Funtzio asko betetzen ditu D bitaminak, eta organismoko berrehun prozesu baino gehiagotan parte hartzen du. Soledad Vélez PNI nutrizionistak D bitamina gabeziaren ondorioak azaldu ditu.
Askotan hitz egiten da D bitaminaren garrantziaz, baina zer da berez D bitamina? Zein funtzio betetzen ditu? Zein sintoma sortzen ditu D bitamina gabeziak? Galdera horiek zein beste asko erantzun ditu Soledad Vélez PNI nutrizionistak. Immunitate-sistemaren eta nerbio-sistemaren arteko lotura aztertzen du psikoneuroimmunologiak edo PNIak. Horretan aditua da Vélez. “D bitaminak ez du soilik bitamina bezala funtzionatzen. Ia hormona bat da, eta organismoko berrehun prozesu baino gehiagotan parte hartzen du”.
Funtzioen artean, “nahitaezkoa” da hezurrak eta hortzak indartsu mantentzeko, kaltzioa eta fosforoa xurgatzen laguntzen duelako. Horrez gain, sistema immunologikoaren funtzionamendurako beharrezkoa da. Izan ere, prozesu infekzioso bat pasatzen duten edota gaixotasun autoimmune bat duten pertsonek D bitamina kopuru handiagoa kontsumitzen dute. Nerbio-sistemaren eta hormonen orekarekin lotura duenez, aldartea orekatzen laguntzen du. “Analisi kliniko tradizionalaren arabera, D bitamina 20 edo 30 baino gutxiago denean, urria da. Alabaina, medikuntza osagarriak defendatzen du 40 eta 60 artean izan beharko genukeela. Eta gaixotasun autoimmuneak egotekotan, 40 eta 60 artean”, azaldu du.
D bitamina jaisten denean nerbio-sistema ahuldu egiten da, neuronei ongi komunikatzen eta oinarrizkoak diren neurotransmisoreei erregulatzen laguntzen dielako. Horien artean, serotonina eta GABA edo Azido γ-aminobutirikoa erregulatzen laguntzen du: “GABA antsietatearen balazta nagusia da. Orduan, ez badugu ongi erregulatzen D bitamina, eta ez badugu behar beste serotonina eta GABA sortzen, errazagoa da burmuina alerta egoeran jartzea”. Horrek arrazoi argirik ez duten sentsazioak eragin ditzake; hala nola urduritasuna, ezinegona eta antsietatea. Serotonina faltak ere gogogabetasuna, tristura eta motibaziorik eza eragin ditzake. “Ezinegon lauso bat da. Neke emozional moduko bat edo gainezka egitearen sentsazioa. Jendeak estresarekin edo bolada txar batekin lotzen du”, esan du.
"Gaur egungo medikuntza ez da medikuntza prebentiboa, defentsiboa da. Sintoma batekin zoazenean, beste hogeita hamabost sintoma eragiten dizkizun botika bat ematen dizute"
Batzuetan beste faktore batzuekin nahasten den arren, Vélezek uste du ohiko analisi medikoetan D bitamina begiratu beharko litzatekeela: “Gaur egungo medikuntza ez da medikuntza prebentiboa, defentsiboa da. Hau da, sintoma batekin zoazenean, beste hogeita hamabost sintoma eragiten dizkizun botika bat ematen dizute. Medikuntza prebentiboa egiteko osasun ohiturak landu, eta aire librean, naturan eta eguzkitan egotearen garrantzia azaldu beharko genuke”.
Elikadurak soilik D bitaminaren %10 eta 20 artean kubritzen du. Gainerakoa, eguzkiak azalean ematean sortzen da. Pazienteen analitiketan “etengabe” ikusten du D bitamina gabezia: “Gaur egungo bizimoduarekin, ordu asko pasatzen ditugu leku itxietan. Gainera, negua eta udazkena oso luzeak diren eta eguzkia eskasia den latitudeetan bizi gara”. Gaineratu du eskola eta lan erritmoek eguzki-esposizioa txikitzen dutela, eta gainera, eguzki-kremak, beharrezkoa den arren, zaildu egiten duela xurgatzea. Horretarako, egunsentia eta ilunabarra dira ordurik onenak, eta egunero 10 eta 20 minutu inguru egotea gomendatzen du.