Denon Bizitzak Erdigunean dinamikak elkarretaratzea egin du Donostiako epaitegiaren aurrean 2023ko greba feminista orokorrean desordena publikoa eragitea egotzita epaitu dituzten hiru pertsonei elkartasuna adierazteko. Salatu dute areagotzen ari direla mugimendu sozialen aurkako kriminalizazioa eta errepresioa. Elkarretaratzean datorren apirileko mobilizazio nazionalean parte hartzera dei egin dute, Zaintza herri konpromisoa lelopean, "zaintza sistema eraldatzeko".
“Borrokan jarraitzea dagokigu, sistema bera errotik aldatzeko, tartean, zaintza eraldatuz”. Hala aldarrikatu du Biki Pozo Euskal Herriko mugimendu feministako eta Denon Bizitzak Erdigunean dinamikako kideak. Azaroan hiru urte beteko dira Euskal Herriko greba feminista orokorra egin zenetik. “Zaintza sistema publiko-komunitario” baten alde Euskal Herriko kaleak bete egin ziren eta Denon Bizitzak Erdigunean dinamikak “historikotzat” baloratu zuen mobilizazioak. Zenbait pertsonarentzat, ordea, ez da iraganeko kontua. Ostegun honetan grebarekin bat egin zuten Zumaiako hiru grebalari epaitu dituzte egun hartan desordena publikoa eragitea egotzita. Akordioa lortu dute eta isunak ezarri dizkiete. Elkarretaratzea egin dute Donostiako epaitegiaren aurrean epaituei elkartasuna helarazteko eta zaintza sistema publikoa aldarrikatzeko.
11:00etan egin dute elkarretaratzea, hain justu, hiru zumaiarrak epaitegira deituta zeuden orduan. “Aspalditik daramagu lan honetan, hau da gure bidea, honetan jarraituko dugu jo eta su, zapalkuntzak zapalkuntza eta oztopoak oztopo”, esan du Pozok hasi baino lehen. Hiru auzipetuek bertaratutakoen txalo eta babes keinuen artean igo dituzte eskailerak; behean geratu diren bozeramaileak, pankarta eta mikrofonoa prest, epaitegiari eta kideei begira mintzatu dira.
“Euskal Herriko mugimendu feministak urteak daramatza zaintza eta lanaren banaketa sexuala politizatzen, zaintza lanak lan duinak izateko borrokan, eta horien birbanaketa aldarrikatzen”. Dinamikaren jarduna gogoratuz hasi da Euskal Herriko Gazte Feministetako kide Laura Iparragirre: . Hala, 2023ko azaroaren 30ean greba feminista orokorra egin zuten, “zaintza sistema publiko komunitarioaren” alde. Iparragirrek azpimarratu du grebaren antolaketa prozesua zein eguna bera “mugarri garrantzitsua” izan zirela.
Egun hartan hainbat grebalari identifikatu zituzten Euskal Herriko leku ugaritan, eta haietako hainbat atxilotu egin zituzten, Zumaiakoak kasu. Hiru urteko prozesu judiziala izaten ari da: 2024ko ekainaren 5ean Zumaiako hiru kideek epailearen aurrean deklaratu zuten, desordena publikoa eragitea egotzita. “Epailearen esku geratu zen zein bide judizial egin eta orain 6 hilabeteko espetxe zigorra jasotzeko arriskua dute”, azaldu du Iparragirrek. Gehitu du akordio batera ere irits daitezkeela, baina hori eginez gero, mila eurotik gorako isunak ordaindu beharko dituztela. “Biak ala biak zigor onartezinak dira”.
Pozok hartu du hitza ondoren. Zumaiarrei elkartasuna helaraztearekin batera, Gasteizko atxilotuen egoera ekarri du gogora. Azaldu du desobedientzia eta agintaritzaren aurkako atentatuak egitea leporatuta epaitu zituztela. "Delitu bakoitzagatik sei hilabeteko espetxealdira eta kostuak ordaintzera zigortu dituzte”.
Salatu du horrelako eraso eta epaileen helburua “zaintza eraldatzeko borroka oztopatzea” dela, “borroka horren alde" lanean ari diren kideak geldiarazteko asmoarekin. Horren aurrean, garbi adierazi du: “Antolakuntza eta desobedientzia jazartzen duen sistemaren aurrean, borrokan jarraituko dugu”.
Borrokatu, sistemaren erroak eraldatzeko
Mobilizazioetan atxilotutakoei babesa adierazteaz gain, fokua zabaldu eta egungo testuinguruari begira jarri da Denon Bizitzak Erdigunean dinamika. Beren esanetan, gero eta krisi gehiago daude, eta pobretzea eta zerbitzuen pribatizazioa ere hazten ari dira. Horrek guztiak zerikusia du zaintza lanekin: “Sistemak berak zaintza lanen pisua oraindik ere familiengan uzten du, eta bereziki, emakumeengan eta emakume migratzaileengan, zeintzuek, gehienetan, baldintza prekarioetan eta ikusezinetan ari diren lanean”, esan du Pozok.
Eta ez hori bakarrik. Nabarmendu dute “faxismoaren eta jarrera autoritarioen” gorakada gertatzen ari dela nazioartean, eta ikus daitezkela horren zantzuak Euskal Herrian ere. "Diskurtso misogino, arrazista eta klasistak” indartzen ari direla, eta, kontrara, zabaltzen ari direla eskubide sozial eta kolektiboen aurkako erasoak eta mugimendu sozialen aurkako kriminalizazioa eta errepresioa.
Testuinguru horren aurrean, ohartarazi dute borrokan jarraituko dutela, “erasoei aurre egiteko” eta sistema bera “errotik aldatzeko”. Horregatik, gogoratu dute 2027ko apirilaren 17an mobilizazio nazionala egingo dutela Bilbon. “Egun hori zaintza eraldatzeko herri konpromisoaren adierazpen bateratua izatea nahi dugu, ardurak hartzea exijitzeko eta garaipen berriak lortzeko urrats bat gehiago”, esan du Pozok. Hortaz, Donostiako epaitegiaren aurrean egindako elkarretaratzetik dei egin diete “Euskal Herriko eragile eta norbanakoei” zaintza sistema eraldatzeko konpromisoa hartu eta datorren apirileko mobilizaziora batzeko.