15 urtez azpikoei sare sozialak debekatzea onartu du Frantziako Asanbleak

  • Australiaren ostean, adin txikikoei sare sozialetan aritzea debekatuko dien bigarren herrialdea izateko bidean da Frantziako Estatua, baina kasu honetan erabiltzaileen bizkar jarri da ardura, ez plataforma handietan. Lizeoetan mugikorra mugatzea ere badakar legeak. Datorren irailetik aurrera litzateke.

Freepik / Foto-muntaketa: ARGIA

2026ko urtarrilaren 28an - 07:00
Azken eguneraketa: 10:04
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Frantziako Asanblea Nazionaleko diputatuen aldeko 116 boto eta kontrako 23 izan ditu, astelehenean, 15 urtez azpikoei sare sozialetarako sarbidea debekatzeko lege proiektuak. Emmanuel Macronen gobernuak martxan jarri nahi duen lege nagusietakoa izanik, prozesua azkartzeko asmoa du: senatuak bozkatu behar du orain, eta otsaila erdialdean onartua izatea aurreikusten du. Sare sozialetan aritzeko debekua 2026ko irailaren 1ean sartuko litzateke indarrean.

Australian, plataforma digital handiek jasoko dituzte zigorrak, legea betetzen ez badute. Aldiz, Frantziako kasuan erabiltzaileek dute ardura hori, Europar Batasunak ez baitu baimentzen –oraingoz behintzat– plataformek adina egiaztatu behar izatea. Piztu den zalantzetako bat da ea halako neurri bat egingarri izango ote den, adina egiaztatzeko sistema eraginkorrak aztertzen ari baita Europar Batasuna. Kezka bera izan zuten Australian ere, legea martxan jarri aurretik, eta berriki gobernua pozik agertu da emaitzarekin: bi hilabete eskasean, adin txikikoen 4,7 milioi kontu ezabatu dituzte plataformek sare sozialetatik.

Helburua, "muga garbiak ezartzea"

“Kontua ez da sareak deabrutzea, muga garbiak ezartzea baizik. Plataformen askatasuna bukatzen da gure umeen babesa hasten den lekuan”, defendatu dute neurria gobernutik. TikTok-ek adin txikikoengan dituen eragin psikologiko kaltegarriei buruzko ikerketa, parlamentuak berak eskatua, izan da neurriaren abiapuntuetako bat, eta iaz 14 urteko ikasle batek ikastetxeko ikuskaria hil izanak ere gaiarekiko alarma gorria piztu zuen gobernuan. Duela aste gutxi txosten kezkagarria argitaratu du Frantziako Osasunaren Segurtasunerako Agentziak, sare sozialek haur eta nerabeen buru-osasunean dituzten ondorio kaltegarriak zerrendatuz. Ziberjazarpenaren arriskuaz ere sarri ohartarazi dute adituek.

Debekua, "proposamen sinplista"

Frantzia Intsumisoa izan da lege proiektuaren aurka bozkatu duen alderdi bakarra, besteak beste askatasuna mugatzen duela argudiatuta. “Egia da sareak ziberjazarpenerako espazio ere badirela, baina zuen proposamena sinplista, nagia eta lekuz kanpokoa da –adierazi dute–, 15 urte eta egun bat duten horiei arazo berdinek eragingo ez baliete bezala”.

Lizeoak ez badu ezer zehazten, zuzenean ikasgeletan eta pasilloetan egongo da debekatuta mugikorra, eta baimenduta patioko leku jakinetan

Macronekin berarekin bildu zen Miel Abitbol 18 urteko influencerra ere kritiko mintzatu da: “Arazoa da ikuspegi okerretik ari direla gaia jorratzen: gehienentzat, sare sozialak harreman, deskubrimendu eta adierazpenerako espazioa dira. Bai, algoritmoak toxikoak dira eta arautu egin behar dira, eta bai, benetako alfabetizazio digitala behar dugu, baina debekuaren erretolika honekin, gero ez harritu gazteek helduenganako konfiantza galtzen badute”.

Dena den, 2025eko abuztuan Odexak egindako inkestaren arabera, Frantziako Estatuan lizeoan diren ikasleen %67ak zentzuzkoa ikusten du neurria.

Lizeoak ere, mugikorrik gabeko arnasgune

Ikastetxeetan ikasleek mugikorra sartu ahal izatearen inguruan da astelehenean onarturiko lege proposamenak dakarren beste puntu bat. Gaur egun, mugikorra debekaturik dago Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, eta lizeoetan gauza bera egitea aurreikusten zuen legeak, baina azken testuaren arabera, lizeoak berak zehaztu behar du, bere barne-araudian, non eta zein baldintzatan erabili daitezkeen smartphoneak. Lizeoak ez badu ezer zehazten, zuzenean ikasgeletan eta pasilloetan egongo da debekatuta mugikorra, eta baimenduta patioko leku jakinetan.

ARGIAren Hezkuntza kanal berezian aurkituko duzu ikaskuntza eta irakaskuntza munduari lotutako bideo-erreportaje, podcast, artikulu eta albiste bilduma zabala.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Sare sozialak kanalean gehiago
2026ko otsailaren 18
Teknologia
Nor da nor?

2026ko otsailaren 11
Teknologia
Migratzaile digitalak

Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.