Denboraren aterabidea

  • Otsailak 28 ostirala, beste egun batez ilunabarrak Gasteiz harrapatu du. Astebururo lez, Jimmy Jazz aretoak bere ateak ireki eta kaleko iluntasunari sartzen utzi dio, hormak belzten doaz. Denak berdin jarraitzen du, astebururo errepikatzen den protokoloa martxan dago.

Argazkia: Dospordos

2020ko martxoaren 27an - 12:27

Guk ere beti bezain inuzente jarraitzen dugu, oraindik gure denboraren jabe garela sinistuta gaude. Uste dugu gure astiaz gain, besteena ere kontrolatzen dugula; sarrera bat niretzat eta beste bat opari nire lagunarentzat. Baina lasai, denborak erakutsiko digu honek ez duela funtzionatzen pentsatzen dugun bezala. Denbora gelditu, izkutatu, laburtu egiten dela konturatuko gara, denbora oraina dela ikusiko dugu eta gero ihes egiten duela ohartuko gara.

Denboraren joan etorri honetan, oholtzara begiratzen dugu pazientzia gutxiko ikusleok. Gaueko lehenengo kontzertuaren zain. Pelax eta bere banda dira iluntzeko lehenengo protagonistak. Eszenatokia kez betetzen ari da eta  lau lagunak agertzen hasi dira. Bakoitzak bere instrumentua hartu eta artistaren azkenengo diskoa jotzen hasi dira.

Argazkia: Dospordos

Donostiarrak alfabetoaren lehenengo lau letrekin izendatu ditu bere abestiak : A, B, D eta E. Lau kantu soilik, baina zein baino zein luzeagoa. Bataz beste hamazortzi minutu irauten du bakoitzak. Rock progresiboaren kutsua somatzen da giroan, eta kontzertuak aurrera egin ahala Telmo Trenorren elektronika gehitu zaie. Bateria, baxu, gitarra eta sintetizadore arteko koordinazioak borobildu du Pelax taldearen ikuskizuna. Ihes egin digu denborak berriro ere, hasi eta bukatu egin da gaueko lehenengoa.

Palindromo batek lapurtuko dizkigu hurrengoko minutuak; Inoren ero ni.  Bi aldeetatik berdin irakurri, baina esanahi berdina duen esaldia. Gitarra, baxu eta bateriak osatzen dute Andoainen jatorria duen banda hau. Argitaratutako azken diskoak,“Il cercatore di perle” izena du eta euskarara itzuli daiteke perla-ehiztari bezala. Hori dela eta, taldekideek bilatzaile gisa definitzen dute haien burua.

Oholtza gainera igo eta ile urdindua duen abeslariak ikusleei bizkarra emanda hasi du emanaldia. Erritmo azkar eta bortitzekin batera, turuta batetik abesten du Okenek eta eszenatokiko alde batetik bestera mugitzen da. Bozgorailuen atzean jarri eta alkandoratik tira egiten du musikak hipnotizatu balu bezala. Musikarien arteko ulermena agerian geratzen da abesti batetik bestera. Kantaria ikusleengana jaitsi eta bertan ematen dio amaiera gaurko jardunari. Laukote bilatzaile honek haien perlak erakutsi dizkigu, baina bilatzaileek denbora luzea behar izaten dute perlaz jositako altxorra aurkitzeko. Ikusleoi aldiz, hegan egin digu denborak altxorraren barruan zeuden perlen bila.

Dospordos-en argazkiak:

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude