Deustu-San Inazioko Modulu Psikosozialaren SOS deia: zaintza komunitarioaren altxorra arriskuan

  • Osasun mentalean, sexu- eta ugalketa- osasunean zein indarkeria matxisten biktimei arretan erreferentziazkoa den baliabide publiko honen memoria jasotzen duen dokumentala aurkeztu dute langileek. Aurkezpen-solasaldia baliatu dute herritarrak aktibatzeko, Bilboko Udalak iragarritako aurrekontuaren %65eko murrizketaren aurka mobilizatu daitezen.


2026ko apirilaren 29an - 08:19
Azken eguneraketa: 09:43
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Deustuko Bidarte udaltegiko aretoa lepo zegoen apirilaren 23an El módulo de sani (Saniko modulua) dokumentala ikusteko eta, batez ere, Bilboko Deustu San Inazioko zentro psikosozial honen biziraupenaren aldeko borrokarekin bat egiteko. Izan ere, Moduluko langileek otsaileko prentsaurrekoan salatu zutenez, Bilboko Udalak %65 murriztu du baliabide publiko-komunitario honen aurrekontua: 2025eko 195.700 eurotatik 68.000 eurotara.

Murrizketak hamabi langileen enplegua arriskuan jartzeaz gain, indarkeria matxistaren esku-hartzean eta sexu- eta ugalketa-osasunaren zein haur eta gazteen osasun mentalaren alorrean erreferentziazkoa den zentro honen itxiera ekarri dezake. “Arriskuan daude ez soilik lanpostuak, baizik eta eredua bera, deszentralizatua, gertukoa, zeharkakoa eta integrala”, adierazi zuten langileek dokumentalaren aurkezpenean.

Haien esanetan, Bilboko Udalak 2025eko urrian jakinarazi zien erabaki politiko “unilateralaren” argudioa da zentro honek osasun zerbitzuak eskaintzen dituen neurrian, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak finantzatu behar duela eta, hortaz, berezkoak dituen eskumenei lotutako jarduerak baino ez dituela babestuko. Logika horrek ziurgabetasunera kondenatzen ditu Bilboko beste bi modulu psikosozialak: Errekaldeberrikoa eta San Frantzisko auzoan dagoen Auzolan modulua.

Langileek argi daukate herritarrak mobilizatzea dela bidea, murrizketa “bulego profesionalen isiltasunean” gera ez dadin: “Erabakia irauli behar dugu. Ezin dizkigute bi bilera eskaini moduluaren existentziak zentzurik ez duela esateko. Alderdi politiko guztien ardura da altxor komunitario honen desegitea galaraztea”, azpimarratu zuten solasaldian. Horretarako, moduluaren balio historikoa erakusten duen ikus-entzunezkoa sortzea izan da urratsetariko bat. Oposizioko zinegotziak gerturatu ziren saiora, ez ordea gobernukoak.

Militante feminista: "Zaintza sistema publiko-komunitarioa nahi dugula eta behar dugula izan da azken urteotan Euskal Herriko mugimendu feministaren lehentasun politikoa, eta komunitarioaren adibide eredugarriak dira modulu psikosozialak"

Drogazaleak Laguntzeko Batzordetik planning zentrora

Marta Elezkano Atienzak David Martinez Suarezen kolaborazioarekin zuzendutako dokumentalak zentroaren sorrera eta garapena azaltzen ditu, lehenengo erabiltzaile eta langile izandako hiru emakumeren testigantzen bidez eta artxiboko irudiek lagunduta. Langile etorkinen txabola-gunea izatetik langile etorkin horiek eraikitako auzo jendetsu izatera igaro zen Bilboko San Inazio XX. mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetan. Industrializazio testuinguru horretan heroinaren krisia hedatu zenean, lehenengo familia kaltetuek Drogazaleari Laguntzeko Batzordea sortu zuten 1980an apartamentu xume batean, eta 1982an erregistratu zuten elkarte gisa.

Heroinaren menpeko gazteen amek txukundu zuten egoitza, eta kuotak ordaintzen hasi ziren zentroko gastuei aurre egiteko. Lehenengo psikologo, psikiatra eta gizarte langileak boluntario aritu ziren Begoña bezalako gurasoak laguntzen. “Guk, emakumeok, tapizatu genituen aulkiak eta 25 pezeta jarri genituen hilean. Nire senarra ez zen inoiz hara agertu, nire min bera zuen arren. Semea hil zenean, den-denok babestu ninduten”, azaltzen du Begoñak dokumentalean.

1983an, Deustu eta San Inazio auzoetako Emakume Feministen Taldearen eskutik igaro zen Drogazaleari Laguntzeko Batzordea planifikazio familiarreko zentro bihurtzera. Garai hartako eztanda feminista eta gaztetxeari lotutako aktibazioa gogora ekarri ditu bigarren elkarrizketatuak, Marijosek: “Auzoarekiko kezka handia genuen, egun sumatzen ez dudana. Aurkikuntza zoragarria izan zen modulua. Azterketa ginekologikoak nituen, nahi ez nuen haurdunaldi bat konpondu zidaten, antisorgailuei buruzko kalitatezko informazioa ematen ziguten… Edozein zalantza genuenean, han lasai galdetu genezakeen”. Konfiantza gune horretan, Marijosek lortu zuen familia eremuko sexu abusuen biktima izan zela izendatzea: “Hain zen handia ezkutatzeko joera, beldurra, lotsa, errua… Borroka feministari esker izango ez balitz, nire barruan gordeta jarraituko luke sekretu horrek”.

