Disidentzia suntsitzea


2026ko irailaren 25ean - 23:08
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Diktadura nazionalistetan, oso ohikoa da herrialdekoa goraipatu eta beste guztia ezkutatu eta existituko ez balitz bezala jokatzea, horretarako, errealitatea bera suntsitu behar bada ere. Narciso Marcelo Martinessi zuzendari paraguaitarrak ondutako pelikula da. Hainbat herrialderen artean koproduzitu dute; esaterako, Paraguai, Argentina, Portugal, Alemania eta Brasilen artean. Bertan, Narciso (Diro Romero) da protagonista, Buenos Airesen bolada batean egon ostean, Asuncionera itzuli den gaztea. Pelikularen hasieran, eszena oso gogor batean, Narciso erail egin dute, eta sutan erre. Ondoren, pelikulak atzera egin du urtebete, Narciso iritsi berri zen unera.

Paraguain, 1959an, kokatzen da lana, Alfredo Stroessner jeneralaren diktadura hasi eta bost urtera, erregimen militar gogorraren pean. Narcisok Buenos Airestik rocka ekarri du, mundu “modernoan” entzuten den musika. Irratian esatari hartu dute, eta rocka herrialdean zabaltzen saiatuko da, irratiko nagusiak ezezkoa eman badio ere. Pertsona karismatikoa da Narciso, sex symbol-a eta, dirudienez, bisexuala.

Hortik abiatuz, Paraguaiko diktaduran sexu disidentzien kontra nola egin zuten erakusten du filmak, eta baita rockaren kontra ere. Bi auziak ez dira parekoak, noski, baina oso ondo ikusten da nola funtzionatzen duten halako erregimen nazionalista autoritarioek: desberdina, kanpokoa, ezezaguna deabrutuz eta suntsituz: “Rocka gure gazteak galtzen ari da”, “Inbertitu horiek familia eta zentzuzko balioak suntsitu nahi dituzte” eta ezagutzen ditugun beste mila kontsigna. Gogorra da lan hau, Narcisoren hilketatik abiatu eta artisten, homosexualen eta edozein disidentziaren kontrako biolentzia erakusten baitu.

Irratian, antzeztutako Drakularen dramatizazio bat emititzen dute zuzenean, atalka. Obraren amaieran, Drakulak diotso emakumeari, lepoan hozka egin eta hura banpiro bihurtu ondoren, “Hau ez da amaitu, hasi besterik ez da egin”. Paralelismo honek oso ongi adierazten du datorrena: orain artekoa txarra zela uste bazenuten, okerragoa datorkizue, Narciso ez zen lehenengoa izan, eta ez da azkena izango. Joseba Sarrionandiak Kolosala izango da eleberriaren amaieran antzera esaten du: Cirque Krone etorriko da Alemaniatik, inoizko zirkurik handiena, eta kolosala izango da. Pelikulan ere, txarrenaren hasiera besterik ez dugu ikusiko, diktadurak 35 urte iraun baitzuen, eta okerrena imajinatzea tokatuko zaigu.


Zinemaldia 2026 kanalean gehiago
2026ko irailaren 27
Azken agurra
Umore bisuala

2026ko irailaren 27
Josephine
Egoera latzari aurre

2026ko irailaren 25
The debut
Magikoa eta zoroa

2026ko irailaren 25
Bloques erráticos
Ez du nondik heldu

2026ko irailaren 24
Tender loving care
Zaintzaren ikuspegi desberdinak

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.