Desgaitasuna duten ikasleen eskubideak bermatzeko baliabide falta dagoela salatu du Cermin elkarteak

  • Desgaitasuna duten pertsonen eta haien senideen hezkuntza eskubideei buruzko kezkak eta salaketak jasotzen dituen txosten bat argitaratu du Nafarroako Cermin elkarteak.

Desgaitasuna duten ikasleetan bazterkeriak eta jazarpenak leku handia hartzen dute.

2026ko apirilaren 10ean - 10:54
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Galdera eta zalantza asko heltzen dira Cermin Desgaitasunak dituzten Nafarroako Pertsonen elkartera. Horietako asko hezkuntza arloan desgaitasunak dituzten pertsonen eskubideen ingurukoak dira. Hori dela eta elkarteak ikerketa bat abiatu, eta txosten batean jaso ditu emaitzak. Ondorioztatu dute eskubideen inguruko informazioa urria dela eta profesionalen arretaren araberakoa, eta baliabideak falta direla. Urtarrilean aurkeztu zuten txostena.

Eztabaida saioen bidez eskuratu dute informazioa, eta bi profil elkarrizketatu dituzte. Alde batetik, itunpeko ikastetxeetan eta ikastetxe publikoetan derrigorrezko ikasketak egiten ari diren eta desgaitasunen bat duten ikasleen familiak. Bestetik, itunpeko ikastetxeetan eta ikastetxe publikoetan derrigorrezko ikasketak egin dituzten eta desgaitasunen bat duten gazteak. Ikerketa Nafarroa osoan egin da, baina gehienak Iruñerria mailako lekukotzak dira.

Lehenik eta behin, ondorioztatu dute “gabezia handia” dagoela familiek jasotzen duten informazioan. Izan ere, familiek ez dute argi zer erreklamatu dezaketen, non eta nola. Gainera, “argitasun falta” eta “ezegonkortasuna” salatu dute: “Ikasturte batetik bestera aldatu egiten da informazioa, eta profesionalen mezuen artean kontraesanak daude. Aldi berean, informazioa ezkutatzeko eta gezurra esateko joera dago”.

Horrekin batera komunikazioa “ez da homogeneoa”, eta profesional bakoitzaren arretaren arabera aldatzen da. Bestalde, ikusi dute baliabide faltagatik ez dituztela behar beste egokitzapen egiten, eta horrek zuzenean eragina duela irisgarritasunean. “Hezkuntza zentroetan familiekin hitz egiten dutenean, onartzen dute ez dituztela behar beste baliabide ikasleen beharrei erantzuteko. Ikusi dugunagatik, askotan baliabide faltaren aitzakiapean beste zentro batera joateko gonbita egiten diete”, diote txostenean.

Familien eskubideetako bat da informazio argia edukitzea eta jarraipenaren berri izatea, baina informazio gehiago eskatzen dutenean, batzuetan ukatu egiten diete. Horrek, “estigmatizatu”, “baztertu” eta “epaitu” egiten dituela dio elkarteak. Argi dute arazoa “egiturazkoa” dela, eta ondorio emozionalak eta psikologikoak eragiten dituela.

Kezka adierazi dute desgaitasuna duten ikasleen kontrako bazterkeria, jazarpen eta bullying kasu asko dagoelako. Horregatik, beharrezkotzat jo dute gaia sakontasunez aztertzea eta amaitzeko neurriak hartzea.

Gomendioak eta proposamenak

Egoera zein den ikusita, zenbait gomendio eman ditu elkarteak. Lehenik, hezkuntza inklusiboaren arloan dauden eskubideen inguruko gida bat sortzea proposatu du elkarteak. Familiei formatu “erraz” eta “ulergarrian” informazio “argia” eta “zehatza” ematea izan beharko luke helburu. Horrek familien karga arindu dezakeela uste du elkarteak.

Bigarrenik, familien eta hezkuntza zentroen arteko komunikazioa hobetzeko protokolo bat ezartzea proposatzen du txostenak. Horrela, informazioa eta arreta homogeneizatu daitekeelako. Hala nola, proposatzen dute familien eta profesionalen arteko hitzordu kopurua eta ikasleen jarraikortasuna handitzea, informazio transmisioa egoki ematen dela ziurtatzea eta erabakiak hartzeko espazioa ematea.

Baliabide ekonomikoak zein giza baliabideak handitzeko eta profesionalak gehiago trebatzeko premia ere ikusi dute. Horrekin batera, ikasleentzako eta familientzako erreferentziazko figura bat sortzeko beharra adierazi dute. Uste dute oso lagungarria izan daitekeela sentsibilizazio lana egiteko.

Azkenik, topalekuak sortzea proposatzen du txostenak. Helburua komunitatea sentsibilizatzeko eta estereotipoei aurre egiteko espazioak sortzea da. Horretarako, tailerrak, esperientziak partekatzeko saioak eta denen arteko elkarrizketak sortzea gomendatzen dute.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Hezkuntza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.