Dejabu antzerki konpainiak jaso du Donostiako Antzerki saria Itzulera antzezlanarekin; martxoaren 27an egongo da ikusgai Donostiako Victoria Eugenia Antzokian.
Dejabu Errenteriako (Gipuzkoa) antzerki konpainiak irabazi du 26. Donostia Antzerki saria Itzulera antzezlanarekin. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak 12.000 eurorekin eta Nora Pilarte Galdona margolariaren obra batekin saritu ditu. Martxoaren 27an izango da sari banaketa, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, 19:30ean Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Obra ikusteko aukera egongo da orduan, eta “hainbat sorpresa” egongo direla azaldu dute antzezleek Irutxuloko Hitzan. Konpainiaren 25. urteurrenean jaso dute saria eta oso eskertuta azaldu dira antzezleak saria jasotzean. Gogoan izan dituzte kide eta lagunak, Errenteriako tradizio politikoa ere izan dute gogoan “asanblearioa, feminista eta langile mugimenduarekin bat datorrena izanik”. Udal eta erakundeei ere eskerrak eman dizkiete emandako babesagatik.
2001ean sortu zuten Dejabu kolektiboa, antzerki “poetikoa, garaikidea eta hauskorra” jorratzeko helburuarekin. Bosgarren aitortza jaso dute Itzulera lanarekin. Umoretik eraiki duten road moviea da, antzerkia eta zinema batzen dituena. Errenterian estreinatu zuten obra eta Euskal Herriari bira eman diote. Antzerki konpainia bateko hiru kideren kontakizuna gorpuzten dute Ainara Gurrutxaga, Urko Rekondo eta Miren Alcalák: Etxepare Euskal Institutuak emandako bekaren laguntzarekin Mexikora egingo dute bidaia, euskaldunak elkarrizketatzeko asmoz. Ustekabez betetako bidaia da, eta Davis Aguilar zinegileak antzezlanean zehar denbora errealean irudiak sortu eta errealizatuko ditu.