Desokupazio enpresa batek adingabeko bat duen familia bat etxegabetu nahi duela salatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Larrialdi telefono bat jarri dute martxan.
Desokupazio enpresa bat ibili zen adingabeko bat duen familia bat jazartzen aurreko astean erdigunean. Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu duenez, etxeko jabeak “Desocupacion Legal” izeneko enpresa bidali zuen familia mehatxatzera, ezin baitu legalki kanporatu iruzurra egiteagatik. Joan den astean izan zen lehenengo bisita, baina gehiago egongo direla iragarri dute.
Enpresa mota hauek familien zaurgarritasun egoeraz baliatzen direla azaldu dute sindikatuko kideek, baina argi adierazi dute aurre egingo dizkietela. Era berean, antzeko egoera batean dauden pertsonei beraiekin antolatzeko deia luzatu diete.
Desokupazio enpresa faxista hauek gero eta ohikoagoak dira. Aurreko astean, lau esku hartze egon ziren Hego Euskal Herrian. Salatu dute desokupek “inpunitate osoz jarduten dutela, poliziaren eta estatuaren onespenarekin eta hedabideek zein sare sozialek anplifikatuta”. Enpresa hauek langile klasearen kriminalizazioa eta familia langileen praktiken normalizazioan funtsezko papera jokatzen dutela mahai gaineratu dute, eta “faxismoaren eta diskurtso antiproletarioen aurrelariak” direla.
Sindikatuak funtsezkotzat jo du faxismoari aurre egitea “bai esparru ideologikoan, bai gure hirietako auzo eta kaleetan”. Horregatik, urtarrilaren 31n Bilbo faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurkako egingo den manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu dute.
Etxebizitza Sindikatua familia babesteko eta desokupazio enpresa faxistei aurre egiteko konpromisoan berretsi da. Horretarako larrialdiko telefono zenbaki bat jarri dutela martxan jakinarazi dute: 632 73 72 28. Antolakundeak adi egoteko eskatu du, “desokupak gertu ikusten badituzu” telefonora deitzeko eskatu dute. Amaitzeko mezu bat zabaldu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: “Antola gaitezen faxismoaren aurka!”
