Currinek eta Kellyk ezin izan dute deklaratu Josu Urrutikoetxearen epaiketaren lehen saioan

  • Ostegun honetan hasi da Josu Urrutikoetxearen aurkako epaiketa Parisko Dei Auzitegian, eta ostiralean amaituko da. Defentsaren hiru lekukoetatik bik ezingo dutela deklaratu argudiatuta, epaiketaren atzeratzea eskatu du defentsak, baina epaimahaiak aurrera jarraitzea erabaki du.


2026ko apirilaren 10ean - 11:42
Josu Urrutikoetxeak Berria-k 2020ko abenduan egindako elkarrizketa batean. Berria CC BY-SA 3.0
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Josu Urrutikoetxea Euskal Herritarrok-eko parlamentaria zen 2002an Hegoaldea utzi eta klandestinitatera iragan zenean. Data horretatik eta 2005era ETAko kidea izatea leporatzen diote epaiketa honetan. Ezaguna da Urrutikoetxea ETA eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketetan aritu zela Genevan 2006an izandako bilkuretan, eta bere defentsak argudiatzen du lan horiek prestatzen jardun zuela tarte horretan, eta ETAren amaieran bere lana giltzarri izan zela.

Ikuspegi hori indartzeko hiru lekuko aurkeztu ditu Laurent Pasquet-Marinacce defentsa abokatuak: Brian Currin abokatu hegoafrikarra; Gerry Kelly irlandarra, IRAko kide ohi eta Sinn Feineko kidea; eta Veronique Dudouet alemana, gatazketako konponbide prozesuetan aditua.

Defentsak joan den urrian jakinarazi zizkion fiskaltzari bere lekukoen izenak, baina auzitegiaren eskaria oso berandu iritsi zaie Currin eta Kelly lekukoei, eta horiek ezin izan dute beren bidaia behar bezala planifikatu. Hori dela eta, defentsak epaiketa atzeratzea eskatu du, Leire Casamajou-k Berria-n argitara eman duenez. Deliberatzeko bilduta egon ondoren, epaimahaiak epaiketarekin aurrera jarraitzea erabaki du eta hala egin dute ostegun arratsaldez. Oraingoz bederen, Dudouetek soilik deklaratuko du, eta bakarrik idatziz.

Epaiketa hau egiteko hirugarren saioa da honakoa: lehena 2021eko irailean egin behar zen, baina prozedura akatsengatik atzeratu egin zen; 2025eko urrian egitekoa zen bigarren saioa, baina Urrutikoetxearen osasun egoera zela eta, berriz atzeratu zen. Hirugarren saioa da egunotakoa eta ostiral honetan amaituko da.

Espainiaratzeko zain

Garrantzi berezia du saio honek, berau amaitu ostean Urrutikoetxea Espainiaratu dezakeelako Frantziako Justiziak, Espainian irekita dituen bi auzirengatik epaitua izan dadin. Josu Urrutikoetxeak 75 urte ditu gaur egun eta, publikoa den moduan, ETAko kidea izan da urte luzez. Orain, jokoan dago aitortzea ETAren amaieran izan zuen zeregina klabea izan zela eta hori kontuan hartzea irekita dituen auzietan; eta ondorioz, ETAren desagerpenetik zortzi urtera, hori aitortzea eta libre uztea. Horregatik dira oso garrantzitsuak Currin eta Kelly, lehena euskal gatazkan bitartekari lanetan aritu zelako, eta bigarrenak oso ongi ezagutzen duelako IRAk egin zuen armagabetze prozesua.

2021eko ekainean epaitu zuten Parisko Zigor Auzitegian, 2011 eta 2013 artean ETAko kide izan zela leporatuta. Tarte horretan izandako elkarrizketa-negoziazio saio batekin lotzen zuen fiskaltzak, baina epaimahaiak erabaki zuen ez zegoela froga nahikorik garai horretan Urrutikoetxea ETAko kidea zela esateko, eta absolbitu egin zuten. Horrez gain, adierazi zuen “bakea lortzeko helburuarekin negoziatzea” ezin dela delitutzat jo.

Zaragozako Guardia Zibilaren aurka 1987an izandako atentatuagatik eta Herriko Tabernen auziagatik auzipetuta dago Espainian, eta Frantziak onartuta du horiengatik Espainiaratzea. Urrutikoetxeak beti adierazi izan du berak ez zuela zerikusirik izan Zaragozako atentatuarekin.


Euskal gatazka kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.