argia.eus
INPRIMATU
Derryko ‘Petrol bomber’ murala ezabatu? “Ezta pentsatu ere” diote egileek
  • Aurpegian maskara bat jarrita, eskuetan molotov koktel bat duen gazte bat. Atzean kea. Irlanda Iparraldeko Derry hiriko Bogside auzoan dagoen muraletako bat da. Hau ezabatu edo aldatu behar zela zioten iritziei erantzutera atera dira egileak. Murala ez dute ez gainetik margotuko ezta kenduko ere. Bogside Artists kolektiboak argi utzi du, Belfast Telegraph egunkariak jaso duenez.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2019ko otsailaren 21
\'Petrol bomber\' murala ezaguna da mundu osoan.

Murala Herriko Galeria gisa ezaguna den bildumaren parte da. Derryko Bogside auzoko eraikin ugaritan daude halako margolanak.

Murala kentzeko eskatu dutenek adierazi dute margolan neutroagoa eta hiriarentzat modernoagoa egin behar dela, eta horregatik nahi dutela aldatu.

Bogside Artists kolektiboko presidente Emmet Doylek honela erantzun du: "Mural hau, Herriko Galeria osatzen duten besteekin batera, Bogside auzoko historiaren narratibaren parte da eta hori kentzeko iradokitzea gertatu zena ukatzea da. Ez da biolentziaren laudorio bat, beste muralekin batera gure historia errepresentatzen du eta ez da hemendik inora joango".