Diru publikoko 300 milioi errentatzaileentzat, alokairuen ez-ordaintzeak konpentsatzeko

  • Espainiako Gobernuak diru publikoarekin babestu ditu gutxiengo horren irabaziak, etxejabeek legea betetzearen truke. Alokairurako pizgarri fiskalak ere mantendu ditu, gainera.

Isabel Rodríguez (X)
Artikulu hau CC BY-SA 2.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2026ko urtarrilaren 29an - 08:10
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Espainiako Gobernuak iragarri du 300 milioi euroko dirulaguntzak emango dizkiela errentatzaileei, maizterrek alokairua ordaindu ez badiete, etxejabeen irabaziak bermatzeko. Juntsek eskatutako neurri bat da hori, eta 2025eko abenduan onartu zuten errege-dekretu bidez. Orain arte, ordea, ez du oinarririk izan aurrekontuetan. Felix Bolaños Presidentzia, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako ministroak egin du iragarpena Espainiako Kongresuan, "ezkutu sozialaren" dekretua balioztatzeko eztabaidaren erdian.

Bolañosek azaldu duenez, Ministroen Kontseiluak "errentatzaileentzako abal" sorta bat diru publikoz finantzatzea onartu du, alokairua ordaintzen ez dieten kasuetarako. Ministroaren esanetan, gobernua "formulak aztertzen ari da", "errentatzaileak babesteko mekanismo hori handitzeko eta hobetzeko". Aldi berean, esan du ez dagoela "aitzakiarik etxebizitza bat hutsik uzteko, bertan familia bat bizi daitekeenean". Ez du gobernuaren aldetik hori saihesteko neurririk hartu, dena den.

Jabeek legea betetzearen truke

Dirulaguntzen planaren arabera, jabe onuradunek "35 urtetik beherakoei edo pertsona zaurgarriei alokatu beharko dizkiete" euren etxeak, "estatuko erreferentziazko indizea gaindituko ez duen" alokairu baten truke. Gainera, legezko fidantza bete beharko dute eta Administrazioak ezarritako ereduaren araberako abala emateko konpromisoa sinatu beharko dute; hau da, indarrean dagoen legea betetzeagatik sarituko dituzte errentzatzaileak.

Dirulaguntza publikoak, hala, etxejabeen diru-sarrerak bermatzeko mekanismo gisa funtzionatuko du. Maizterrek alokairua ordaindu ezin badute, errentariek dirua normaltasunez irabazten jarrai dezaten balioko du planak, hain zuzen ere.

Beteko ez diren beste neurri batzuei lotuta

Pentsioen balioa handitzeko edo pertsona zaurgarrien aurkako etxegabetzeak eta hornidura-mozketak debekatzeko dekretua eztabaidagai dagoen testuinguru batean heldu da etxejabeen aldeko neurria. Gainera, antzeko neurri "sozialak" onartu diren beste kasu batzuetan, gero ez dira benetan bete. Hala eta guztiz ere, jabeentzako dirulaguntzen lerroak bereizirik doan tramitazio bati eusten dio, Ministroen Kontseiluak onartu baitu aldez aurretik, gobernuak emandako informazioaren arabera.

PFEZaren %100eko hobariak errentatzaileei

Errentadunentzako dirulaguntza hori bat dator, bestalde, Eusko Jaurlaritzak alokairu pribatuan oinarritutako etxebizitzaren arloan hartu berri dituen beste erabaki batzuekin. Urtarrilaren 12an, Pedro Sanchez presidenteak iragarri zuen %100eko hobaria izango dutela alokairuaren prezioa igo gabe kontratuak berritzen dituzten etxejabeek. Prezioei eusteko pizgarri gisa aurkeztu zuten neurria, baina jabeei zuzeneko transferentzia fiskala egitea ere badakar.


Etxebizitza eskubidea kanalean gehiago
2026ko otsailaren 18
Pribilegioa

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.