argia.eus
INPRIMATU
Distopikal, EHZ tropikal

Gorka Pe├▒agarikano Goikoetxea Dani Blanco 2023ko uztailaren 03a
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Euri langarra batetik, sauna jasanezina bestetik. Eta igande arratseko eguzkia, gehiegizkoa askorentzat. Aterkia akaso ez, baina komeni zen ahalik eta zirarik arinena soinean eramatea, edozein unetan euritara jotzen zuelako, baina bero ere egiten zuen, eta beraz, eguzkitako betaurrekoak, eguzkitako krema eta kamiseta eta galtza motzak janztea ezinbesteko zen aldi berean. Aterkia eskuan eta eman krema, alegia. Ondo asmatu dute antolatzaileek Gatiburi oholtza ematen. Haien eszenako unean bertan ez zuen euririk ari dantzan aritzeko, baina gehienen barrenak ongi bustirik zeuden ordurako.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Beste titularretako bat, ziur, bestondoa da. Hotzean pentsatuta, ez da ideiarik onena garagardo eta arno artean luzatu eta hurrengo egunean geopolitikako kasik bi orduko hitzaldira joatea. Amaierarako, berdin zaizu NATO, ONU edo zer demontre egin duen zein erakundek. Baina hori, jakina, egoera horretan bertaratu denaren errua da. Kexarik ez, beraz. Edonola ere, zer nolako puntazoa den halako hizlariak ekartzeko hautua egin eta halako eskaintza oparoa egitea, eta zein eskertuta bisitariak, musika jaialdia baino gehiago denaren seinale.

Euskal Herria punta batetik bestera lotzen duen jaialdia da EHZ, alternatibarik gabekoa: zein kanpalekutan elkartzen dira mitikiltar bat, tafallar bat eta galdakoztar bat? Horixe zen larunbat gaueko ekitaldian airera jaurti zuten galderetako bat. Eta ematen du zer pentsa. EHZk gehiago du topagunetik, eta ez du zerikusirik aste honen hondarrean hastekoa den BBK Live jaialdi esplotatzailearekin.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

EHZk eskaini zizkigun, beste behin, talde berriak ezagutzeko paradak. Inguruko baten bat lerdea dariola geratu zen Aho Zakil Konexion-en zuzeneko bikainarekin, baita, uste baino gehiago, Alarma Morea taldearen bertsio-sorta ederrekin ere. Gaizki kantatuz gero, euria hasiko dela esan ohi da; ongi abestuta, ostarteak zabalduko dira beraz, eta bistan geratu zen gainera. Alarma Morea-koek bikain argitu zuten ilun zetorren larunbat arratsaldea. Plaza ederra utzi zioten gero Mice-ri, eta behin Pentzera igarota, Nize, Gatibu, Zetak eta Krav Boca taldeen artean musika hainbeste nahasteak giro nahiko kuriosoa sortu zuten, musikalki bederen. Baina esan beharra dago: kontzertu horiek egin ziren pentzea erabat lokaztu ez zedin hainbeste lasto fardo bota zutenei esker, beraz, esker mila.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Ez zen maila baxua egon ostiraleko emanaldi handietan, eta ez zuten erraza larunbatean igotzekoak zirenek. Antolakuntzak argi edukiko zuen akaso, bai ala bai, Josu Ximunek igo behar zuela oholtzara; hasieran Belako-rekin egitekoa zen, baina azken orduko baten ondorioz, Lukiek-ekin egin zuen. Alegia, ostiral gaueko plater nagusia Lukiek izan zen. Sumatzen zen inguruan jendeak ez zuela ongi ezagutzen talde mungiarra –ez, agian, Belako bezainbeste–, baina jendearekin hitz eginda, sentsazioz bederen, ongi hartu zen aldaketa. Indar eta zuzeneko handiko taldea da Lukiek.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Distopiarik ez EHZn, gehiago du utopiatik. Paradisu gisa ere definituko du batek baino gehiagok. Bada, orain, Irisarriko herriari maitasuna hartu zaionean, beste norabait mugituko da festibala, bost urte egin ostean. Irisarri izan da arnasgunea biziberritzeko aukera lekua, taldea bertan “berpiztu” baita lekuko aldaketa handia gauzatuta ere. Zeinen ongi gauzatu ere. Bost urte bikain eman dizkigu Irisarrik eta 27 urte ezin hobe EHZk; etorriko dira gehiago.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA