Debekaturiko bi pestizida berriz legalizatzeko bidea adostu dute Frantziako parlamentariek

  • Azetamiprida eta flupiradifurona pestizidak legalizatzeko bidea adostu du senatarien eta diputatuen arteko Batzar Misto Paritarioak. Greenpeacek gogorki salatu du erabakia: "Legebiltzarkideek nahita aukeratu dute arduragabeak diren agroindustrial batzuk lehenestea, ingurumenaren, biodibertsitatearen, osasunaren eta etorkizuneko belaunaldiengan izango duen eraginaren kaltetan". Iazko urtean herritarren desadostasun handia eragin zuen pestizida horien legeztatzea zekarren Duplomb Legeak eta finean, Konstituzio Kontseiluak deuseztatu zuen neurria. 


2026ko uztailaren 17an - 07:00
Getty
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Frantziako Konstituzio Kontseiluak iaz deuseztaturiko Duplomb Legeko bigarren artikuluak zekarrena Nekazaritzarako Larrialdi Legean sartzearen alde egin du senatarien eta diputatuen arteko Batzar Misto Paritarioak: azetamiprida eta flupiradifurona pestizidak legalizatzeko bidea adostu dute. Duplomb legearen ezeztatzea galdetzen zuen eskaerak bi milioi izenpedura bildu zituen iazko urtean eta finean, abuztuaren 7an pestiziden erabilpena baimentzen zuen bigarren artikulua deuseztatu zuen Konstituzio Kontseiluak. Hain justu, ingurumenaren babesaren izenean hartu zuen erabakia –pestizida horiek aurretik ere debekatuta ziren Frantziako Estatuan, dakarzkien kalte ekologikoengatik–. Oroitarazteko, Europar Batasunean baimenduak baldin badira ere, Frantziako Estatuan debekatuta dira bata zein bestea.

Ostegun honetan adosturikoari segi, azetamipridaren erabilera hur-hazkuntzetarako bideratuko litzateke, eta flupiradifurona sagarretarako, gerezietarako eta erremolatxen hazien estaltzeko. Horrez gain, produktu fitosanitario bat merkaturatzeko baimena kenduz gero, "indultu-epea" sistematikoki baimendutako gehieneko iraupenera ezartzearen alde ere egin du batzordeak. Horrek erran nahi du debekatutako pestizidak saltzen segitzen ahalko dutela sei hilabetez, eta urtebetez erabiltzen ahalko dituztela.

"Beste garai bateko legea da, munduaren eraldaketei entzungor egiten diena. Pestizida arriskutsuak berriz baimendu nahi dituzue, Medikuen Elkargoaren jarrerari muzin eginez", adierazi du ezkerreko diputatu Aurélie Trouvék. Greenpeacek ere gogorki salatu du bozketa: "Komunitate zientifikoak behin eta berriz ohartarazi arren, eta neonikotinoideen itzuleraren aurka dauden bi milioi pertsonei bizkarra erakutsita, legebiltzarkideek nahita aukeratu dute arduragabeak diren agroindustrial batzuk lehenestea, ingurumenaren, biodibertsitatearen, osasunaren eta etorkizuneko belaunaldiengan izango duen eraginaren kaltetan. Lotsagarria da!".

Laborantza herrikoiaren aldeko kolektiboak mobilizatu ziren Duplomb legearen kontra. Tartean, ELB sindikatua.

Batzorde Misto Paritarioan bildutako zazpi senatarik eta zazpi diputatuk lortu dute Nekazaritza Larrialdiko Lege Proiektuari buruzko adostasuna. Zortzik alde egin dute –hautetsi zentristak, eskuinekoak eta eskuin muturrekoak–, lauk kontra –ezkerreko parlamentariak– eta bi abstenitu dira –Macronen aldekoak biak–. Lege bozketarako prozesu azeleratua erabaki du gobernuak, hori horrela Senatuan zein Legebiltzarrean bozketa bakarra eginen dute.


Laborantza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...