Donosti Cup: gurasoen arteko borroka eta epaile baten aurkako oihuak

  • Tamaina ikaragarria hartu du Donosti Cup futbol txapelketak, "Europa hegoaldeko handienak", webgune ofizialean irakurri dugunez. 34. edizioan 2.254 partida jokatu dira orotara, Euskal Herriko 64 futbol zelaietan. Hedabideek bi gertaera tamalgarriren berri eman dute. Negargarriak izanagatik, soilik bi izateak –publiko egin direnak, bederen– onerako harritu gaitu, egiari zor. Tolosan jokatutako partida batean, gurasoen arteko borrokaren ondorioz bi pertsona zauritu ziren; Zubietako instalazioetan, epaile batek –zeina Ertzaina den– futbol zelaia utzi behar izan zuen, bere aurkako irainengatik.


2026ko uztailaren 13an - 09:48
Azken eguneraketa: 11:55
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Epailearen aurkako jazarpenak oihartzun handia izan du, hedabideetan bobo-bolo zabaldu da, Donosti Cup-ek gertatutakoak gaitzetsi ditu, baita Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak eta Esan Ertzainen sindikatuak ere, "bizikidetzaren aurkakoak" direlako. Eta, Donostiako Axular lizeoak "barkamena" eskatu du. Izan ere, pasa den ostiralean Saint Orens B talde frantziarraren eta Axular -ren arteko jubenil mailako partidan gertatu ziren joko-eremutik at salto egin duten gertaerak. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Axularreko jokalariak hasieratik oldartu zitzaizkion epaileari. Une batean, inguruan zeuzkan jokalariei urruntzeko eskatu zien, eta zenbait ikusle futbol zelaira sartu eta  epailearengana hurbildu ziren orduan. Horren aurrean, segurtasun arduradunek babestuta zelaia utzi behar izan zuen epaileak, Ertzain izatearekin lotutako irainen artean, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Larunbatean, bestalde, 10 eta 11 urteko umeen partida batean (Elitec espainiarra vs Las Vegas estatubatuarra), bi taldeetako gurasoak euren artean borrokan hasi ziren, eta bi pertsona zauritu ziren –haietako bat anbulantzian eraman zuten–. Partidak, baina, jarraitu egin zuen, guraso talde biak elkar banandu ostean. Banatzea baino borrokan aritu zirenak futbol zelaitik kanporatzea egokiagoa litzatekeela pentsatuko du norbaitek, eta Zubietan gertatutakoen inguruan, antzera, zeren eta horrelakoetan ohartarazpenak egin bai baina zigorrak jartzen ez badira... Astebururo ikusten dugu, bateko ala besteko futbol zelaietan liskarrak daudela, "sentitzen dugu", "barkamena eskatzen dugu" eta "horrelakoak gehiago gertatu ez daitezen neurriak hartuko ditugu" adierazpenak adierazpen.

Donosti Cup-ek badu Hitzezko Indarkeriaren aurkako protokoloa. Pentsatzekoa da, gurasoen arteko borrokari dagokionez, behin bananduta lasaitu egingo zirela, bestelakoan neurri zorrotzagoak hartuko lirateke-eta.

 


Irakurri gehiago: Futbola Kirola Hezkuntza Gizartea
Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Futbola kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...