Donostiako eraikin pribatuetako “sinbologia frankista guztia” kendu du udalak

  • Donostiako Udalak, Giza Eskubideen arloaren bidez, hiriko sinbologia frankistaren inguruko katalogoan kendu gabe gelditzen ziren azken elementuak erretiratu zituen joan den astean, hala nola Falangearen ikurra zuten plakak.


2026ko irailaren 4an - 10:13
Donostiako Udalak hiriko eraikin pribatuetatik kendutako hainbat plaka frankista. Donostiako Udala
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Udalak gogorarazi duenez, 2013an hasi zen Giza Eskubideen arloa hiriko sinbologia frankista kentzeko lanean: “Horretarako, herritarrei dei egin zitzaien eraikin publiko eta pribatuetan ikur frankista horiek identifikatzeko”. “2015ean, plakak non ziren eta zein ezaugarri zituen katalogoa publikatu zen eta gutun baten bidez atari horietako bizilagunei, udalaren lankidetzarekin, plaka ezabatzeko baimena eskatu zitzaien”, gaineratu du udalak.

Iaz, katalogoa berritu, eta hirian kendu gabeko “sei plaka” geratzen zirela egiaztatu zuen Giza Eskubideen Sailak. Hain zuzen ere, Donostiako Udaleko Memoria Historikoaren Aholku Batzordeko Sinbologia Lantaldeak katalogoa berritu behar zela azaldu zuen iazko ekainean, Urgulleko Jesusen Bihotza eskultura “erregimen frankista goraipatzeko” sinboloa dela ebaztearekin batera.

Horrela, “Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Legeari jarraiki, espazio publikoetan proiekzioa duten eraikin pribatuei atxikitako frankismoaren elementu eta ikur horiek kentzeko saiakera berri bati ekin zitzaion”, udalak azaldu duenez. Sinbolo frankistak zituzten sei eraikin horietako bizilagunekin harremanetan jarri ziren udal ordezkariak, eta “haien baimena jaso ondoren, plakak kentzeko prozedurari ekin zitzaion”. Joan den astean kendu zituzten plaka horiek.

Hala ere, udalak ez du baztertzen oraindik plaka frankista gehiago agertzea hiriko eraikinetan: “Bilaketa eta informazio lan guzti hori, herritarren laguntzarekin egin da, eta ez da baztertzen beste plakaren bat agertzea; beraz, espero dugu, kasu honetan, herritarrek lehenago egin zuten bezala, berriro ere horren berri ematea”.


Oroimen historikoa kanalean gehiago
2026ko irailaren 23
Esker mila

2026ko irailaren 16
Irailak 12

2026ko irailaren 2
Olatu herritarra Trantsizioko errepresioaren gainetik
1976ko irail gorria

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.