Astelehen gauean jakinarazi dio Donostiako Udaltzaingoak Kaleko Afari Solidarioak egitasmoari ezingo duela kalean bizi direnei afariak banatzen jarraitu. Elkarteak prentsaurrekoa eskaini du eguerdian, eta ARGIA bertako kide Marta Azaterekin ere mintzatu da; kideak ohartarazi du gaur bertan hirurehun herritar inguru afaltzeko aukerarik gabe gera daitezkeela. Udalaren erabakia gaitzesteko, mobilizazio bat deitu dute asteazkeneko (uztailak 29) 20:00etarako.
Kaleko Afari Solidarioko boluntarioak, 2020tik gauero legez, kalean bizi diren eta baliabiderik ez duten herritarrei afariak banatzen ari ziren astelehenean, Donostiako Alde Zaharrean eta Amara auzoan. Baina, bat-batean, espero ez zuten bisita bat eduki zuten: udaltzainak agertu ziren, paper bat eskuan, erranez Donostiako Udalak afariak ematea debekatuko diela hemendik aitzin. Dokumentu hartan udaleko hiru departamentuk ikerketa bat egin dutela jartzen zuen; egitasmoa debekatzeko arrazoi zehatzik ez, ordea. KASeko kideek astearteko 11:00etara arte itxaron behar izan dute sumatzen zutena baieztatzeko: hiriko alkate Jon Insaustik prentsaurrekoa eman du, argudiatu du afariak debekatu dituztela, bertzeak bertze, “bizikidetza eta segurtasun arazoak” eragin dituztelako.
Hori salatzeko, Kaleko Afari Solidarioak egitasmoak prentsaurrekoa eskaini du eguerdian.Egitasmoko kide Marta Azaterekin ere mintzatu da ARGIA, eta hark ohartarazi du gaur bertan hirurehun herritar inguru afaltzeko aukerarik gabe gera daitezkeela. Donostiako Udalak Otorduak programaren bidez aterpetxeetan eta eguneko zentroetan janaria eskaintzen du, baina Azatek argi dauka laguntza hori ez dela nahikoa. Kontrara, Azateren erranetan, errealitatea guztiz bertzelakoa da. KASeko kideek “hirian gosea ikusten" dutela azaldu du Azatek: “Jende askorentzat guk ematen dugun plater bero hori da egunean jaten duten bakarra. Udalak egiten ez duen lana egiten dugu”.
Hortaz, udalari alternatibak jar ditzan eskatu diote: “Udalak gaur bertan aukera eman beharko lieke pertsona horiei afaria edukitzeko, auzoetako eta hiriko jantoki sozialen bitartez. Errespetu eta erantzukizun falta handia iruditzen zaigu”. Bertzalde, Azatek adierazi du “suminduta” daudela alkatea ez delako “hitz egitera eseri”. “Udalari eskatzen diogu gu babesteko eta herri ekimenak bultzatzeko. Urte hauetan pilatu dugun jakinduria guztiari arreta jarri beharko lioke, eta ez alderantziz, gure ekimena kriminalizatu”, erran du Azatek.
“Jende askorentzat guk ematen dugun plater bero hori da egunean jaten duten bakarra. Udalak egiten ez duen lana egiten dugu”.
2024an Donostiako Udalak Egia auzoan janaria banatzea debekatu zuen, “segurtasun arrazoiengatik”. Oraingoan, ordea, Azatek ohartarazi du neurria ez dagoela espazio bati lotuta, eta "ekimena bera" debekatu dutela. Erabaki horren gibelean, "pobreziari ikusgarritasuna kentzeko nahia" egon daitekeela uste du Azatek: "Alkateak pobrezia Donostiatik periferiatara eraman nahi du, eta hiriaren irudia garbitu".
Arazoa lekuz mugi daitekeen arren, existitzen jarraituko duelakoan dago Azate: "Ikusgarritasuna galduko du, baina, aldi berean, hirurehun pertsona egongo dira ezer jan gabe, eta goseak gatazka gehiago sor ditzake. Beraz, ez dugu oso ondo ulertzen zein den alkate honen asmoa".
Udalaren jarrera salatzeko, Kaleko Afari Solidarioak egitasmoak mobilizazioa eginen du asteazkenean, uztailaren 29an, 20:00etan, Alde Zaharreko plaza Berritik abiatuta. Azatek jendea parte hartzera animatu du: “Jendea gonbidatzen dugu ekimen hau babestera, eta erakundeei exijitzera kale egoeran dauden herritarrei haien elikadura eskubidea bermatzea”.