ARGIA.eus

2020ko ekainaren 06a

Diktadura garaiko militarrak urduri Hego Amerikan

  • Ez dira garai onak behin Hego Amerika luzaro odoleztatu zuten militarrentzat. Barkamen legeek geldiarazitako auziak berrabiaraztea lortu dute gobernu aurrerakoiek. Baina hainbat taldetan elkartuta, gizateriaren kontrako krimenekin zerikusia duten militarrak mugitzen hasiak dira, eta lekukoen edota kazetarien aurkako mehatxuak azaleratu dira.

2011ko martxoaren 19a
Militar ohien Libertad y Concordia Foroak Facebooken duen profilean ikus daiteke goiko argazkia. Berau erabili zuen Roger Rodríguez kazetariak, erakundeak ultraeskumarekin duen harremana salatzeko.

Roger Rodríguez kazetari uruguaiarra aski ezaguna da herrialde hartako azken diktadurako (1973-1985) giza eskubideen bortxaketak argitzeko egin dituen ikerketa lanei esker. Otsailean, Caras y Caretas aldizkarian agertutako bere artikulu bat istilutsua izan da oso eta bere kontrako mehatxuak eragin ditu. Artikuluan, diktadurako krimenei lotuta dauden militar erretiratuek sortutako taldearen berri ematen zuen Rodríguezek: 1971-1974 tarteko promozioetakoak dira, errepresioan parte-hartze zuzena izan zutenak, eta auziperatuak izan daitezke. Komando koordinatzaile batek gidaturiko konfederazioa eratu dute: Libertad y Concordia Foroa. Hego Amerikako eskumako alderdiak batzen dituen UnoAmérica elkarte venezuelarrak eta Argentinako errepresore ohiek babesten dituzte. Hain zuzen, UnoAméricak Montevideon antolatutako bilera batean ezagutu zuten elkar Argentinako Militarren Defentsarako Promozioen Elkarteko (AMDPE) presidente Horacio Guglielmonek eta Foroaren bozeramaile Juan Carlos Araujok. 2010eko abenduan sortu zuten Foroa, oraindik ere jardunean dagoen Miguel Dalmao jenerala –Nibia Sabalsagaray militante komunista hiltzea leporatuta– auziperatua eta espetxeratua izan eta gero. Interneteko beren Facebook profilean lagun dituzte Amerikako eta Italiako hainbat alderdi eta talde faxista, baita Uruguaiko alderdi Gorriko zein Zuriko zenbait diputatu. Gobernuaren eta justiziaren kontrako “guda psikopolitikoari” eman diote hasiera.

Arestian aipatutako Rodríguezen artikulua ez zuten gogoko izan eta, egun gutxira, Héctor Varela militarrak Facebooken argitaratu zituen kazetariaren helbidea eta telefonoa. Auziperatuta dauden militarrak defendatzea eta jardunean dauden militar gazteak, beraiekin bat egiten ez dutenak, erakartzea dira beren helburu nagusiak, antza. Hala ere, ez du ematen matxinatzeko arriskurik dagoenik.

 

Roger Rodríguezek argitu duenez, “gaur egun, militar erretiratu horiek nazioarteko muturreko eskumaren ordezkariak dira; Ameriketan Sao Pauloko Foroa eta Europan aurrerakoia den edozein alderdi etsai dituen muturreko eskuma da. Latinoamerikan zigorgabetasunaren kulturak bizirik dirau, Guantanamon, Iraken edo Afganistanen gertatutakoen sostengu. Eta egia aurkitu nahi dugunok, giza eskubideak defendatzen ditugunok, beraientzat arriskutsuak izan gaitezke. Ez da, beraz, Uruguairi edota Hegoaldeko Konoko diktadurei dagokien gaia soilik. Giza eskubideen gaia da”. Kazetariak gaineratu digunez, “botere ekonomikoa dela-eta, arriskutsuena dira Forokoek nazioartean dituzten harremanak, adibidez Alejandro Peña Esclusak (egun Venezuelan preso, eraso terroristak prestatzea leporatuta) zuzendutako UnoAméricarekin”.

