Data berria du Zubietako kartzelak: “Maiatza edo ekaina”

  • Agerraldi bateratua egin dute asteazkenean Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko ordezkariek Txomiñenean, Martuteneko eta Zubietako kartzelen etorkizunaren inguruan. Aurreratu dutenez, “maiatza eta ekaina bitartean” eramango dituzte egungo presoak Zubietara, eta horren ostean, 2027ko lehenengo seihilekoan botako dute Martuteneko kartzela, etxebizitzak egiteko. 


2026ko otsailaren 12an - 07:00
Zubietako Eskusaitzeta industrialdean eraikitzen ari dira Norte III kartzela. Espainiako Gobernuaren EAEko Ordezkaritza
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Denis Itxaso sailburuak esan duenez, “historikoa”da akordioa. “Hamarkada askotan” lehenengo aldia omen da Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak elkarrekin abiatuko dutela etxebizitza proiektu bat hirian. “Klase ertainarentzat” 400 etxebizitza izango direla ziurtatu du: “Sinbolikoa da, kartzela izatetik etxebizitzak izatera bihurtzea”. 

Martuteneko espetxea eraisteko proiektua Visesak idatziko du -idazteko kontratua martxoan esleitzea “espero du—, eta eragiketa egiteaz arduratuko den Estatuko Casa47 erakundeari emango zaio irailean. Esleipenaren aurrekontua 4 milioi euro ingurukoa izango da.

Itxasok azaldu duenez, hurrengo urratsa prozesua formalki abiaraztea ahalbidetuko duten hainbat hitzarmen sinatzea izango da . Lehenik eta behin, Visesak idatzita egongo den eraispen-proiektu teknikoa lagako dio Casa47 erakundeari. Aldi berean, higiezinaren jabea den Espainiako Barne Ministerioak antzinako espetxea Casa47 erakundeari lagatzeko ekintza formalizatu beharko du.

“Casa47 erakundeak proiektua eta higiezina dituenean, eraispenaren egikaritze materialerako lehiaketa abiarazi ahal izango du, eta dagokion eraispen-lizentzia eskatu ahal izango dio Donostiako Udalari”, zehaztu du sailburuak. Izan ere, lur horiek ez dira ez Jaurlaritzarenak; lurren bi heren udalarenak dira eta beste herena Espainiako Gobernuarena.

Udalak argitu duenez, “udalak ahal izan duen guztia bizkortu du kartzela eraisteko hitzarmena eta otsailean bertan onartzea espero du Tokiko Gobernu Batzordean”. Zehaztu duenez,  “Jaurlaritzak ez dauka lurrik. Eta lurrak Etxebizitza sailaren esku uzteko proiektuak eta epeak eskatzen ditu. Ez dadila gertatu, aurrekariak ikusita, lurrak utzi eta urteak pasatzea ezer egin gabe”.

230 preso izatetik, 400 izatera

Zubietako zentroa irekitzeari dagokionez, Maria Jesus San Jose sailburuak nabarmendu du “euskal espetxe eredua” sendotzeko aurrerapausoa izango dela. Sailburuaren ustez, “zigortu bai”, baina “birgizarteratzean” fokua jartzea da ereduaren muina. Egun, 230 preso ditu Martutenek, eta Zubietak 400 jasotzeko aukera ematen du. 

Datozen egunetan, SIEPSE sozietate publikoak higiezina Espainiako Gobernuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiari transferituko dio, Eusko Jaurlaritzak Transferentzien Batzorde Mistoan jaso aurretik. Horren ondoren, pare bat hilabete aurreikusten dira egokitzeko obra txikiak egiteko eta instalazioak prest jartzeko, eta maiatza eta ekaina bitartean jarriko dira martxan.


Kartzela kanalean gehiago
2025eko abenduaren 10
‘Ekaitz in da house’-etik ‘All in da house’-era
10 urte murruen aurka eta euskaratik estilo librean errimatzen

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.