argia.eus
INPRIMATU
Donostiako pisu turistikoen ugaritzeak alokairuen garestitzea eragin duela frogatu du EHUko ikerlari talde batek
  • Pisu turistikoen eskaintzaren eta etxebizitzaren prezioaren arteko lotura aztertu dute ikerlariek. Ateratako ondorioen arabera, alokairu turistikoen ugaritzeak etxebizitzaren prezioa igotzen du. BiziLagunEkin plataformaren arabera, egungo testuingurua baliatu daiteke azken urteetako bilakaerari konponbidea emateko.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 23a
Argazkia: Dani Blanco

Aitziber Etxezarreta Etxarrik, Julen Izagirre Olaizolak, Jon Morandeira Arcak eta Imanol Mozo Carollok landu dute ikerketa, eta beronen emaitza apirilean argitaratu dute Economic Research-Ekonomska IstraÅživanja aldizkari zientifikoan. Alokairu turistikoaren eta etxebizitzaren prezioaren artean dagoen lotura aztertzea izan da ikerketaren helburua, eta ondorioztatu dute pisu turistikoen areagotzeak etxebizitzaren prezioa garestitzea dakarrela: “Dokumentu honetan egindako azterlan enpirikoak erakusten duenez, Airbnb-ren intentsitatearen desbideratze estandar bat handitzeak alokairuen prezioetan %7,3ko igoerarekin lotura duela. Hau da, batez beste hilabeteko 74 euroko igoera, 1013 euroko batez besteko alokairu-prezioarekiko”.

Ikerketak frogatu duena kezkagarria da kontuan hartuta BiziLagunEkin desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataformak zehaztu duena: 2017an etxebizitza turistikoen eskaintza ia hotel eskaintzaren adinakoa zela hirian. Pisu turistiko horien zati handia, gainera, esku beretan egon ohi da EHUko ikerlari taldeak zehaztu duenez: “Airbnb-n Donostiako 10 anfitrioi nagusiek (ondasun kopuruaren arabera), plataforman iragarritako 1472 pisu edo geletatik, 328 (%22) biltzen zituzten, 2018 bukaeran. Hiru iragarle nagusiek eskaintza guztien %12a zuten (Inside Airbnb, 2019). 2017ko Airbnb-ko hamar iragarle nagusiek 2.355 ostatu plaza eskaini zituzten (guztiaren %31)”.

Azterketaren bidez Airbnb plataforma “elkarlan ekonomia” gisa sailkatzea ere ezbaian jarri dute: “Praktikan, anfitrioi profesional eta inbertitzaileek gero eta errepresentazio handiagoa daukate Airbnb plataforman, eta horrek ez ditu betetze elkarlan ekonomiaren oinarrizko printzipioak (Gil & Sequera, 2018). Hauek (higiezinen agentziak, enpresa espezializatuak eta jabe handiak eta txikiak),  Airbnb-n ipintzeko eta urte osoan oporraldiko alokairu tenporalean eskaintzeko, etxebizitzak merkatutik kentzen dituzten agenteak dira”.

Bestetik, turistifikazioak herritarren artean eragin dezakeen kanporatze-efektuaz ere ohartarazi dute ikerlariek: “Etxebizitzak alokatzeko prezioak igoz gero, maizter tradizionalak merkatutik kanpo geratuko lirateke, eta inbertsioa eta, beraz, etxebizitzen erosketa-prezioak igoaraziko lirateke. Hala, turismoak etxebizitzen merkatuan duen eragina alokairuaren merkatutik higiezinen merkatu osora heda liteke. Horrelako prozesu batek etxebizitzak alokatzeko eta erosteko prezioei aurre egin ezin dieten ohiko biztanleak kanporatu ditzake”. Etorkizunerako iker-lerro gisa identifikatu dute kalkulatzea turismo-ostatuen sektore osoak zein eragin duen epe luzeko alokairuetan.

BiziLagunEkin plataformaren irakurketa

Desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataformaren iritziz, COVID-19ak eragindako egungo testuingurua baliatu daiteke azken urteetan turismoak izan duen bilakaerari aterabidea emateko. “Orain aurrerapauso bat emateko unea da. Donostiar gehienen aldeko urratsa, espekulazioa eta eskrupulurik gabeko etekina geldiarazteko. Alokairu turistikoa berriro arautzeko unea da, gaur egun dagoena kudeatuz, urratsez urrats praktika hori desagerrarazi arte”.

 

ARGIAren 2694. zenbakian etxebizitza krisiaren gaia mahai gaineratu genuen. Besteren artean, alokairu turistikoen merkatuak etxebizitza arazoa nola areagotu duen ere azaltzen da erreportajean.