Asteazkenean AEBn, Danimarkaren eta Groenlandiaren artean egitekoa zen bilerak ikusmina sortu duen arren, ez da aldaketarik egon Donald Trumpek Artikoko irla bereganatzeko asmoetan. "Konkistatu egin nahi du", esan du Danimarkako atzerri-ministro Lars Lokke Rasmussenek. Europako Batasuneko hainbat herrialdek militarrak bidaliko dituzte Groenlandiara.
Washingtonen egin den bileraren aurretik, Trumpek bere sare sozialean iragarri du ez duela iritziz aldatuko eta Groenlandia AEBen "eskuetan" ikusi nahi duela. Hurrenez hurren Danimarkako eta Groenlandiako atzerri-ministro diren Lars Lokke Rasmussen eta Vivian Motzfeldt, AEBetako presidenteorde JD Vance eta estatu idazkari Marco Rubiorekin bildu dira Etxe Zurian. Han azken asteetako horma berarekin egin dute topo.
Bilera laburra izan da, apenas 50 minutukoa. "Garbi dago Groenlandia konkistatu nahi dutela", adierazi du ondotik Rasmussenek. Bere esanetan herrialdeen arteko posizioek "oso desberdinak" izaten jarraitzen dute. Motzfeldt groenlandiarrak, bere aldetik esan du Groenlandia prest dagoela "kolaboratzeko, baina ez AEBen parte izateko".
Danimarkako ordezkariaren esanetan, "guztiz onartezina" da AEBk bere "subiranotasuna" eta Groenlandiaren "autodeterminazio eskubidea" kontuan ez edukitzea. Hala ere, adostu dute lantalde bat sortzea, hitz egiten jarraitzeko
Trumpek egunak daramatza Groenlandia "modu batera edo bestera" bereganatzeko asmoak haizatzen, Venezuelan erasoa egin zuenetik. Artikoan AEBk dituzten interes "estrategikoekin" lotu du asmo hori, irla erraldoia "Txina eta Errusiaren kontrolpean geratu ez dadin". Gainera, anexioarekin, "NATO indartsuago" izango litzatekeela ere esan du presidente estatubatuarrak. Zenbait adituren esanetan, ordea, AEBen esku-hartze batek erakunde militar hori ezerezean utziko luke.
Danimarkako ordezkariaren esanetan, "guztiz onartezina" da AEBk bere "subiranotasuna" eta Groenlandiaren "autodeterminazio eskubidea" kontuan ez edukitzea. Hala ere, adostu dute lantalde bat sortzea, hitz egiten jarraitzeko.
Bestetik, Groenlandia erosteko aukera ere ez du baztertzen Trumpen administrazioak. Hala NBC News telebista kateak zabaldu duenez, salmenta horrek 700.000 milioi dolar balioko lituzke, 1867an Alaska erosteko erabili ziren 7 milioi dolarren antzekoa gaur egun. Baina Danimarkak garbi utzi du ez duela halakorik nahi.
Militarrak Europatik Groenlandiara
Testuinguru horretan, Europako Batasuneko hainbat herrialdek iragarri dute soldaduak bidaliko dituztela Groenlandiara, Danimarkarekin elkarlanean.
Oraingoz Alemaniak, Suediak, Norvegiak eta Frantziak bidaliko dituzte soldadu gutxi batzuez osaturiko delegazio militarrak, eta Kopenhagek gerra itsasontzi batzuk eta hegazkin militarrak ere mugituko ditu Artiko ingurura, herrialdeko Defentsa ministroak DJ irrati kate daniarrean jakinarazi duenez.