The Lancet aldizkari espezializatuak hamar neurri fiskal eta horietan bilduko litzatekeen diru kopurua aztertu ditu, herrialde aberatsenek laguntza humanitariora bideratutako baliabide ekonomikoak geroz eta murritzagoak diren honetan.
Aberatsak, geroz eta aberatsago; txiroak, geroz eta txiroago. Badirudi lelo hori ari dela aplikatzen bere bigarren agintaldian AEBetako presidente Donald Trump. Presidentetzara heldu eta berehala Elon Musk munduko gizonik aberatsenarekin batera DOGE programa sortu zuen, gastu publikoa eta federala murrizketak egitea xede. Programa horrek hartutako lehen erabakietako bat laguntza humanitariorako USAID agentzia ixtea izan zen, iazko uztailean.
Horrela, munduko herrialde txiro ugariren iturri ekonomikorik handienetakoa zenak 60 urteko ibilbidea amaitu zuen. Itxi aurretik USAIDek 40.000 eta 43.800 milioi dolar arteko aurrekontua zuen, mundu mailan banatutako laguntza humanitarioaren %42. The Lancet aldizkariak eginiko ikerketa baten arabera, 2030era bitarte hamalau milioi pertsonaren heriotza eragingo du erabaki horrek.
Horren harira, aldizkari berak Aberastasuna banatzeko politikak, garapenera bideratutako finantzaketa murriztearen eraginak txikitzeko izenburua duen ikerketa argitaratu du astelehenean, Herrialde Katalanetako ISGlobal taldeak egina. Ikerketa horrek aztertu du hamar neurri fiskal zehatzek zenbat bizitza salba litzakete 2030era bitarte.
Dirudunen zerga arrakastatsuena
Aldizkariak aztertutako neurrien artean, bizitza gehien salbatuko lituzkeena dirudunei ezarritako zerga da: neurri hori Gabriel Zucman frantziar ekonomialariak eginiko proposamenean oinarrituta dago, 1.000 milioi dolarretik gora dutenak zergapetzea xede duena. Aipatu dirutza duten 3.000 pertsonei %1eko zerga aplikatuz gero, 90.000 milioi dolar bilduko lirateke eta 2030era bitarte 15 milioi pertsonaren bizitzak salbatu. Zerga hori %3ra igoz gero, 343.500 milioi dolar bilduko lirateke eta 29,5 milioi pertsonaren bizitzak salbatu, horietatik 3,5 milioi bost urtetik beherako haurrak.
Bizitza gehien salbatuko lituzkeen bigarren neurria Tobin tasa da, dibisen salerosketa eta burtsako transakzio bakoitzaren gainean aplikatzen dena. Ikerketaren arabera, tasa horrek 234.000 milioi dolar bilduko lituzke hurrengo lau urteetan, eta 24,5 milioi pertsonaren heriotza saihestu, horien artean 2,9 milioi bost urtetik beherakoak.
Zerrenda horretan hirugarren neurria multinazional handiei ezarritako %15eko gutxieneko zerga da, Europako Batasunak 2024 hasieran indarrean sartu zuena eta OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundean 140 herrialdek adostu zutena. Trumpek, ordea, multinazional estatubatuarrei zerga horrek ahalik eta gutxien eragiteko, mendeku zerga deiturikoa aplikatu du: Trumpek zergak ipini ahalko dizkie, haren ustez, enpresa estatubatuarrei zergen bidez "itotzen" ari diren aizkien herrialdeetako enpresei. Multinazional handien zerga mundu mailan aplikatuz gero, 173.500 milioi dolar bilduko lirateke eta beste 20 milioi heriotza saihestu.