Machadok Trump liluratu nahi, baina ezin

  • Machadok Trumpi Bakearen Nobel Sariaren domina oparitu dio, hura liluratzeko asmoz, baina estatubatuarrak ez du Machado Venezuelako agintean nahi: “Ez du herrialdearen babesik, ezta errespeturik ere”. Bitartean, Delcy Rodriguezen gobernua goxo ari da AEBekin, eta azken horiek, pozik.

Machadok Trumpi Bakearen Nobel sariaren urrezko domina oparitu dio, baina saria ematen duen erakundeak nabarmendu du ezin dela halakorik egin. @WhiteHouse

2026ko urtarrilaren 16an - 11:38
Azken eguneraketa: 12:43
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Urte berriaren hirugarren egunean AEBek Venezuela bonbardatu eta Maduro presidentea bahitu ostean, Corina Machadok, Venezuelako oposizioko pertsonaia nabarmenak, operazioa txalotu ez ezik, herrialdearen agintaritza oposizioaren esku uzteko deia egin zuen. Orduz geroztik, azken urtean ez bezala, agerraldi publiko ezberdinetan izan da, besteak beste, Leon XIV Aita Santua bisitatzen, edo, ostegunean, Washingtoneko Etxe Zurian. Bere botere nahiak, ordea, horma sendo baten kontra egin du: Donald Trump. Machado Trump liluratzeko asmoz joan da Washingtonera, eta horretarako, estatubatuarrak begiz jota zuen Bakearen Nobel sariaren jatorrizko urrezko domina oparitu dio, bere herriaren "askatasunarekiko konpromiso ukaezinagatik". Hala ere, Etxe Zuriko maizterrari arrazoi pisutsuagoak eman dizkio CIAren txostenak Machado Venezuelako agintetik aparte mantentzeko, eta prentsaren aurrean argi hitz egin zuen Maduro bahitu osteko prentsaurrekoan: “Uste dut oso zaila izango litzatekeela Machadorentzat liderra izatea. Ez du herrialdearen babesik, ezta errespeturik ere”.

Hori ez da, baina, arrazoi bakarra Trumpek Venezuelan hautsak gehiegi ez harrotzeko. Presidente estatubatuarrak jakin badaki, CIAren txostenak medio, tradizio chavistarekin hautsiko duen Machadoren gobernu batek ezegonkortasun handiegia sortu dezakeela negozio yankientzak. Izan ere, Venezuelako oposizioaren oinarri soziala ahul dago, mugimendu bolibartarrak egitura politiko batua eta indartsua mantentzen du, armadak gobernua babesten du, eta armatuta eta entrenamendu militarra jaso duten milioika herritar xume dago herrialdean, Luismi Uhartek bere analisian azaldu zuen bezala.

Machado atzeko atetik

Hala, asteazkeneko bilera “profil baxukoa” gisa izendatu dute hedabide eta analista gehienek. Izan ere, bileraren diskrezioak kontrastatu du Trumpen administrazioak nazioarteko bisitei egin ohi dien harrerarekin. Etxe Zuriko sarrera nagusian eta prentsaren aurrean elkarrekin agertu ordez, atzeko atetik sartu da Machado bilerara. Amaitzean gerturatu da itxoiten zituen prentsa eta bere jarraitzaileengana, eta adierazi du “Trumpen laguntza” izango dutela Venezuelaren “askatasuna” lortzeko. 

Bere aldetik, Delcy Rodriguez jarduneko Venezuelako presidenteak diskurtso diplomatikoa erabili du Trumpekin mintzatu ondorengo agerraldian. Miraflores jauregian kazetariei adierazi moduan, aldeek “elkar ulertzea” sustatu behar da, “desberdintasun politikoak” gorabehera. “Ez dugu onartuko ez gorroto mezurik, ez indarkeria ekintzarik”. Jakinarazi du, bide batez, azkeneko bi asteetan laurehun preso pasa askatu dituztela. Bere aldetik, Trumpek, dei horren ostean adierazi du Rodriguez "pertsona zoragarria" dela, eta harekin "oso ondo" lan egin dezakeela: "Eskatzen diogun guztia egiten ari da".

Bien bitartean, AEBetako erakundeak ez dira gai herrialdea bere mugetatik kanpo egiten ari diren operazioei mugak jartzeko. Hain zuzen, AEBetako Senatuak blokeatu egin du Donald Trump presidenteak Venezuelan ekintza militar gehiago egin ditzan eragoztea helburu zuen lege bat, eta hortaz, Trumpek Venezuelan esku hartzen jarraitzeko oztopo bat gainditu du. Bozka bakarreko aldearekin irabazi dute bozketa. Alderdi Errepublikarrak osoko bilkuran adierazi du “garrantzi gutxi” zuela lege proposamenak, AEBek Venezuelaren aurka egindako ekintza militarrak “bukatu” direla argudiatuta. 

Orain, Trumpek Bakearen Nobel saria bere etxean du, egunero-egunero 50.000 petrolio upel jasotzen ditu Venezuelatik, eta beste petroliontzi bat konfiskatu du Karibeko uretan (blokeoa iragarri zuenetik seigarrena).


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Venezuela kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.