Enpresa handi askotan ekoizpena “erabat” eten dela jakinarazi dute greba orokorra deitu duten sindikatuek. Kaleratzeak eta enpresen itxierak nozitu dituzten Aiaraldea bezalako eskualdeetan, langileen protesta eta mobilizazio ugari izan dira lehen ordutik.
Greba orokorrak eragin nabarmena izan du industriaren alorrean Hego Euskal Herrian. Bereziki Gipuzkoa, Bizkai, Nafarroa ipar-ekialdea eta Arabako Aiaraldea eskualdean nabaritu da lanuztea, sindikatu deitzaileek helarazi dituzten datuen arabera, eta zenbait kasutan ekoizpena “erabat” eten da.
Aldiz, enpresa txikietan eragina apalagoa izan da, esaterako, Donostialdeko industria-gune handiena den Martuteneko 27 poligonoan, hedabide honek ikusi ahal izan duenez.
Lurraldez lurralde
Gipuzkoan jarraipena ia erabatekoa izan da, eta milaka langile enplegatzen dituzten Irun eta Beasaingo CAFen lantokietan, baita Ampo, Irizar, Indar, KSB Itur, Guerra Hermanos, Fagor Elektroika, Ulma, Arcelor, eta beste zenbait enpresetan ere.
Nafarroan, ipar-ekialdea eta Iruñerria izan dira grebaren epizentroak: Torrasel, Funvera, Lesakako Arcelor Lantokia, Portland, Kysbe, Ingeteam eta beste hainbat enpresak ateak itxi dituzte
Nafarroan, ipar-ekialdea eta Iruñerria izan dira grebaren epizentroak: Torrasel, Funvera, Lesakako Arcelor Lantokia, Portland, Kysbe, Ingeteam eta beste hainbat enpresak ateak itxi dituzte. Erriberan, berriz, eragina hainbestekoa izan ez den arren, Congelados Navarra, Huerta de Peralta, Uvesa, Florette eta Viñedos Ría enpresetako langileek bat egin dute grebarekin, besteak beste.
Bizkaian jarraipena oso zabala izan da. Enpresa handi askotan atera dira grebara, besteak beste: Nemak, Losal, Cementos Lemona, Cikautxo eta Gestamp. Azkeneko enpresa horretan, Abadiñon kokatua, zuzendaritzak berriki jakinarazi du 280 lanpostu murrizteko asmoa duela datozen urteetan.
Araban Cie Goian, AEG, Laminaciones Arregui, Arcelor, Cie Gameco eta beste enpresa askok ere itxi dituzte ateak.
Aiaraldea, grebaren lehen lerroan
Araban greba orokorrak eragin handien Aiaraldean izan du, sindikatuek jakinarazi dutenez. Hain zuzen, enpresa industrial garrantzitsuen itxierak eta langile-kaleratzeek erasandako eskualdea da (Glavista, Guardian, Talleres Abasolo...) eta langileek ez dute zalantzarik izan industriaguneetara jo eta lantokien sarrerak blokeatzeko.
Besteak beste, enpresa hauek itxi dituzte ateak Laudion eta Amurrion: Maderas Llodio, Tubos Reunidos, Tubacex, Unausa, Amurrio Ferrocarril eta Envases Metalúrgicos.
Aiaraldea komunikabideak jarraipen zorrotza egin die pikete informatiboei eta ertzainekin edo lanera joan nahi zuten langile bakanekin tentsio uneak izan direla azaldu du. Lehen taldeak Aiala Vidrion elkartu dira eta hortik jo dute beste lantokietara. Amurrion barrikadak jarri dituzte industriagunean, Laudion herrigunerantz egin eta hango trafikoa eten dute, eta azkenik, Tubacex enpresako atarian ere elkarretaratu dira.
Laudion merkataritza sektoreak ia erabat babestu du greba, langileek saltoki handiak itxiarazi dituzte, Eroski, kasu, eta jaitsita zeuden pertsianetan lelo bat gailendu da: “SOS, Aiaraldean bizi, Aiaraldean erosi”.
Industriako garbitzaile azpikontratatuak ere greban
Industriako sektoreak, beste sektore ekonomiko guztiak bezala, ezin izango luke funtzionatu bere barrenak zaintzen eta garbitzen dituen langile azpikontrataturik gabe, gehienak emakumeak dira. M17ko greba orokorraren helburuetako bat arrakalak bukatu eta gizarteko sektore prekarizatuenen soldatak duintzea da, eta hortaz, ez da harritzekoa lantegi handientzat aritzen diren garbikuntza enpresetan ere grebak eragina eduki izana.
Indar, Irizar, Petronor, Fagor, CAF, CIE eta Elayko lantokietan garbitzen aritzen diren langileek ere planto egin dute martxoaren 17an, grebarekin bat egiteko. Beste askok ez dute aukera hori, baina aldarrikapena babesten dutela adierazi dute egunotan.