Eguzek, planning saileko langilea izandakoa bere sorreratik, dokumentalean berretsi du Deustu-San Inazio, Errekalde zein Auzolan moduluak mugimendu feministatik jaio zirela: “Emakumeei behar zutena ematen genien, planning-az harago. Hitzaldiak antolatzen genituen hainbat metodo ezagutzera emateko: pilulez gain, DIU-a eta diafragma; orduan harrera oso ona izan zuen. Mediku konbentzionalek, jatorrak izanda, pilulak agintzen zituzten asko jota; jendeak ez zekien ondo zer irensten ari zen eta nola hartu behar ziren”.

Laster konturatu ziren planning metodoak eskaintzeak bidea ematen ziela indarkeria matxista egoerak identifikatzeko, instituzioek indarkeria hori arautu eta artatu baino bi hamarkada lehenago. “Ikusten bagenuen antisorgailu bila zetorren emakume horrek bikotekidearekin arazoak zituela, gure psikologoarekin edo abokatuarekin hitz egitea iradokitzen genion”, gaineratu du Eguzek.

Eredu hori urtez urte indartu eta errotu zen, Bilboko Udalarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin lortutako hitzarmenen bidez. “Eta, hala ere, prekaritatearen mamua izan dute beti, Moduluaren webgunean irakur daitekeenaren arabera: ezarpen-maila, eskariaren hazkundea eta programen garapen-maila ez dira beti beharrezko dotazio ekonomikoekin batera joan, izan ere, aldizka zailtasun ekonomikoko egoerak jasan ditugu, eta baliabide gutxirekin mantendu behar ditugu kualifikazio handiko langileak”.

2012an Emakunde saria jaso zuten Bilboko hiru modulu psikosozialek berdintasunaren alde eta indarkeria sexistaren kontrako prebentzioan eta sentsibilizazioan egiten duten lanagatik. Alabaina, hamalau urte ondoren, haien esku-hartze komunitarioa jomugan jarri du Bilboko Udalaren aurrekontu murrizketak.

Denek errepikatu zuten solasaldian, hitz desberdinekin, mezu bera: modulua etxe dutela, loturak egin dituztela han, giza berotasuna, gatazken aurrean segurtasun-burbuila, barruak husteko malko-zapia

Erresistentziarako ideia zaparrada

Moduluko langileek dokumentalaren bidez erakutsi nahi izan dute haien ezinbesteko funtzio soziala. “Auzoko indar komunitarioari esker lortu zuten bere garaian heroinaren testuinguru kritikoan antolatzea, eta indar komunitarioari esker jarraitzen dugu gaur egun ere sistematik at geratzen denari erantzuna ematen; zoritxarrez gaur egun ere asko da”, aldarrikatu zuten solasaldian.

Hala, bertaratutako publikoa erresistentziarako subjektu politiko bihurtu zen solasaldian. Langileek hurrengo galderak bota zizkieten adin eta profil askotariko parte-hartzaileei: Zer ekarpen egiten dio moduluak auzoari? Zerk bereizten du bestelako baliabide publikoen aurrean? Zer ekarriko luke galtzeak?

80ko hamarkadan moduluan basektomia egin zuen adineko gizonetik hasita eta sexu erasoak bizi izan dituen neska gaztearekin amaituta, denek errepikatu zuten solasaldian, hitz desberdinekin, mezu bera: modulua etxe dutela, loturak egin dituztela han, giza berotasuna, gatazken aurrean segurtasun-burbuila, barruak husteko malko-zapia. Emakume batek gaineratu zuen gertuko baliabide hori desagertzeak kalte berezia eragingo liekela egoera zaurgarrienean dauden auzokideei.

Halaber, osasun mentalean diharduen profesional batek adierazi zuen hiru modulu psikosozial desagertzeak “gainkarga jasangaitza” eragingo lukeela Bilboko gainerako zentro espezializatuetan: “Psikiatra gehiago behar ditugula aldarrikatzen dugu, gainezka gaude, eta erantzuna baliabideak kentzea da!”, deitoratu zuen.

Jarraian, auzoko militante feminista batek gogoratu zuen “zaintza sistema publiko-komunitarioa nahi dugula eta behar dugula” izan dela azken urteotan Euskal Herriko mugimendu feministaren lehentasun politikoa, eta komunitario horren adibide eredugarriak direla modulu psikosozialak. “Auzo bat, modulu bat” aldarriaren aurrean, udalaren erantzuna izan da dauden bakanak arriskuan jartzea. Gauzak horrela, maiatzerako mobilizazioak iragarri zituen.

Erresistentziarako estrategien ideia zaparrada eskatu zuten antolatzaileek eta askotariko proposamenak egin zituzten parte-hartzaileek: prentsa eta sare sozialen bidez presioa egitea, auzoko eragileak inplikatzeko informazio-euskarriak sortzea, egunerokoan ahoz ahokoaren indarra aintzat hartzea, udalaren osoko bilkuretara taldean joatea, sinadura bilketa egitea, herritar moduan banan-banan kexatzea…

Bitartean, egungo langileek, solasaldian onartu zuten, lanean dihardutela jakin barik 2027an zer gertatuko den zentroarekin. Aldi berean, azpimarratu zuten haiek ez liratekeela kaltetu bakarrak izango. Erretiroa hartu duen langile historiko batek hala adierazi zuen: “Modulua ixten bada, feminismoaren kalterako izango da; feminismoak galtzen badu, emakumeen kalterako izango da”. Eta komunitate osoaren kalterako, “arreta-eredu inklusiboa eskaintzen duten heinean”, gaineratu zuten langileek.


Osasuna kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.