Diego Garcia irlako base militarra legeen gainetik dago

  • Azkenean, itxurak ere ezin izan dira gorde. Joan den larunbatean Erresuma Batuak ofizialki onartu zuen bertan behera utzi duela Txagos uhartediari buruzko akordioa, haren subiranotasuna Maurizioko Errepublikari esleitzen ziona eta Diego Garcia irlako base militarra beste 99 urtez alokairuan erabiltzen jarraitu ahal izateko urtean 100 bat milioi libera ordaintzea aurreikusten zuena.

Txagos uhartediko lurzati handiena eta base estrategikoaren egoitza da Diego Garcia irlakoa. Horrexegatik izan da hizpide Iranen aurkako erasoaren harira.

2026ko apirilaren 14an - 12:25
Azken eguneraketa: 16:34
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Tranparen gaineko tranpa baino ez zena, azkenean, Trumpen purrustadek zapuztu dute, hark arbuiatu duen tratatua berresteko epeak ezingo baititu bete Londresko gobernuak. Oposizio toryaren poztasunerako, besteak beste.

Urtetan agintari britainiarrek beren eta nazioarteko auzitegien ebazpenei iskin egiteko landu duten aterabide-amarruak, beraz, ezingo du aurrera egin. Diego Garcia irlak azken hamarkadetako egoeran jarraituko du: AEBen base estrategikoenetako bat izaten, izenez subiranotasun britainiarrekoa omen den Indiako Ozeanoko leku “galdu” hartan. Eta 1970eko hamarkadaren hastapenean indarrez milaka kilometrotara eraman zituzten bertako biztanleak –haien ondorengoak, honezkero– erbeste latzean hiltzen jarraituko dute, auziak irabazi arren.

Bertan behera geratu den sasiakordioarekin ere halatsu izango zen: txagostarrek erbestean jarraitu beharko zuten, base amerikarrak enbarazurik izan ez dezan, Trumpek nahi bezala. Nazioarteko zuzenbideko ika-mika akademikoa da gehienbat Txagos uhartediaren subiranotasunarena, deportatuen eskubideekin zeharbidez baino lotzen ez dena. Handik 2.000 kilometrotara dagoen Maurizioko Errepublika zen onuradun garbia orain ezetsi den akordioarekin; eta egoera zahar/berriak ateak zabaltzen dizkio askoz gertuago dagoen Maldivetako Errepublikari uhartediaren jabetasuna erreklamatzen segitzeko. Baina baseak han jarraitzen duen bitartean, txagostarrek ez dute bizilekurik izango Txagosen.

Indiako Ozeanoaren erdi-erdian egotea du balio nagusitzat uhartediak, eta gogoan izan behar da “Indo-Pazifikoa” ardatz estrategikotzat darabilten potentziek (India bera halakotzat hartzea gehiegizkoa litzatekeenez) bertan duten lurralde bakarrak direla Txagoseko uharteen 56 kilometro koadroak. Beren-beregi, haren lurzati handiena eta base estrategikoaren egoitza den Diego Garcia irlakoak. Horrexegatik izan da hizpide, urrutiago joan gabe, Iranen aurkako erasoaren harira.

Horren estrategiko ote da gaur egun Diego Garcia irla? Besterik ez duen potentziarentzat, noski baietz. Baina, Guam bezala, aspalditxotik dago hura ere AEBek hesituta mantendu nahi duten Txina horren baliabide konbentzionalen, ez soilik estrategiko-nuklearren, irismenaren barruan. Ez hain aspaldi Afganistanen eta egun Iranen egiten ari direna bezalako operazioetako balio dezake...

Baina basea legeen gainetik dago. Eta nori axola dio txagostarren patuak?


Militarismoa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.