Arkautiko Polizia Akademiako oposaketa bateratuen menpe dagoela-eta, Donostiako Udaltzaingoak “galera iraunkorra” jasaten duela kritikatu du LABek: “Promozio guztietan alde egingo duten udaltzainak formatzen jarraitzen dugu”.
Udaltzain eta ertzain oposaketa bateratuen promozio berriak Arkautin formakuntza hasiko duelarik, berriro ere Donostiako Udaltzaingoak galera izango duela nabarmendu du sindikatuak. Promozio honetara hamabost udaltzain joango dira, horietatik lau dagoeneko Donostiako Udaltzaingoan funtzionario izendatuak. “Bertan plaza hartu, bederatzi hilabeteko formakuntza egin, Donostian lanean hasteko arropaz eta materialez hornitu eta, ondoren, alde egingo dute. Beraien bizilekuetatik gertuago dauden udalerrietara joango dira lanera, dagoeneko behin eta berriz gertatu den moduan”. Horrela deskribatu du egoera LABek, eta oposaketa bateratuen sistemari egotzi dio arazoa. Donostiako Udalean udaltzainen berezko lan poltsarik ez izatea hutsunetzat jo du. Konponbidea, gainera, egon badagoela gogoratu du, beste udal batzuetan egin duten bidea azpimarratuta.
Polizia mixtoa?
“Donostiak ez du Udaltzaingoa eta Ertzaintza nahasten dituen ‘Euskal Polizia’ behar. Donostiak behar duena kalitatezko udaltzain zerbitzua izatea da, auzoetara iristen dena, gertukoa izango dena eta euskalduna”. Bi Polizia taldeen nahasketa ez du egoki ikusten sindikatuak: “Hori al da EAjren etorkizuneko polizia eredua, eredu mixtoa? Donostiako Udaltzaingoa Ertzaintzak dituen gabeziak konpontzeko edo estaltzeko eta eskuinaren zein eskuin muturraren presio politikoa baretzeko erabiltzen ari da EAJ, segurtasun datuak modu interesatuan erabiliz, gainera”.