PSOE, PP, Vox, EAJ, Junts eta UPNren babesarekin ‘multireincidencia’ deituriko legea onartu dute Espainiako Kongresuan. Horren bitartez, delitu arinak hainbatetan errepikatu dituzten pertsonak gogorrago zigortu ahal izango dituzte. Neurriak kritikak hauspotu ditu ezkerrean, "ideia faxistei proiekzio izugarria" emango dielako.
Ostegunean Espainiako Kongresuak gehiengo zabalarekin onartu du Zigor Kodea eta Prozedura Kriminalaren Legea aldatzea, besteak beste, delitu arinak hainbatetan errepikatu dituzten pertsonak gogorrago zigortu ahal izateko. Neurriak ahalbidetuko luke hiru lapurreta arin pilatzen dituztenei sei hilabetetik hemezortzi hilabetera arteko espetxe-zigorrak ezartzea; baita lapurtutako materialaren guztizko prezioa 400 eurotik gorakoa ez bada ere.
Junts per Catalunya alderdiak prestatu zuen lege proposamena PSOEren, PPren, Voxen, EAJren, Juntsen eta UPNren aldeko botoekin onartu da. Sanchezen gobernua babesten duten talde gehienek –Podemosek, Sumarrek, BNGk, Kanarietako koalizioak eta EH Bilduk–, ordea, kontra bozkatu dute, eta ERC abstenitu egin da. Orain, legea senatutik pasa beharko da, baina bertako indar politikoen harremanari erreparatuta ez dirudi oztopoa izango denik.
Lege proposamena Junts per Catalunya alderdiak erregistratu zuen orain bi urte eskas, eta urte hartan bertan tramiterako onartu bazuten ere PSOEren, PPren, Voxen, EAJren eta UPNren babesarekin, izoztuta geratu zen Sanchezen gobernuaren eta Puigdemonten alderdiaren desadostasunak tarteko. Pasa den abenduan, baina, gobernuak bere bazkideak gerturatzeko keinu gisa desblokeatu zuen tramitazioa, aurrekontuen atarian. Gainera, PSOEk eta PPk adostutako sei transakzio-emendakin gehitu dituzte legean. Horien bitartez, urtebetetik hiru urterainoko zigorrak ezarriko dituzte delituak "larriak" direnean edo gailu elektronikoak nahiz "behin eta berriz egindako iruzurrak" tartean direnean.
Kritika gogorrak hauspotu ditu neurriak ezker hegaletik, "kutsu arrazista eta xenofoboa" duela argudiatuta. Izquierda Unidako Enrique Santiagok adierazi du mundua zein gaizki dagoen islatzen duela: “Esku gogorra ahulekin eta inpunitatea indartsuekin”. Podemosek salatu du arauak Juntsek Aliança Catalanarekin duen lehiari erantzuten diola: "Juntsek faxisten postulatuak hartu behar ditu eskuin muturraren botoa ez galtzeko, eta PSOEk botoak ematen dizkio". EH Bilduren arabera, delitu arinen egileei zigorrak gogortzeak “ez du balio delituak prebenitzeko”.