argia.eus
INPRIMATU
Debagoienan Atez Atekotik kaleko edukiontzietara pasata, organikoaren zakarrek arazo larria sortu dute
  • Debagoieneko EHBilduko hautetsiek eskualde honetako Mankomunitatearen legealdiko balantzea egiterakoan esan dute sistema aldaketarekin asko ugaritu direla zakar edo inpropioak orain kaleko edukiontzi handietan biltzen den hondakin organikoan eta GHKk berak ohartarazi duela hori arazo larria dela, konpostatzeko gaitzat tratatzeko orde errefus bezala hartu beharko baita. Alegia, erraustegia elikatzeko zabor.

Zero Zabor @zero_zabor 2019ko maiatzaren 15
(Argazkia: Goiena)

Debagoiena mankomunitatean EHBilduk dauzkan ordezkariek eman dituzte azalpenok, Goienarako Amaia Txintxurretak bildu dituenak, idatziz bezala bideoz. Honela idatzi du Txintxurretak:

"Ingurumenari dagokionez, alderdiko Mikel Biainek [Oñatiko alkateak] adierazi du 2015ean Mankomunitateko Gobernu Junta berria eratu zenean, edukiontzi bidezko sistemara aldatzearen ondorioz, 'debagoiendar guztiondako kostu aurrezpen bat' iragarri zutela ordezkari berriek. Baina, gaineratu du datuek erakutsi dutela, ez dela horrela izan: 'Kosturik ez murrizteaz gain, arazo larri bat sortu da gaika bildutako hondakinetan inpropio maila oso altuagatik', azaldu du. Eta hauxe gaineratu: 'Egoera honek ondorio ekonomiko sakona izan dezake, hondakina organiko plantan ez hartzeak, errefusa bezala hartzeko arriskua dagoelako, eta ondorioz, tratamendu kostuak asko igoko liratekeelako'.

Bio-hondakinak errefus bezala hartzeak badu ondorio larri bat, ekonomikoaz gain: Zubietako erraustegi berriaren elikagai bihurtuko dutela, aurretik TMBtik pasata.

Gipuzkoan bio-hondakinak gaika sailkaturik modu bat baino gehiagotan biltzen dira (Atez Ate, kaleko edukiontzietan batzuetan txipez kontrolatuta, beste batzuetan kontrol barik...) eta gaikako bilketen datuak ematen direnean sarritan denak metatzen dira multzo berean. Aldiz, ez dira denak batean pilatzekoak, batzuek eta besteek dauzkaten zakar edo inpropio kopuruek oso gai ezberdin bilakatzen dituztelako: organiko garbiak balio du konposta egiteko, organiko zikina errefus gisa tratzera kondenatuta dago.