Ordezkaritza urria duten sektorera emakumeak erakartzeko asmoa du neurriak, aldeko eta kontrako iritzien artean. Unibertsitateko dekanotza argi mintzatu da: genero estereotipoak gainditzeko balioko du eta gizonezko hautagaiengan izango duen eragina txikia da.
Egin ohi dituzten nazioarteko rankingetan munduko unibertsitate teknologiko onenen artean kokatzen da Herbehereetako Delft unibertsitate politeknikoa. Ingeniaritza Aeronautiko eta Espaziala ikasiko duten emakume gehiago bilatzen dituzte, kontuan hartuta genero estereotipoek baldintzatuta gehiengo handia gizonak direla espezialitate horretan. Gutxieneko plaza kopuru bat emakumeei gordeta, pixkanaka joera apurtzen joatea eta gero eta emakume gehiago izateak orduan eta emakume gehiago erakartzea nahi dute.
Gaur egun %22 inguru dira matrikulatuta dauden ikasle emakumezkoak, eta %30ean jarriko dute langa (urtero onartzen dituzten 440 ikasletik gutxienez 132). Erabakiak hautsak harrotu dituela-eta, garbi adierazi dute unibertsitatetik: “Onenak hartuko ditugula bermatzen du 440 plaza betetzeko iaz adibidez 100 nazionalitate ezberdinetako 4.300 hautagai izan genituela, eta hautagai gizonezkoengan eragin txikia izango du, denek gainditu beharko baitituzte sartzeko proba berdinak”. Zehazki, puntu kopuru bera duten azterketen artean baino ez du aplikatuko unibertsitateak lehentasun politika; alegia, puntuazio bera duten emakume eta gizonen artean, emakumea lehenetsiko da. Berdintasun legeetan agertu ohi den neurria da, adibidez funtzio publikoan ordezkaritza gutxi duten postuetarako.
Zehazki, puntu kopuru bera duten azterketen artean baino ez du aplikatuko unibertsitateak lehentasun politika
2024an, Herbehereetako Hezkuntza Ikuskaritzak neurria blokeatu zuen, baina orain, herrialde hartako Giza Eskubideen Institutuak begi onez ikusi du eta 2027-2028 ikasturtean martxan jartzea aurreikusten du unibertsitateak. Horretarako, Hezkuntza Ministerioak onartu beharko du lehenik.
Erabakiak sortu duen eztabaidan, hainbatek azpimarratu du emakumeak arlo zientifiko eta teknikoetara erakartzeko neurriak hezkuntzaren aurreko etapetan ere sustatu behar direla, genero estereotipoek ez ditzaten interes eremuak mugatu.