45.000 lagunek bat egin dute Bilbon Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak deitutako greba egunean. Gutxieneko soldata 1.500 eurotan ezartzeko aldarriak bat egin du gerraren aurkako eta mundu "justuago" baten aldeko aldarriekin.
Indar erakustaldi jendetsua izan da asteartean Bilbon, horrela definitu dute grebarako deia zabaldu duten sindikatuen bozeramaileek. Eguerdiko 12:30ean zeuden deituta hiria gurutzatu duten lau zutabeak, eta Plaza Eliptikoan batu dira: 45.000 lagun izan dira guztira, ELAren datuen arabera. Ondasunak modu “justuagoan” banatzeko aldarria eta patronalari eta Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari mezu argia zuzendu diete manifestariek: Hego Euskal Herriko bizi mailara egokituko den gutxieneko soldata ezinbestekoa dela. Patronalarekin negoziazioa eta gobernuekin bide politikoa itxi badira ere, grebak berriz bi bide horiek ireki dituela aldarrikatu dute; hain zuzen ere, aurreratu dute datorren astean berriz ekingo diotela patronalarekin negoziatzeari.
Bide luzea du Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata propioaren aldeko borrokak. Herri Ekimen Legegilea izan zen lehenengo, ia 140.000 sinadurarekin; eztabaidatzeari uko egin zioten, ordea, parlamentuek. “Herri Ekimen Legegilea zapuztu eta oztopatu digute EAJk, PSEk eta PSNk: PP eta Voxen botoekin bat egin dute, jarrera antidemokratiko eta zentralista babestuz”, salatu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari orokorrak Bilboko manifestazioaren amaierako ekitaldian. Hegoaldeko bi gobernuek hartutako bide bera hartu du patronalak ere bai, lau aldiz uko egin baitio sindikatuekin negoziazioak egiteari, gutxieneko soldata igotzeak gainontzeko soldatetan ere igoera ekarriko lukeelakoan. “Eta hori da gure helburua”, azaldu du Lakuntzak, enpresek azken urteetan irabaziak bikoiztu badituzte ere, soldatek “apenas” egin baitute gora.
Jendetzak egin du bat Bilboko kaleetan, goizean goizetik, Euskal Herriko gehiengo sindikalak plazaratutako deiarekin. Zabalburutik, Deustutik, Errekaldetik eta udaletxetik atera dira lau zutabeak, eta tarteka batu zaizkie are goizagotik piketeetan aritu direnak. Aberastasunaren birbanatzearen aldeko aldarriek hartu dute Bizkaiko hiriburua. “Gutxi batzuen etekinak baino herritar guztien bizitza erdigunean jarriko duen eredu sozial eta ekonomikoa eraiki beharra dago”, azaldu du Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak.
Egungo egoera politikoari zuzenean lotutako aldarriak entzun dira Jesusen Bihotzeko oholtzatik, Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitza paretik –Ertzaintzaren presentzia sendo batek babestua–. Martxoaren 17ko grebak bi zutabe nagusi dituela azpimarratu du Lakuntzak: elkartasuna eta konpromisoa egoera txarrenean dauden pertsonenganako; eta subiranotasun handi baten premia. Izan ere, sindikatu deitzaileek subiranotasunean jarri dute azpimarra, Arroyok berak ere esan duenez: “Autogobernua erabat motz geratzen da langileen aldeko neurriak hartzeko gai ez bada. Zerga politikaz erabakiak hartu ahal dira, baina gutxieneko soldatarenak ez. Hori gaindituko dugu”.
Era berean, Madrilen ordezkaritza daukaten euskal alderdiei ere zuzendu zaizkie, Espainiako Gobernuarekin dauden akordioetan gutxieneko soldata “lehentasun” izan beharko luketela aldarrikatuta. Lakuntzak aurreratu du Madrilen gehiengoa osatu dezaketen Hego Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako alderdiekin –EH Bildu, ERC eta BNG– bilera erronda jarri dutela martxan, aipatu eztabaida kongresura eraman dezaten.
Izan ere, sindikatuek argi azaldu dute gutxieneko soldatak sektore prekarizatuei eragingo liekeela, “kapitalismoaren aurpegi gordinena” pairatzen dutenei. “Gutxieneko soldata jasotzen dutenetatik bi heren emakumeak dira: hau greba antiarrazista eta greba feminista da”, azaldu du Lakuntzak. Hain zuzen ere, greba egin ezin dutenak ere izan dituzte gogoan, etxeko langile egoiliarrak, esaterako: “Ez diete uzten negoziatzen, baina hemen daude eta greba egin ezin izan dutenak ere hemen daude. Zuen alde borrokatzen ari gara”, aldarrikatu du Arroyok. Bestalde, aipamen berezia egin diote Aiaraldeako langile borrokari, Tubos Reunidoseko eta Maderas de Llodioko borrokak gogoan.
Greba feminista eta antiarrazista soilik ez, antimilitarista eta internazionalista ere badela argi utzi dute, gerraren aurkako aldarriak izan baitira oholtzatik; baita, ariketa internazionalista batean, herri zapalduen aldekoak ere.
Hezkuntza ere borrokan
“Langile klaseari eragiten dionak hezkuntzari ere eragiten dio, eta hezkuntzak gizarteari eragiten dio. Gure ikasgelak zeharkatzen dituzte egoera prekario horiek”, hartu du hitza Haizea Arbide Steilas sindikatuko ordezkariak, manifestazioaren bukaeran. Aldarrikatu du, hain zuzen ere, hezkuntzaren muina eskubideak, justizia soziala eta berdintasunak defendatzea dela: “Ezin dugu duintasunik irakatsi bizitza eta soldata prekarioak onartzen baditugu”.
Hezkuntza eta, oro har, zerbitzu publikoak defendatzearen premia azpimarratu du Arbidek, “horrenbeste prekarizatu” sortu dituen lan merkatuaren aurrean premia horiek are agerikoagoak direla ondorioztatuta. Beraz, hezkuntzaren ikuspegitik ere, lan baldintza duinak, aberastasunaren birbanaketa eta subiranotasuna aldarrikatu ditu Steilasek.
Mundu mailako olatu erreakzionarioaren aurka
“Ultraeskuina eta faxismoa hedatzen ari diren munduan”, 105.000 manifestari bildu ditu Hego Euskal Herrian martxoaren 17ko grebak, “elkartasun, berdintasun eta justizia sozialaren alde”, Lakuntzaren hitzetan. Eta gehitu du: “Langile klasea antolatzen denean, ultraeskuinak ez du tokirik”, Martxoaren 3ko sarraskiaren 50. urteurrena gogora ekarrita.
Honela laburtu du mezua Arroyok: “Langile jendearekin gaude gu eta gaur konpromisoa berresten dugu: ez dugu inor atzean utziko. Langile guztien baldintzen alde, olatu errakzionarioari bidea itxiko diogu. Euskal Herrian aldaketa sozial eta politikoari bultzada emango diogu”.
Pello Maudo Herreroren argazkiak