Aurtengo edizioko film sopresa, Ink aurkeztera heldu da Donostiara zuzendari eta ekoizle britainiarra. The Sun egunkari sentsazionalistaren sorrera dakar filmak, Ruper Murdoch milioidunak egunkaria erosi eta Larry Lamb editoreari irakurriena bihurtzeko enkargua eman zionean. Boylek argi du: orduko hartan, kaltetu nagusia “egia” izan zen.
Donostiako Zinemaldiak azken txanpa bizi duenean zapaldu du Kursaala Danny Boyle zuzendariak. Bezperan eman dute bere filma, Ink, urteroko film sorpresaren ohiturari jarraituta. 1969an kokatua, The Sun egunkariaren goraldiaren hasiera kontatzen du pelikulak, Rupert Murdoch aberats australiarrak egunkaria erosi eta Larry Lamb editoreari egunkari hura herrialdeko irakurriena izan zedin enkargua eman zionean. Bi gizon horien arteko bilera horrek gerora etorri diren guztien bizitzetan influentzia zuzena izan duela dio zuzendariak, urte horretan NASAk ilargira egindako bidaia baino askoz gehiago, orduan ireki baitzitzaion beste kazetaritza bati bidea, horrela esaterik badago. Bost hamarkada beranduago, egunkari hura ingelesezko irakurriena da, baina bidean egungo munduaren zutabe garrantzitsuenetako bat erori da, Boyleren hitzetan: egia.
Behin bide hori irekita, atzetik etorri dira kazetaritza zalantzan jartzen duten publikazioak, AEBetako Fox News eta bestelakoak, salatu du Boylek. Polemikoa baita The Sun, Murdoch eta Lamb heldu zirenetik ezin bestela. “Jendeak irakurri nahi duena” ematea zuen helburu egunkariak, horrela defendatzen zuten ordura arteko egunkarien ordena hankaz gora jarri eta hirugarren orrian urte luzez emakume biluzien irudiak zabaltzea. Eta hor nonbait, asmatu zuten, egunean 4 milioi irakurle baitzituen.
Beraz, erraza zitekeen Murdoch pelikulako gaizkile gisa aurkeztea, kazetaritza galbidean jarri zuena. Baina Boyle, Ink oinarri duen antzerki lana ikusi zuenean, konturatu zen aberaskume hura ez, editorea, Lamb, izan zela proiektu osoa sortu zuena. Bi gizon horiek egiari egin zioten sakrifizioaren kontrapisua egin nahian-edo, egia kontatzea erabaki zuen Boylek, eta horrela ikusten da hasierako asmoa horixe bazen ere, Murdochek izan zituela zalantzak egunkaria argitalpen konprometituak egiten hasi zenean.
Boyleren azken pelikulak kontatzen duena ez da kontu berria, jende boteretsuak komunikabideen jabetza eskuratzea ohiko kontua da. “Komunikabideen jabe boteretsuengandik babestu gaituen gauzetako bat izan dira kazetari independenteak”, azaldu du zuzendariak, eta harago joan da: “Kazetaritza independentea gure mundua eusten duten zutabeetako bat da”. Etorkizunera begira, ezkor agertu da, batez ere Adimen Artifizialaren garapenak kazetariak ordezkatzen baditu: “AAk botereari hitz egingo dio? Ez dut uste”.
Edozelan ere, pelikulan agertzen den errealitatetik oso urrun dago dagoeneko gaurkoa, komunikabideek agenda markatzen zuten eta benetan presentzia zuten garaia baita ordukoa. Sasoi horietan, kale bakar batean kokatzen zen Erresuma Batuko prentsa industria guztia, Fleet Street-en, punta batean zegoen eliza eta bestean epaitegia: “Elizaren eta Estatuaren artean zegoen”. Orduan guztiek irakurtzen zuten egunkaria, jendeak euren identitatearen erakusletzat ere eramaten zuen egunkari hau edo bestea. Horrek azaltzen du, neurri batean bederen, The Sun-ek arrakasta horren bizkorra lortu izana.
Pelikulan ageri den mugarrietako bat da Hirugarren orria delakoa: emakume biluzien orri osoko argazkia argitaratzen hasi zirenekoa, alegia. Momentu horretan Murdochek bere ezinegona jakinarazi bazuen ere, argitalpenak bere horretan jarraitu zuen oraintsura arte. Pelikulan ageri ez den arren, 2012an No More Page 3 –Hirugarren orri gehiago ez– kanpaina abiatu zuen Lucy-Anne Holmes idazleak, argudiatuta neskatoek ezin zutela emakume biluzien posterrik ikusten ibili “familiarentzako” egunkari batean. Hiru urteko kanpainaren ondoren heldu zen garaipena, eta harrezkero ez dute horrelakorik zabaldu egunkarian.
Gaia Boylek berak atera du, kazetariek galdetu baitiote ea zergatik gizonezkoen istorioak egiten dituen beti. Zuzendariak onartu du ez dakiela “horren eroso” sentituko litzatekeen emakume baten istorioa kontatzen, eta agian ezerosotasun horri heldu eta abiatu beharko lukeela emakumezko baten istorioa. Orduan aipatu du Lucy-Anne Holmes, eta gehitu: “Berari buruzko film bat egin beharko nuke”.