Tentsio sozial eta politikoek markatutako testuinguruan hasiko da ostegun iluntzean gizonezkoen Munduko Futbol Kopa. Mexikon, AEBetan eta Kanadan jokatuko da, uztailaren 19ra bitartean. Egunotan luze idatzi da FIFAko buru Gianni Infantinoren ibilera esperpentikoez, Trumpen "basailu" gisa agertu den heinean. Oihartzun txikiagoa izan dute, ordea, anfitrioi diren hiru herrialdeetan deitutako protestek, izan, izan diren arren. Mexikon, esaterako, ari dira mobilizatzen desagertuen senideak, feminizidioen aurkako kolektiboak, eragile ekologistak, sexu langileak, CNTE koordinadorako irakasleak, laborariak, pentsionistak, mediku eta erizainak... "Gobernuak obligazioa du kolektibo horien guztien eskaerei erantzuteko", irakurri dugu La Jornada-n, deitutako protesten jarraipena egiten ari den medioan.
Protestan diren kolektibo batzuen aldarrikapenak zuzenean loturik daude Munduko Futbol Koparen antolaketari, salatzen dituzten heinean estadio inguruetan gertatutako gentrifikazio prozesua, erakundeek azpiegituretan xahututako dirua edota hainbeste jende mugitzeak eragingo duen ingurumen kaltea. Besteenak, desagertuen senideenak eta irakasleenak tartean, testuinguru zabalagoan kokatzen dira, baina "guztiak dira legitimoak, eta gobernuak obligazioa du aintzat hartzeko", idatzi du Mario Patrónek La Jornada egunkarian, Mundial 2026: la preponderancia del derecho a la protesta ("Munduko Kopa 2026: protesta-eskubidearen nagusitasuna") artikuluan.
"Gizarte-asaldura horren aurrean, gobernu federalak nabarmendu du ez dituela manifestazioak zapalduko, baina baieztapen hori protestarako eskubidearen berme eraginkor batekin soilik eutsi ahal izango da", dio kazetariak, "manifestarien aurka indar publikoa ez erabiltzeaz gain, benetako erantzukizuna adierazita, horretarako gizarte eragileekin elkarrizketa eraginkorrak ezartzeko baliabideak eskainiz, konfiantza eraikiz eta ekintza ibilbide integralak marraztuz". Patrónen hitzetan, biktimak eta historikoki baztertuak eta zapalduak izan diren sektoreak jarri behar dira erdigunean, justizia eta erreparazio eskakizunei erantzuteko.
"Nahitaezkoa da gobernuak eskubideen auziari heltzea", dio, "eta, oportunismo politikoari egotzita, mobilizazioen arrazoia sinplifikatzen duen diskurtsoa ez baliatzea". Munduko Futbol Kopak, tamainako txapelketa hartzeko Mexikoren gaitasuna neurtzeaz gain, mundu guztiaren aurrean erakutsiko du azken urteotan egindako aldarrikapenak artatzeko zein ahalmen instituzional dagoen Mexikon, La Jornada-n irakurri dugunez.
Infantinoren jarrera otzana
FIFA nazioarteko futbol federazioak "inperio txiki bat" eraiki du Munduko Futbol Kopa honetarako, "dirua fakturatzeko makinaria eraginkorra", idatzi du, bestalde, Alberto Acevesek La Jornada-n bertan. Funtsean, ARGIAren 2.976. zenbakian plazaratu dugun FIFA: Trumpen basailu, kapitalismo basatienaren mandatari erreportajean jaso ditugunak ditu hizpide kazetariak, osagai berria gehituta. Izan ere, oraintsu jakin dugu Somaliako arbitro Omar Artani ez diotela AEBetan sartzen utzi, Miamiko aireportura heltzean 11 orduz galdekatu zutela, eta ostean Turkiara deportatu. Antzekoa gertatu zaie, halaber, beste hainbat ordezkari eta futbolzale afrikarri.
Horri buruz galdetuta, adierazpen zoragarriak egin ditu Infantinok, futbol organo goreneko presidenteak: "Konponbideak aurkitzen saiatu gara, baina ez gara munduko erregeak, ezin dizkiegu gure nahiak gobernuei eta indar bereziei inposatu. Kirol erakundea gara. Omarri gertatu zaiona penagarria da, baina batzuetan merezi du apur bat lasaitzeak. Kritikatu nahi banaute, ongi dago, baina Munduko Koparen bidez batasuna susta dezaten eskatzen diet".
"Batasuna" norberak nola ulertzen duen, ordea...