Corellako ikastetxe publikoetan euskarazko ereduei oztopoak jarri dizkietela salatu du guraso talde batek

  • Matrikulazio epea irekita da Nafarroan eta ikasleak D ereduan matrikulatzeko kanpaina betean ari dira ikastetxe, elkarte eta instituzioak. Ez denak, ordea, oraindik ere bada jarrera oztopatzaile ugari, esate baterako Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuan edo Ciudad de Corella ikastetxean, herriko guraso talde batek salatu duenez.


2026ko urtarrilaren 23an - 10:01
Azken eguneraketa: 14:08
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Joan den irailean Corellako guraso talde batek salatu zuen, Ciudad de Corella Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoko 11 familiek D ereduko lerroa irekitzeko eskaera egin zutela Hezkuntza Departamentuan. Horrek ezezkoa eman zien, eskaerak Nafarroako eskola mapa aldatzea zekarrela argudiatuta, horretarako protokolo zehatz bat jarri behar dutela martxan eta aurtengoan ezin zutela. Gomendioa izan zen egiteko berriz eskaera 2026-2027 ikasturterako.

Egin dute berriz eskaera gurasoek eta orain, salatu dutenez, ikastetxeko zuzendaritzatik datozkie trabak. Berria-k dioenez, familiek adierazi dute zentroko zuzendaritzatik esan zaiela D ereduan matrikulatuz gero “Corellatik kanpo” aterako beharko dutela ikastera.

Hori ez dela egia zehaztu dute familiek eta uste dute gisa horretako mezuekin ikastetxeko zuzendaritzak mezu okerrak zabaltzen dituela. Salatu dute, halaber, zuzendaritza horrek ez diela D ereduaren gaineko informaziorik ematen guraso immigratzaileei.

Jesús Rodríguez Hernández da zentroko zuzendaria, UPNko militantea eta alderdi horretako zinegotzi ohia Corellako Udalean. Familiek salatzen dutenez, Rodriguezek “bere ideologia politikoaren zerbitzura” jarri du ikastetxeko zuzendaritza. Corellako hainbat herritarrek, halaber, salatu dute Alhama Bigarren Hezkuntzako Institutuan ere trabak izan direla aurtengo ikasturtean A eredua lerro bat irekitzeko.

Ez dira berriak Nafarroako euskaldunek euskarazko lerroak irekitzeko dituzten zailtasunak. Corellako kasuari begira, adibidez, sektore euskaltzaleek diote Hezkuntza Departamentuak aitzaki gisa erabiltzen duela eskola maparena, berez ez legokeelako inongo arazorik egon behar lehenik D ereduko lerroa irekitzeko eta gero eskola mapa aldatzeko.

 


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Euskara Nafarroan kanalean gehiago
2026ko martxoaren 22
Korrika Iruñean / Irauli egitasmoa martxan
Iruñea iraultzeko, begirada luze eta pausoak motz

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...