argia.eus
INPRIMATU
Danbadan 7.000 lagun bildu dira eta Ernaik balorazio “oso positiboa” egin du
  • Danbada jaialdiaren oso balorazio positiboa egin du Ernai ezker abertzaleko gazte erakundeak. Antolakuntzatik emandako datuen arabera, guztira 7.000 lagun elkartu dira Urduñan, eta horietatik 5.000 pertsonek lau eguneko bonoa erosi dute. Tailer eta hitzaldietan izandako parte-hartze handia ere nabarmendu dute, eta ostiralean jada, 800 lagunek baino gehiagok hartu zuten parte antolatutako ekintzetan.

ARGIA @argia 2013ko apirilaren 02a
Danbadako ekitaldi nagusia. Argazkia: Topatu.info

Ekitaldi nagusian, Gotzon Elizburuk hartu zuen hitza Ernairen izenean. "Ez dago gure borrokarako konpromisoa, gogoa eta grina gelditu dezakeen adinako indarrik", adierazi zuen. Gatazka politikoari errepasoa egin zion Elizburuk eta konponbidea Espainiako zein Frantziako estatuentzat "porrota" dela adierazi zuen. Beren aldarrikapenak ere zerrendatu zituen: aisialdi eredu sortzaile eta askea, etxebizitzaren sozializazioa, osasun eredu publiko duina, hezkuntza sistema nazionala, lanaren banaketa, amalurraren errespetuan oinarritutako bizimodua, parekidetasunean oinarritutako jendartea, gazte aske eta burujabez osatutako herria, eta Euskal Herria sozialista eta feminista.

Ekitaldiaren aurretik, Xabier Lopez Peñaren heriotza salatzeko manifestaldia egin zuten jaialdian bildutako milaka lagunek. Foruen Plazatik ekitaldi nagusia ospatu zuten guneraino joan ziren. 

Nazioarteko delegaritzak ere izan dira Urduñan, 22 guztira. Batzuk aipatzearren, Kurdistan, Herrialde Katalanak, Galizia, Palestina, Sahara, Flandria, Irlanda, Danimarka eta Norvegiatik etorriak. Horiek ere pozik joan direla adierazi dute Ernaikoek. "Elkarrekin eta elkarrengandik asko ikasi dugu eta eskainitako hitzaldi eta tailerretan izandako arrakastarekin oso-oso pozik geratu dira hamaika herritatik etorritako gazte delegaritzak".

Urduñako herritarrei eta Udalari eskerrak eman dizkiete gazteek, jaialdia antolatzeko emandako babes eta erraztasunengatik. Egunero Topatu.info gunearen bitartez jarraipen berezia egin dute, eta ondoren dauzkazue ekitaldi nagusiaren bideo laburpena, eta egunero egin dituzten web telebistako saioak.