Diru-bilketa abiatu du ‘Herria’ komunikabideak, zailtasun ekonomikoei aurre egin nahian

  • "Herria-ren etorkizuna ez da segurtatua, bi lanpostu jokoan dira", adierazi du komunikabidea aitzina eramaten duen taldeak. 1944ko urrian sortu zuten Ipar Euskal Herriko euskaltzale batzuk Herria astekaria, eta orduz geroztik aitzina egin du, zailtasunei aurre eginez eta errealitate berriei egokituz.


2026ko maiatzaren 14an - 12:15
Azken eguneraketa: 14:41
'Herria' astekariaren 80 urteen kari egindako agerraldia. Sud Ouest/Belxa
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ipar Euskal Herri mailan aspaldian sustraituriko astekaria da Herria. Euskara hutsean idatzita, astero heltzen da etxeetara, eta azken urteetan sare sozialetan ere kausitu daiteke. 80 urte bete zituen 2024an eta aldaketa berriekin lotu zitzaion kazetari eta kolaboratzaile sarea hamarkada berriari. Kontua da ekoizpen kostuak emendatu ahala, gaur egun zailtasunetan dela astekaria. Zehazkiago, inprimatze eta bidalketa gastuek egin dute gora. Horri gehitu behar zaio harpidetza gutitzearen errealitatea: "Harpidetza kopurua emeki-emeki, urtetik urtera, lerratzen ari da, baina ez da hori arazo bakarra, kondua da diru sartzeak apaltzen ari direla", zehaztu dio Peio Jorajuria publikazio-zuzendariak Kazeta komunikabideari.

Hori horrela diru-bilketa kanpaina abiatu du astekariak. Herritar eta eragile orori egin die deia: "Zuen laguntza ezinbestekoa da, bakoitzak bere ahalen arabera eman dezake".

Azken aldiari begiratuta, 2024an, 11.000 euroko galera izan zuen komunikabideak, eta 2025ean, 28.000 eurokoa. Ikusita aurtengo datuak ez direla hobeak, elkartasun kanpaina abiatzearen alde egin zuten apirilean iragandako biltzar nagusian.

1944az geroztik, "euskaltasunari leihoa zabalduz"

Herria aitzin, Eskualduna astekaria zen Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan barna nagusi, XX. mendearen lehen partean. Baina Bigarren Mundu Gerran Vichyko erregimenaren alde kokatu zenez, debekatu egin zuten 1944an, Frantziako Erresistentziaren Erakundeak hala aginduta. Hutsune horren betetzeko euskaltzale batzuek, Piarres Lafitte buru, astekari berria sortu zuten, linea editorial berri batekin," euskaltasunari leihoa zabalduz". Horrela sortu zen Herria 1944ko urrian. Orduz geroztik testuinguru berriei egokituz joan da aitzina gaur egun arte. "Berrien hedatzeaz gain, gure helburua da herrritarrak euskaraz irakurtzera bultzatzea; gure hizkuntzak egiten baitu gure lurraldea Euskal-Herria dela", irakurri daiteke diru-bilketarako prestatutako idatzian.


Kazetaritza kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 6
Albistea

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.