argia.eus
INPRIMATU
Donostiako metroaren obrek etxebizitza batean dagoeneko pitzadurak eragin dituztela salatu dute
  • Donostiako metroaren obrek hiriko lurpe hareatsuan zimendatuta dauden Cortazar zabalguneko eraikinetan arrisku larriak dakartzatela ohartarazi du Donostia Defendatuz koordinakundeak. Etxebizitza batean dagoeneko agertu diren pitzadurak erakutsi dituzte (ikusi argazkia).

ARGIA @argia 2019ko otsailaren 27a

Obrak “ezjakintasun ikaragarriarekin” diseinatu direla salatu du koordinakundeak, Cortazar zabalgunearen ezaugarri bereziak aintzat hartu gabe: “Hiriaren oinarrian dagoen lurpeko hareatzan metatzen diren uren filtrazioen eta obrara gertatuko diren ihesen ondorioz, lurpeko geruza hareatsuaren desegonkortzea gertatuko dela ezezagun du proiektuak, eta hareatzaren desestabilizazio horrek, eraikuntza-laneko indusketa makinariak sorturiko bibrazioek lagunduta, kalte handiak eragin ditzakeela eraikinen egituretan”. Eraikinak erortzeko arriskua ere azpimarratu du koordinakundeak. Harkaitza zulatzean sortuko diren bibrazioek hondar-geruza sakabanatu eta besteak beste, “eraikinen egiturari kalte egingo zaio, etxeen egonkortasuna arriskuan jarrita”.

Metroaren eraikuntza lanek eragindako bibrazioen ondorioz, Zubieta kaleko 1 zenbakian, goiko solairuko etxebizitzan pitzadurak agertu direla aurreratu dute. Xehetasun handiz azaldu du obra hauen eragina koordinakundeak.

Prentsaurrekoa egin dute Donostiako erdialdean.

“Lanak gelditu, edo kalte-galerak zuen gain hartu”

Hori guztia kontuan hartuta, hiru eskaera nagusi egin dizkiete “auzi honetan erantzukizuna duten” erakundeei: Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak erakuts dezatela obra hau egiteak pertsonentzat eta Cortazar zabalguneko eraikinentzat dakartzan arriskuen larritasunaz jabetzen direla; adostu dezatela nazioartean ospe oneko erakunde bati ikerketa hidrauliko eta geotekniko zorrotz bat egin dezan eskatzea; eta kautelazko neurri gisa hirigunean jadanik hasi diren eraikuntza-lanak geldiaraz ditzatela, “eta bestela, jendaurrean beren sinadurarekin ziurta dezatela aurretik jakin ezin den neurriko ezbeharren bat gertatzeko posibilitaterik txikiena ere ez dagoela, eta halakorik inoiz gertatuko balitz kalte-galerak beren gain hartuko dituztela”.

Donostia Defendatuz plataformatik hainbat etxebizitzan izandako pitzaduren argazkiak zabaldu dituzte.