“Desgaitasuna baloratzeko zerbitzua eskubideetarako sarbide bat da, eta ezin da horrekin jolastu”

  • Noelia Da Costak, Eginaren Eginez elkarteko gizarte langileak salatu du Arabako Foru Aldundiak desgaitasuna baloratzeko zerbitzua pribatizatzeko asmoa duela.

Noelia Da Costa Olaia L Garaialde | ARGIA CC BY SA

2026ko uztailaren 3an - 06:50
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Arabako desgaitasuna eta mendekotasuna baloratzeko zerbitzua eztabaidagai izan da azken urteetan. Itxaron zerrenda luzeek ziurgabetasuna sortzen dute herritarrengan. Izan ere, desgaitasun mailaren aitortza funtsezkoa da hainbat prestazio, laguntza ekonomiko eta gizarte-zerbitzu eskuratzeko. Zenbait eragilek salatu dute Arabako Foru Aldundiak zerbitzu publikoak indartu beharrean, azpikontratatzeko eta hortaz, pribatizatzeko asmoa duela. Asko dira kontra agertu diren eragileak, alderdiak eta herritarrak; esate baterako, Eginaren eginez elkartea, Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko (GOFE) langileak, EH Bildu eta ESK sindikatua.

Noelia Da Costa Eginaren Eginez elkarteko gizarte langileak eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen kolektiboko kideak pribatizatzearen arriskuak azaldu ditu: “Pribatizatu ordez, sistema publikoa indartu behar da, bestela zerbitzuaren kalitatea galduko da”. Horretarako, uste du beharrezkoa dela zerbitzua baliabidez hornitzea eta lan baldintza onak sustatzea. Nabarmendu du ere zerbitzua “funtsezkoa” dela: “Desgaitasuna baloratzeko zerbitzua eskubideetarako sarbide bat da, eta ezin da horrekin jolastu. Zerbitzuari esker desgaitasunen bat dugun pertsonok prestazioak lortu ditzakegu, eta edozein baliabide eskuratzeko sarrera da. Gure eskubideak bermatzeko modu bat da”.

Zerbitzuari eragiten dioten edozein hausnarketa edo erreforma prozesutan, desgaitasunen bat duten pertsonak eta eurekin lan egiten duten erakundeak kontuan hartzea eskatu dute

Pribatizatuz gero, profesionaltasuna galdu daiteke, dio. Horregatik, azpimarratu du garrantzitsua dela langileak ongi formatzea. Gainera, 2023tik balorazio baremo berri bat dute, eta Da Costak kontatu du zerbitzu publikotik kanpo dauden hirugarren sektoreko langileek ez dutela behar beste formakuntza: “Bi orduko formakuntza eman ziguten, eta hori urria da profesionalok kalitatezko orientazioa emateko”. Formakuntzarako langileak kontuan izateaz aparte, herritarrei orokorrean, baina bereziki desgaitasunen bat duten herritarrei begira ere pentsatu beharra dagoela dio: “Berrikuspena tokatzen denean edo balorazio berri bat,  ez dakigu nola aplikatzen den kasu bakoitzean eta zein irizpide dauden”.

Elkartetik eskatzen dute zerbitzuari eragiten dioten edozein hausnarketa edo erreforma prozesutan, desgaitasunen bat duten pertsonak eta eurekin lan egiten duten erakundeak kontuan hartzea: “Gure eskubideez ari dira. Horregatik, ezer egin aurretik, horrelako errealitateekin egunerokoan gauden profesional eta pertsonekin kontsultatu beharko lukete”.

Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko langileen protesta.

Aniztasun funtzionala kanalean gehiago
2025eko uztailaren 23
Meloi saltzailea
Duintasuna

2025eko martxoaren 5
Lurraldea eta arkitektura
Desgaia gai

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...