Prestigio gutxiko ‘milikoak’

Raúl Zibechi kazetariak ere balizko epaiketekin lotura duten militarrengana mugatzen du gatazka: “Uruguaiko milikoak ez dira Europakoak edota Brasilgoak bezala. Prestigio gutxikoak dira eta oso soldata baxuak dituzte. Horrexegatik joaten dira Haitira, ea zerbait ateratzen duten, hemen etorkizunik ez baitute. Ezin dugu ahaztu diktaduraren garaietan lapurtu egiten zutela eta orain ezin dituztela egin lehen egiten zituzten negozioak”. Dena dela, ustelkeria, oraindik ere, nahiko hedatuta dago militarren artean; azken hilabeteotan agerian geratu denez, Itsas armadan batez ere.

 

Gatazkaren gakoa giza eskubideen arloan kokatzen duen bakarra ez da Roger Rodríguez. Veronika Engler idazleak gertutik ezagutu zituen militarren joera bortitzak: aita, Henry Engler, Nazio Askapenerako Mugimendua-Tupamaros taldearen buruzagietako bat izan zen.

Hamabi urtez egon zen preso. “Gure herriko justiziak akusatuen eskubideak bermatzen ditu; hiritar oro errugabea da kontrakoa frogatu arte, esaten dute militarrek, baina diktaduran, estatu terrorismoaren garaietan, oinarri horri muzin egin ziotela ahaztu dute”, esaten du Veronikak Libertad y Concordia Foroko taldekideen kexei erreparatuz. “Ez dakit, esaterako, Interneten esaten duten guztia egiteko gai diren, baina inguruetara begiratuz bertan behera laga ez duten Iraungitze Legea [Barkamen legea] eta argitu ez diren hainbat eta hainbat gizateriaren kontrako krimen ikusten ditugu; gure herrian zerbait ondo ez dabilela (justizia, hain zuzen ere) argi dago. Irainak agoantatzen ditugu, agoantatzen dugu presondegietan oso baldintza txarretan egondakoak kalumniatzea. Amnistiaz eta justiziaz mintzo dira, espetxean dauden militar apurrak herritar asko baino askoz hobeto bizi dira, eta, jakina, beste preso guztiak baino hobeto”.

 

Argentinan, 2005ean utzi zituzten bertan behera barkamen legeak eta Menem presidente zela geldiarazitako epaiketak berrabiarazi dituzte. Uruguaiko militarrek eredutzat hartu duten AMDPE ez da errepresiogileak babesten dituen elkarte bakarra. Cecilia Pandok zuzentzen du Argentinako Preso Politikoen Senitartekoen eta Lagunen Elkartea. Uruguain bezala, auziperatutako militarren aldeko kanpainak eta mehatxuak ugariak izan dira. Duela urte bi, Santa Fe hirian egindako epaiketa batean Pandok berak Giza Eskubide Bulegoko zuzendari Eduardo Luis Duhalde mehatxatu zuen. Ezin dugu ahaztu ezta ere 2006ko irailaren 20an, Miguel Etchekolatz genozidak hil arteko espetxe zigorra jaso zuen egun berean, desagertu zela auziko lekuko garrantzitsuenetako bat, Julio Lopez.

 

“Nire ustez, militar hauek Kondor usakumeak dira; aberria salbatzeko estatu terrorismoa justifikatzen duen ereduan heziak. Argentinan, Venezuelan antolatuta daude, orain Uruguain. Lau katu al dira? –galdetu dio bere buruari Jorge Zabalza tupamaro ohiak– Ezin ditugu gutxietsi, 1972an egin genuen bezala”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Uruguai  |  Argentina

Uruguai kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude