Eusko Jaurlaritzako goi funtzionariotzako kide da Arriola, eta azken urtean laguntza publikoetako bost batzordetan parte hartu du gutxienez, 31,5 milioi euro kudeatuta. Ekainean hartuko du erretiroa.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailetik 75.571 euroko soldata gordina jasotzen du urtean Alfonso Arriolak, horixe baieztatu du Amaia Barredo sailburuak Eusko Legebiltzarrean, elDiario.es-en Iker Rioja kazetariak jaso duenez. Albisteak harrabotsa piztu du, De Miguel auziko inputatuetako bat izan baitzen Arriola, prebarikazio delitua leporatuta, eta lau urteko inhabilitazioarekin zigortuta. Inhabilitazio hori “sozietate publikoetara”, ez administrazio orokorrera, bideratuta zegoela argudiatuta, Urkulluren gobernuak ontzat eman zuen Arriolak administrazio publikoan lanean jarraitzea; are, lanpostuz igotzea. Dirulaguntza publikoak kudeatu ditu Arriolak, horrela baieztatu du Barredok, eta azken urtean 31,5 milioi euroren gestioa izan du ardura: sailaren aurrekontuaren %11.
Euskal Herrian inoiz epaitu den ustelkeria kasurik handiena izan zen De Miguel auzia. Tartean izan zen Alfonso Arriola EAJko buruzagi ohia eta 2006 eta 2009 artean Miñanoko Parke Teknologikoko gerentea. Hain zuzen ere, parke horretako buru zela, prebarikazio administratiboko delitua egin izana leporatu zion fiskaltzak: legez kontrako komisioen trukean, parkeko esleipenetan esku hartzen utzi zion Alfredo De Migueli. Fiskaltzak 24 urteko kartzela zigorra eskatu bazuen ere, ez zen kartzelara sartu; inhabilitazioa jaso zuen, ordea, eta harrezkero administrazio publikoan lanean jarraitu du, eta postuetan gora egin du. Ekainean erretiratuko da Arriola.
Aipatu saileko programen zerbitzuaren buru bihurtu zen iaz Arriola, eta sailburuaren hitzetan, bere funtzioen artean daude politika industrial eta komertzialeko “txostenak idaztea”, Jaurlaritzaren ekinbiderako “irizpideak zehaztea”, laguntzen programak “kudeatzea”, “estrategiak diseinatzea” eta “aholkularitza”.
26 inputatu ikertu zituzten De Miguel auzian. Horietatik lauk jaso dituzte kartzela zigorrak: altuena Alfredo De Miguel berak jaso zuen, bederatzi urtekoa. Aurtengo otsailean eman diote hirugarren gradua, espetxeratu eta bi urte eta erdira.
Erreakzioak
Urkulluren gobernuak Arriolak funtzionario lanetan jarraitzea ondo ikusi bazuen ere, egungo EAJren buruzagitzak bestelako iritziak plazaratu izan ditu. Joseba Diez de Antxustegi EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak berriki gaitzetsi egin du Arriolak lanpostu publikoetan jarraitzea; Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere ildo bereko iritzia plazaratu zuen El Correo-n emandako elkarrizketa batean.
Oposizioan, PP izan da galdera legebiltzarrera eraman duena eta "eskandalagarritzat" jo du Ana Morales legebiltzarkideak. EH Bilduk jada publikoki hitz egina zuen gaiaren inguruan. Iaz, aipatu Balorazio Batzordeko buru izendatu zutenean kaleratutako oharrean, erabakia "ulertezina eta onartezina" zela adierazi zuen alderdiak, eta salatu mota horretako erabakiekin "gizartean inpunitatearen sentsazioa hedatzen" dela.