ispilua puskatuta joan da etxera.
Azkenerako, auzoan komertzio asko geratu dira itxita. "Aspaldi irakatsi zidaten greba egunetan goizean egin dugun lana ezinbestekoa dela. Eragina handia da. Jende bat itxi-ez itxi zalantzan izaten da, eta azkenean ixtea erabakitzen dute", dio arestian aipatutako kideak. Zutabean Pio XII.ra joan dira lan ona egin izanaren sentsazioarekin.
Malen Etxeko Castilloren ostean hartu du hitza LABeko idazkari orokor Garbiñe Aranburuk Boulevardean. "Gaur planto egin diogu aberastasuna eta boterea esku gutxitan pilatzen duen eredu injustuari eta kapitalaren aurrean bizitza aldarrikatu dugu". Trump eta Netanyahu "faxista eta genozidek" munduko herri eta langileak jo-puntuan dituztela oroitarazi du gaur egun "mozorrorik gabe" azaltzen dela kapitalismoa. "Baina gaur bezalako egunek adorea ematen digute, itxaropena zabaltzen dute. Antolakuntza eta borroka kolektiboaren bidez posible da munduan, Europan eta bereziki Euskal Herrian beste eredu bat eraikitzea. Gaurkoa bezalako indar erakustaldiekin, eliteen interesen aurrean, herritar guztien bizitza erdigunean jarriko duen eredua ari gara eraikitzen". Aranburuk gogoratu du 40 urte direla Euskal Herriak ezetz esan zionetik NATOri, gerraren aurkako aldarria egin du eta babesa adierazi injustizien aurrean borrokan ari diren herriei, bereziki Sahara, Kuba eta Palestina.
Martxoaren 17ko greba orokorrera nola iritsi diren azaldu du jarraian: "Duela urtebete baino gehiago sindikatuok proposamen zehatz bat jarri genuen mahaiaren gainean: herri honekin bat egiten duen gutxiengo soldata. Hori egin genuen, batetik, Espainiako Estatuko 1.200 euroko LGS ez delako nahikoa hemen elikadurari, elektrizitateari eta etxebizitzari aurre egiteko; eta bestetik, soldaten debaluazioa eta lanpostu industrialen suntsiketa geratu behar delako". Defendatu duenez, gutxiengo soldata propioa beharrezko neurria da, justua eta bideragarria. "Patronalak eta [EAE eta Nafarroako ] gobernuek gutxietsi dituzte eta atea itxi nahi izan digute. Desaktibatu nahi izan gaituzte, baina kontrakoa lortu dute. Beren ezetzekin zilegitasun, motibazio eta indar gehiago eman digute", esan du, eta grebarekin bat egin ez duten CCOO eta UGT sindikatuei aurpegiratu die "horrenbeste elkarrizketa sozialekin, konfrontatzea ahaztu" zaiela.
Publikoki esan duenez, "Confebaskek eta CENek prest dute gure eskubideen aurkako eraso berria, absentismoaren aitzakiarekin, murrizketa berriak inposatu nahi zizkiguten eta dizkigute. Baina grebarekin kolokan jarri dugu beren estrategia. Abstentismoarekin kezkatuta baldin bazaudete, egin itzazue zuen etxeko lanak, iaz 84 euskal langile hil baitziren lan istripuetan, eta hainbat laneko gaixotasunek aitortu gabe jarraitzen dute. Noiz arte jarraituko duzue beste aldera begira?".
Hurrengo astean patronala negoziazio mahaira konbokatu dutela jakinarazi dute eta Confebaskek erabaki beharko duela esertzen den ala ez. "Orain artek ezezko bakoitzak indartu gaitu. Confebask entzun, ez daukazu aitzakiarik". Aranburuk esan duenez, mahaian esertzeko prest daude, baita borrokan jarraitzeko ere. Azkenik, adierazi du autogobernua eta burujabetza langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko nahi dituztela, eta Imanol Pradales lehendakariari adierazi dio "Urkulluren bide beretik" doala.
Eguerdirako grebalari eta auzoetako zutabeek bat egin dute PioXII plazan. Hiru sindikatuko kamioiak bidea irekitzen zuela milaka grebalarik egin dute Boulevarderainoko bidea, oihu eta zarata artean. Hainbat une berezi izan dira goizean, adibidez, pentsionisten mugimenduak Artzain Onaren katedralaren manifestazioarekin bat egin duenekoa, kaleratze mehatxuak gainean dituzten Oreretako Papresa enpresako langileak agertu direnekoa denak berdin jantzita, edo Antiguatik etorri den milaka pertsonako zutabeak erdigunean manifestazioarekin bat egin duenekoa.
