LGS negoziatzera ukatzeagatik salatu zuten EAEko patronala ELA eta LABek. Asteazkenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Confebaski eman dio arrazoia, negoziaketa horiek Espainiako Gobernuaren eskumenekoak direla argudiatuta. Sindikatuek helegitea jarriko diote ebazpenari, eta martxoak 17ko greba “inoiz baino beharrezkoagoa eta zilegiagoa” dela adierazi dute.
LGS Lanbide arteko Gutxieneko Soldata aldarri duen martxoaren 17ko greba deialdiaren atarian, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arnasa eman dio Confebask EAEko patronalari. Urtarrilaren 20an ELA eta LAB sindikatuek auzitegira jo zuten Confebasken kontra, patronalak “laugarren aldiz uko" egin diolako EAErako gutxieneko soldata ezarriko lukeen negoziazio mahaia eratzeari. Sindikatuek defendatzen dute Langileen Estatutuak EAEko hitzarmen eta akordioei lehentasuna ematen dien unetik, “bi aldeek bertako negoziazio kolektiboa garatzeko obligazioa” dutela. Are, estatutu berean jasotzen den “fede onez negoziatzeko betebeharra” mahaigaineratu dute. Kontrara, Confebaskek argudiatu du negoziaketa horiek Espainiako Gobernuaren eskumenekoak direla, Langileen Estatutuaren 27. artikuluak jasotzen duen moduan. Auzia aztertu ostean, asteazkenean, magistratuak patronalari eman dio arrazoia.
EAEko Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak uste du patronalaren negoziatzeko gaitzespena justifikatuta dagoela. Auzitegiak zehaztu duenez, sindikatuek eskatzen duten "gutxieneko soldata edo ordainsari horrek EAEn lan egiten duten pertsona guztiei eragingo lieke", eta, beraz, ez da "hitzarmen-soldata profesional bat", "lanbide arteko gutxieneko soldata edo ordainsaria" baizik, "langile guztiei" aplikatuko zaien heinean. LGS hori urtero finkatzeko eskumena, baina, Espainiako Gobernuari esleitzen dio Langileen Estatutuaren 27. artikuluak, eta horri eutsi dio epaileak. "EAEn zerbitzuak ematen dituzten langileen gutxieneko soldata edo ordainsariaren gaia ezin denez negoziazio kolektiboan eztabaidagai izan, ezin da ulertu salatutako enpresa-erakundeak urratu egin duenik Langileen Estatutuaren 89. artikuluan oro har ezartzen den negoziazio-betebeharra", ondorioztatu du magistratuak.
Bidea ez da hemen amaitzen
Hala ere, epaia ez da irmoa, eta sindikatuek dagoeneko jakinarazi dute helegitea jarriko diotela ebazpenari. Adierazi dute epaiaren argudio garrantzitsuena izan dela sindikatuek eta patronalak ezin dutela “prestazio sozialen zenbatekoan eragina izango duen gutxieneko soldata negoziatu”, baina sindikatuek argi dute epaia “salaketari erantzuten ez dion interpretazio batean" oinarritzen dela. ELA eta LABek azaldu dute ez dutela inoiz eskatu patronalarekin prestazio sozialekin lotutako alderdirik negoziatzea, baizik eta “lan-harremanetan eragina izango zuen gutxieneko soldata bat soilik”. Sindikatuek argia ikusten dute bide horretan, epaiak ez duelako ukatzen soilik lan-harremanetan eragina izango zuen gutxieneko soldata negoziatzea, eta bide hori jorratuko dutela adierazi dute.
Oihana Lopetegi LABeko Ekintza Sindikaleko idazkariak azaldu du patronalak estatu mailako marko juridikoa baliatzen duela “langileen prekarizazioa ahalbidetzeko”, eta jokabide hori ez dela salbuespena : “Etxeko langileen hitzarmen kolektiboan, kimikaren sektorean edota beste hainbat esparrutan ere negoziatzeari uko egin dio”. Gainera, sindikatuek salatu dute patronalaren negoziatzeko ezezko jarrerak “talka" egiten duela Eusko Jaurlaritzaren eta EAJ eta PSE-EE alderdien diskurtsoarekin. Izan ere, sindikatuek Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako Herri Ekimen Legegileari betoa jarri zioten, gutxieneko soldata ezartzeko bide egokiena “patronalarekin akordioa lortzea” zela argudiatuta.
Ondorioz, sindikatuek azpimarratu dute martxoaren 17ko greba orokorra “inoiz baino beharrezkoagoa eta zilegiagoa” dela, gutxieneko soldata propioa “ezinbesteko tresna” delako “prekaritateari eta pobreziari mugak jartzeko, arrakala sozial eta ekonomikoen aurka egiteko eta aberastasuna modu justuagoan banatzeko”. Adierazi dute borroka bide guztiak erabiliko dituiztela, izan epaitegietan, kalean edo lan-zentroetan; eta “patronala negoziatzera behartzeko ekimen politiko berriak” jarriko dituztela martxan. Amaitzeko, Euskal Herriko langile guztiei greban parte hartzeko deia egin diete.