argia.eus
INPRIMATU
Donald Trump berrogeialdian dago, COVID-19az kutsatuta
  • AEBek lehendakaritza bozketen atarian bizi duten giro bortitza are gehiago konplikatu da Donald Trump presidenteak jakinarazi duenean koronabirus testa eginda positibo eman dutela berak eta bere emazteak. Trump pandemiak gogorren jotzen dituenen arrisku talde barruan kokatuta dago, bere adinagatik. Berrogeialdian egon beharko du hauteskunde kanpainatik baztertuta.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 02a
Donald Trump eta Hope Hicks hedabideen aurreko agerraldi batean. (Argazkia: Politico)

Urriaren 2ko goizaldean (Europako ordua) Donald Trumpek berak berretsi du Twiterrez lehentxoago bere staffeko kideek zabaldutakoa: emaztea eta biak koronabirusez kutsatuta daudela:

AEBetako presidentearen medikuek adierazi dute Trump bezala bere emazte Melany ondo daudela une honetan. Antza denez, alarma piztu da Hope Hicks Trumpen aholkulari oso gertukoa gaixo sentitzen hasi eta probetan positibo eman duenean. Hicks lehendakaritzako goi karguen artean Trumpekin batera bidaiatu berria zen hegazkin berean, besteren artean Joe Biden hautagai demokratarekin izandako aurrez aurrekoan aholku emateko. Hasiera batean ez dute esan Trumpen inguruko zenbat gehiago dauden kutsatuta, lehendakaria eta bere emazteaz gain.

Eragin eta kalkulu politikoak berehala atera dira hedabideetan, AEBetako lehendakaria berrogeialdian egotearen ondorioez. Alde batetik, Donald Trumpek ezingo du parte hartu hauteskunde kanpainako ekitaldi oso garrantzitsu batzuetan, ezta sintomarik gabe pasatzea lortuko balu ere. Bestetik, munduko lehen potentziaren buruzagitza bermatzeko mekanismoak jarriko dira martxan Trump sintomak nozitzen hasten baldin bada; Mike Pence lehendakari ordeak hartuko luke orduan buruzagitza. Baina... eta Pence bera ere kutsatua balitz? Ez da hipotesi pentsa ezinezkoa, aste honetan bertan Trumpekin bilera egina da eta. Pence ere gaixotuz gero, AEBetako hierarkian hirugarrena denak hartu beharko lituzke erantzukizunak, Kongresuaren lehendakaria den Nancy Pelosik. Bai, demokrata batek.