argia.eus
INPRIMATU
COVID-19 fokuaren ostean, Tolosako Asuncion klinika publifikatzeko eskatuko dute larunbat honetan
  • Azken egunetako koronabirus fokuaren ondoren, Tolosako Asuncion klinikako langileek salatu dute eskualde horretako erreferentziazko osasun zentroa pribatua izateak eragin zuzena izan duela kutsatze-kopuruan. Larunbatean manifestazioa deitu dute, klinikaren publifikazioa eskatzeko.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 14a
Asuncion klinikako langileak asteartean prentsaurrekoan.

Koronabirus fokua kontrolatutzat jo du Tolosako Asuncion klinikak eta ostegunean berriz martxan egongo dela iragarri du, baldin eta egoerak egonkor jarraitzen baldin badu. Hori gertatuko balitz, operazio kirurgikoak egiten hasiko dira berriz eta larrialdietara joaten diren pazienteak ez dituzte azken egunetan bezala Bidasoa Ospitalera bideratuko,

Hori bai, neurri gehigarri batzuk hartuko ditu klinikak: ingresatutako pazienteen laguntzaile-kopurua mugatuko da eta gela bakoitzeko gaixo bakarra hartuko dute. Gainera, datozen lau asteetan, zentroko profesionall guztiei PCR testak egingo dizkiete zazpi egunero. Klinikaren arabera, neurri guztiak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin adostu dira.

Nolanahi ere, COVID-19aren fokuak Tolosaldeko klinika honen ahuleziak agerian utzi ditu eta bertan lan egiten duten pertsona batzuek prentsaren aurrean hitz egin zuten astearte honetan: “Ez da kasualitatea hau Asuncionen gertatu izana”, azaldu du Ainhoa Ortizek klinikako langileen izenean. “Beste eskualde batzuetan ez bezala, hemen ospitale pribatu batek ematen du zerbitzua eta horrek zuzenean eragin du”.

Langileek urteak daramatzate lan-baldintzak hobetzeko borrokan, horrek zerbitzuaren kalitateari on egingo liokeela nabarmenduz: “Gutxi gara eta ez gara iristen. Gure partetik dena ematen dugu, baina baliabide pertsonal eta materialen faltak eragin zuzena dauka zerbitzuaren kalitatean”, azaldu du.

Langileen artean positibo kopuru handia agertu da azken egunetan (asteartera arte, 36) eta klinikako sei erabiltzailek ere positibo eman dute PCR testetan. Horren zergatia, Ortizen arabera, honakoa da: ez dutela orain arte maskara egokirik eduki, ezta babes materialik ere. “Lan baldintza txarrak” daude COVID-19aren fokuaren atzean prentsaren aurrean hitz egin duten langileen arabera.

Hori dela-eta, mobilizazioak iragarri dituzte asteburu honetarako. Larunbatean, hilak 17, 12:30ean elkartuko dira Tolosako Plaza Zaharrean “kalitatzeko osasungintza publikoa” eskatzeko. Inma Arroyo erizain eta langileen ordezkariak garbi adierazi du mobilizazio horren helburua: publifikazioa. “Bada garaia, langileok horren alde borrokatzen ari gara”.