Jendetzaren dimentsioa hartzeko datu bat: Askatasunaren Etorbidea alderik alde bete du manifestazioak, bi norabideak hartuta, eta amaiera oraindik ez zen kale hartara iritsi. Boulevardean gauza bera gertatu da. Hitzartzeak egiten ari ziren bitartean, jendea iritsi eta iritsi ari zen.

Amaia Muñoa mintzatu da azkena Boulevardeko tariman, ELAko idazkari nagusiaren albokoa. "Greba honek ahotsa eman nahi die egoera prekarioan dauden langileei eta kapitalismoaren aurpegirik gordinena pairatzen dutenen egoera erdigunera ekarri nahi dugu", adierazi du. 1.500 eurotik behera kobratzen dituzten langileen bi herenak emakumeak direla adierazi du eta justizia feminista eskatu du.
"Nafarroako Parlamentuan zein Gasteizkoan Herri Ekimen Legegileari atea itxi zioten. Beren botoak batu zituzten ondorengoek: EAJ, PSE, PSN, PP eta Vox. Zer lotsa gutxi duten, oso garbi utzi dute zein diren beren lehentasun politikoak", esan du. Azken 15 urteetan enpresen etekinak bikoiztu egin diren honetan, langileen soldatak apenas mugitu direla eta askok eros ahalmena galdu dutela adierazi du. "Greba orokorra egiteak balio handia du. Itxi dizkiguten ate guztiak irekitzera goaz. Beren ezezkoen aurrean hemen badugu erantzuteko gaitasuna. Antolatzeko eta jarraitzeko gaitasuna dugu", esan du.
Adierazi du badakitela zeinen aurka ari diren, eta azpimarratu langileek indar erakustaldi handiak egin beharko dituztela, aurrean eskuin muturra baitago. "Eskuin muturra lotsak galtzen ari den garai hauetan, lan handia dugu egiteko. Hala ere, antolatzen eta borrokatzen garenean, faxismoari bidea ixten diogu".
CCOO eta UGT sindikatuei ere mezua bidali die. ELAko idazkari nagusiaren albokoak gogorarazi du beraiek Espainiako Estatuko lurralde guztiek gutxieneko soldataren igoera erabakitzeko aukera izatea dela proposatu dutela , hau da, deszentralizazioa. "Batzuek, ordea, hori insolidarioa dela diote. Insolidarioa, ordea, da hemen rstatuko miseria baldintzak inposatzea eta horri aurre egiteko burujabetza behar dugu, tresnak behar ditugu Euskal Herri justuagoa eraikitzeko".
Azkenik, adierazi du LGSren borroka irabazteko aukerak ikusten dituztela eta prozedura azaldu du. Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzeko Langileen Estatutuan lege-aldaketa bat egin behar da Madrilgo Kongresuan. Jakinarazi du Euskal Herriko gehiengo sindikalak, Katalunia eta Galiziakoarekin batera, Madrilen gehiengoa osa dezaketen alderdiekin bilera dinamika abiatu dutela. Horrez gain, ERC, EH Bildu eta BNGk gutxieneko soldata propioen aldeko ekimen parlamentarioa martxan jartzeko konpromisoa hartu dute. Hortaz, Madrileko euskal alderdiei mezua bidali diete: "Oraingo eztabaidan edota Espainiako Gobernuarekin negoziatuko duzuenean, gutxieneko soldata propioa lehentasuna da; ez dugu erlatibizatzea ulertuko".
Eusko Gudariak eta Internazionala abestuta amaitu dute.
Arratsaldean 18:00etan Groseko Katalunia plazatik manifestazioa aterako da, oraingoa, eragile sozialek dinamizaturikoa, eta etxebizitzaren gaia izango da ardatza. Ziur ez dela saltsarik faltako.
Denon alde borrokan ari den jendea
Ondorengo elkarrizketa entzuteko plazera izan du kazetari honek Donostiako erdialdean, Errege-erregina katolikoen kalean, Amarako pikete informatiboa irekita zegoen tabernetako baten kanpoaldean geldi zegoela.
“Aizu, zergatik ari dira protestan?", galdetu dio bikotekidearekin banku batean eserita dagoen mutil gazte batek, kiroletako arropa jantzita mugikorrean murgilduta bestaldean eserita duen emakume gazte bati. "Greba orokorra da gaur, lanbidearteko soldata minimoa igotzeko eskatzen dute". Mutilak, jarraian, meh aurpegia jarri dio, gutxietsiz bezala, eta zuzenean erantzun dio emakumeak: "Aizu, hobe izango da soldata baxuenak igotzea, ezta?", "Ah... bai, bai", lotsatuta mutilak. "Borrokarik gabe ez da ezer lortzen, eta hemen borrokan ari da jendea". Gustura geratu da emakumea eta kaskoak jantzi ditu.