Donostiako ikastetxe baten parean McDonald’s-a ez irekitzeko mobilizatu da hezkuntza komunitatea

  • Gipuzkoako McDonald’s-ik handiena Donostiako Aldapeta Maria ikastetxe parean irekitzeko baimena eman du udalak, eta atzera egiteko eskatu dio bertako hezkuntza komunitateak. Ikasleek elikadura osasungarriari buruz jasotzen dituzten prestakuntza, aholku eta balioekin kontraesanean dagoela salatu dute.

Donostiako Aldapeta Maria ikastetxea

2026ko urriaren 14a - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Gipuzkoako ikastetxerik handiena da, 2.200 ikasle inguru ditu eta 100 metro eskasera zabalduko diete janari-kate ezaguna. Bertako hezkuntza komunitateak garbi du: janari azkarreko establezimenduen eta edozein ikastetxeren artean gutxieneko distantzia bat ezarri beharko litzateke, hurbiltasunak haur eta gazteen artean nutrizio gutxiko elikagaien kontsumoa areagotuko duela uste baitute, “obesitatea eta epe luzeko osasun arazoak” areagotuz. Azken finean, koipe, azukre eta gatz kopuru handiko elikagaiak eskaintzeagatik da ezaguna McDonald’s, diote, eta elikadura horrek “arrisku zuzena du gazteen osasunerako eta ongizaterako”.

“Etorkizuneko belaunaldien osasuna eta ongizatea lehenetsiko duten hiri-antolamenduko politikak sortzea” beharrezkoa dela-eta, Donostiako Udalari eskatu diote establezimenduari onartutako baimena berraztertzeko. Udal gobernuak pasa den abuztuaren 31n eman zion obra-lizentzia kateari.

Sinadura bilketa abiatu dute Change.org webgunean, dagoeneko 1.200 sinadura baino gehiago bildu dituzte, eta sinadurak udal gobernuari aurkeztea da asmoa. “Oso hipokrita da janari zaborrari baimena ematea eskolaren alboan, eta aldi berean obesitatearen aurka egiten duten haur-osasunari lotutako planak aurkeztea”, dio sinatzaileetako batek.

"Etorkizuneko belaunaldien osasuna eta ongizatea lehenetsiko duten hiri-antolamenduko politikak sortzea eskatzen dugu"

Udalera eta Jaurlaritzara iritsi da afera

Donostiako Elkarrekin alderdiak heldu dio gaiari eta Jon Insausti alkateari eskatu dio ez dezala utzi establezimendua zabaltzen, horretarako Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorra aldatuta. “San Bartolomen merkataritza-gunea ez zabaltzeko aldaketa egin bazen, aztertu behar dugu nola egin 2.200 ikasle babesteko”.

Are, mozioa aurkeztuko duela ere iragarri du alderdiak, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko arautu dezala janari azkarreko establezimenduen eta ikastetxeen arteko distantzia.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Hezkuntza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.