Doi-doietarik ez da gailendu Frantziako Gobernuaren kontrako zentsura mozioa

  • Ezkerreko LFI Frantzia Intsumisoak taldeak aurkezturikoak 269 boto jaso ditu; baina beste hemeretzi gehiago beharko zituen gobernua erorarazteko. Eskuin muturrak, ordea, 142 bakarrik, ezkerrak ez diolako babesa erakusten. Bozketa saihesteko asmoz Frantziako Lehen ministroak Konstituzioko 49,3 artikulua erabili izanagatik nahi izan dute erorarazi gobernua.


2026ko urtarrilaren 23an - 14:20
Sebastien Lecornu, Frantziako Lehen ministroa. AFP
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Iazko urriaren 3an hitz eman zuen Frantziako Estatuko Lehen ministro Sebastien Lecornuk bozketak saihesteko aukera dakarren Konstituzioko 49,3 artikulua ez zuela erabiliko. Bere kontra bozkatzera zihoazen zentsura mozioari aurre egiteko ezinbestekoa zuen Alderdi Sozialistaren babesa eta oparitxoak egin zizkion, tartean, 49,3 artikulua ez erabiltzearen promesa. Lortu zuen eta bozketa horretan ez zen gailendu LFI Frantzia Intsumisoaren zentsura mozioa. Bada, hitz emandakoaren gainetik pasa eta azkenean, estatuaren aurrekontuaren bozketarako 49,3 artikulua erabiltzen hasi da. Asteartean erabili zuen, diru-sarreren zatia pasarazteko, eta gastuen zatiari dagokionez ere, beste bi alditan baliatuko duela jakitera emana du. Ezkerretik bideratu "presio eta sabotaje saiakera argien parean" ez omen zuen beste aterabiderik, "atsekabez eta mingostasunez" emandako azalpenari segi.

Hori horrela, zentsura mozioak aurkeztu zituen aste hastapenean oposizioak, bata ezkerrak eta beste eskuin muturrak. Ostiral honetan bozkatu dituzte, baina ez dute gehiengoa lortu: ezkerreko LFI taldeak aurkezturikoak 269 boto jaso ditu; baina beste hemeretzi gehiago beharko zituen gobernua erorarazteko. Eskuin muturreko RN alderdiaren testuak babes apalagoa jaso du: 142 boto –ezkerrekoek ez dutelako sostengatzen RN alderdiaren testurik–.

Alderdi Sozialistako presidente Olivier Faurek asteartean iragarri zuen bere taldeak ez zuela gobernua zentsuratuko, bere ustetan "okerrenean gutien okerrena den irtenbidea delako" 49,3 artikuluaren erabilpena. Diputatu sozialista gehienek errespetatu dute Faurek eskatutakoa –bostek bakarrik bozkatu dute zentsuraren alde, tartean, sozialisten taldean den Peio Dufau abertzaleak–.

Beste zentsura mozio batzuk aurkeztekoak dituztela jakitera eman dute ezkerrak zein eskuin muturrak. 

 


Frantziako Gobernua kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.